22/10/13

'Happythankyoumoreplease' (2010)


Ez gara perfektuak


‘Happythankyoumoreplease’ Josh Radnor aktoreak zuzendutako lehen pelikula da. Izenburu bitxia, ezta? Josh Radnor Ted Mosbyren pertsonaiagatik ezaguna da batez ere (‘How I met your mother’). Kasu honetan pertsonaia hori alde batera uzten saiatzen da, nahiz eta zaila izan. ‘Happythankyoumoreplease’ pelikula nahiko sinplea da, atsegina. Hiru istorio gurutzatzen dira, batzuk besteak baino interesgarriagoak. Modu apur bat behartuan gurutzatuko dira euren istorioak, baina beno.

Radnor pelikularen protagonista da. Sam Wexler da bere pertsonaia. Eleberri bat publikatu nahi duen idazlea da, baina momentuz berak idatzitako istorioek ez dute editorialen interesa pizten. Jasotzen duen kritika zorrotzena bere eleberriaren pertsonaiekin zerikusia du. Dirudienez, Wexlerrek idatzitako pertsonaiak ez daude ongi garatuta eta definituta; hau da, irakurlea pertsonaien alde ala kontra egon behar da?



Antzeko zerbait gertatzen da pelikularen pertsonaiekin: galduta daude, dudatsuak dira eta etorkizunak kezkatzen die. Batere errazak ez diren erabakiak hartu behar dituzte, eta erabaki horiek eztabaidagarriak izango dira zenbaitetan. Bidean sakrifizioak egin behar dituzte, esker onekoak izaten ikasi, beldurrak gainditu, arriskatu… eta guzti horren gainetik, perfektuak ez direla onartu beharko dute.

Sam Wexlerrek inspirazioa galdu du. Egun batean, metroan galdu den ume batekin topo egingo du. Umea poliziarengana eraman ordez, zaintzea erabakiko du, etxera eramango du. Umeak ongi marrazten duela ikusiko du, potentzial handiko artista da. Baina, zuzen jokatzen ari da? Idazleak badaki modu berekoian jokatzen dagoela, hau da, bere istorioa aurkitu egin duela uste du, eta ez dago hori “askatzeko” prest. Arlo sentimentalari dagokionez, maldan behera dabil, frenorik gabe. Wexlerrek Mississippi (Kate Mara) ezagutuko du, bere bizitzari baikortasuna gaineratuko dion emakumea.

Bestetik Annie dugu (Malin Akerman), Samen lagun minena eta konfidente nagusia. Anniek alopezia du, baina bizitzaren aurrean jarrera baikorra du: arropa koloretsuak janzten ditu eta sendo ageri da jendearen aurrera. Baina gero, apur bat hipokrita dela pentsatzen dut. Hau da, Anniek amodioari dagokionez jendearen itxura fisikoa bigarren mailako elementua dela defendatzen du; baina gero berak mutil-katxarroetan fijatzen den lehena da. Begiak itxita dituen eszena batean entzundako hitz goxo batzuei esker, bere akatsaz jabetuko da.

Azkenik, eta amaitzeko, erabaki garrantzitsu bat hartu behar duen bikotekide bat dugu: Charlie eta Mary Catherine. Bikotekideak hainbeste miresten duten New Yorken geratzea ala Los Angelesera lan arrazoiengatik joatea erabaki beharko dute. Bikote ederra osatzen dute, baina euren atala pelikularen atal estereotipatuena da.


Protagonistek hogeita hamar urte inguru dituzte eta konpromisoari beldur diote. Euren bizitza arrunta bizitzen dute New York magiko, zoragarri eta zinematografikoan. Josh Radnorek zuzendutako lehen pelikula lan interesgarria da, sinplea, baikorra, baina irregularra. ‘Happythankyoumore’ pelikulak proposatzen duen istorioan sartzea erraza da, edota pertsonaiekin noizbait identifikatuta sentitzea. Pelikula atsegina. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario