6/10/13

'Gravity' (2013)


Dena galdutzat eman ala borrokatzen jarraitu?


Tentsioa, suspensea, emozioa… hori guztia topa dezakegu ‘Gravity’ pelikulan, 3D formatuan ikustea merezi duen azken esperientzia zinematografikoa. Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren azken pelikula hipnotikoa da zenbait aspektutan. Istorioaren sinpletasunak, era txukun eta berritzaile batean grabatutakoa, hasieratik harrapatzen zaitu.

Ryan Stone doktorea (Sandra Bullock) eta Matt Kowalsky astronauta (George Clooney) istripu larri baten biktima izango dira. Satelite baten suntsiketa dela eta, hondakin ugari solte geratu dira, espazio zabalean sakabanatuta. Abiadura handiz mugitzen diren hondakin horiek protagonisten kontra talka egingo dute. Dena guztiz suntsituta geldituko da. Talka dela eta, NASArekin komunikazioa galdu dute. Bakarrik daude, ezerezean galduta.




Dena galduta dagoela dirudienean soilik bi aukera daude: porrota onartu ala azken arnasa agortu arte borrokatu. Hori izango da Ryan doktorearen kezka nagusietako bat. Emakumeak, bere kideak bezala, espazioan Lurran topatzen ez duen bakea topatu du. Ez du ezer galtzeko, jada dena galdu duelako. Hala ere, borrokatzen jarraituko duen emakumea izango da.

Nire ustez, pelikularen elementu aipagarrienak bere irudien indarra eta soinu elementuen bidez eraikitzen duen atmosfera ikaragarriak dira. Pelikularen hasiera itzela da, isiltasunean, espazioaren iluntasunak Lurraren argitasunarekin talka egiten du. Une horretan, 3D formatuak bere funtzioa ongi betetzen du. Pertsonaiekin batera flotatzen dugu, oztopoak gainditzen ditugu eta kolpeak jaso ere. Astronauten arropak janzten ditugu eta ia bere erritmoan arnas hartzen dugu. 3D formatuak istorioa osatzen du, eta hala izan behar du.

Steven Pricen soinu banda nahiko ona iruditu zait, soinu metalikoak bat-bateko isiluneekin tartekatzen ditu tentsio handia sortuz; eta orkestra atalari dagokionez hunkitzeaz aparte, ukitu epiko bat gaineratzen dio istorioari.


Gero aktoreen lana dago, kasu honetan bi dira protagonista bakarrak. George Clooneyk lan zuzena egiten du, tentsioa lasaitzeko pertsonaia da berarena, eskertzen den ukitu komikoa. Baina pelikularen protagonista absolutua, piropo gehien merezi dituena Sandra Bullock da, bai. Bere lana, oso ona da.

Cuaronen zuzendaritza bikaina, irudi ederrak, aktoreak, harrapatzen zaituen gatazka, iraupena… Esan bezala, esperientzia zinematografiko ona. Zientzia fikzioaren barruan pelikula gogoangarria? Batek daki. Hori bai, ‘Gravity’ pelikula guztiz gomendarraria da, zineman ikusi beharrekoa, ahalik eta pantaila handienean.

Xehetasunak (spoilerrak)

‘Gravity’ pelikulan bada maitemindu nauen plano bat: Ryan doktorea fetu jarrera hartzen duen planoa. Lehen aldiz babesten denean. Lasaitasun une bat da berarentzat, kapsula horren baitan babestuta dago. Pertsonaiaren garapenari dagokionez, bere “ni” berriaren lehen pausua izango da. Esperientzia inflexio puntu bat izango da berarentzat. Ryan doktorearen “berpiztea” bezala definitu dezakegu gertakizun hori. Airea berriz hartzeko borroka, lehen pausuak berriro emateko unea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario