3/10/13

'Ikiru' (1952)


Bizitzaren balioa


Akira Kurosawak zera esan zuen: “soilik bizitzaren balioaz ohartzen gara heriotza hurbil dagoenean”. Zuzendari japoniarrak ideia hori ‘Ikiru’ pelikulan erakustea erabaki zuen, bizitza eta heriotzaren inguruko erreflexioa egiten duen drama honetan (bizitzaren zentzua, munduan betetzen dugun papera, aztarnak uztearen nahia…). Drama bitalista, baina zenbait aspektutan ezkorra (gizarteari eta klase politikoari dagokionez adibidez, korrupzioa, lan gaitasun eza… eta bestelakoak kritikatzen ditu Kurosawak, besteak beste).

Narratzaile batek pelikularen protagonista aurkezten digu: Kenji Watanabe jauna. Watanabek 25 urte baino gehiago daramatza funtzionario gisa lanean, egun bat ere ez da falta. Medikuak minbizia duela esan dio, bere bizitza itxaropena sei hilabetekoa da. Albiste txar hori jaso ondoren, Watanabek bere bizitza birpasatzen hasten da, bere lorpenak. Baina, zeozer esanguratsu egin ote du? Aipatzea merezi duen zerbait?




Errutinak Watanaberen bizitza kontsumitu du. Bere lana mekanikoa bihurtu da, ez du pasiorik erakusten egiten duenagatik. Semearekin duen erlazioa nahiko txarra da, erlaziorik ez dagoela esan dezakegu arazorik gabe. Semearen kexka nagusia aita hiltzean utziko dien diru kopurura mugatzen da. Hala ere, gauzak aldatzeko beranduegi da, galdutako hori ezin daiteke berreskuratu, beraz, atzera begiratzeak ez du zentzurik.

Denbora aurrera doala kontuan hartuta, Watanabe bere jarrera aldatzen saiatuko da. Galtzekorik ez du, bere momentua bizitzea erabakitzen du, eta lehen aldiz, bizirik sentituko da. Horretarako pertsonaia ezezagun eta nahiko bitxien laguntza jasoko du. Epe labur horretan Watanabek mundua ikusiko du. Idazle mozkor bat bere mentorea izango da, jarraitu beharreko bidea erakutsiko diona. Gero neska gazte eta alai batek lortu behar duen helmuga zehazten lagunduko dio.

Pelikulak bi atal ditu, lehenengoa bizitzan oinarritzen da. Atal pertsonala eta Watanabe jaunaren eraldaketan oinarritutakoa. Bigarren atala heriotza hartzen du oinarri gisa, eta politikoagoa dela esan daiteke, ezkorragoa. Bidean, Watanabe jauna bizitzan hilda egotetik, oroitzapenean bizirik egotera igaro da.

Watanabe beraz Kurosawaren beste samuraietako bat izango da. Samurai bat zehaztutako helburua lortu arte borroka egingo duen pertsona bat dela kontuan hartzen badugu, Watanabe jauna samurai bat izango den pertsona arrunt bat dugu. Bere “zigilua” utziko du gizartean (bere lana dokumentuetan zigiluak jartzean datza). Drama ona, agian pixka bat luzea, dramatismoa leuntzen saiatzen dena narratzailearen ahotsarekin. Bizitzaren inguruko erreflexioa, eta balore etikoak galdu dituen gizarteari egindako kritika.

No hay comentarios:

Publicar un comentario