5/3/12

'The Apartment' (1960) - Apurtutako ispilua

Billy Wilderrek zuzendutako filmen aste 'berezi' honi  hasiera emateko, 'The Apartment' aukeratu dut. Nahiz eta komedia erromantiko gisa definituta egon, nire ustez, tragikomediara hurbiltzen den pelikula da. Wilderren filmeetan beti klasikotasun ukitu bat antzeman daiteke, eta 'The Apartment' horren adibide dugu. Pelikula 1960an estreinatu zen, zuri beltzean.

Wilderrentzat Jack Lemmon gizon arruntaren rola hobeto betetzen zuen aktorea zen, bere 'John Doe' partikularra, C.C.Baxter perfektua. Zazpi pelikula desberdinetan kolaboratu zuten, bere aktore fetitxea zen. Lan talde bikaina osatzen zuten.


C.C.Baxter (Jack Lemmon) enpresa erraldoi bateko langile bat da,  inori axola ez dion "inurri" bat. Baxterrek bi helburu ditu bere bizitzan, amodioa eta lana. Amodioari dagokionez, Baxter Fran Kubelikez (Shirley McLaine) maitemintzen da, enpresaren igogailuzainetako bat da Fran. Lanari dagokionez maila-igoera bat lortu nahi du bere errutinaz nazkatuta baitago, hori dela eta bere apartamendu txukuna nagusien esku utziko du, bertara euren "affair"-ak eraman ditzaten. Mesede horiei esker, Baxterrek desiratutako igoera lortzen du. Billy Wilderrek istorio honen bidez amerikar gizarte eta sistema kapitalista zeharka kritikatzen du, gezurretan eta mozorroetan oinarritutako gizarte bezala erakutsiz.

Pelikulan bada maite dudan eszena bat, elementuen erabilpen onaren adierazle dena. Baxterrek Fran Kubelik bere bulegora gonbidatzen du bere igoeraren berri emateko eta erosi berri duen kapela erakusteko. Baxter une horretan zoriontsu da, arrakastatsu sentitzen da. Baxterrek Kubelik-i galdetzen dio ea kapela gustuko duen ala ez, eta honek ispilu txiki bat usten dio bere burua ikus dezan.

Baxterren aurpegia erabat aldatzen da Fran Kubeliken ispilua ikusterako orduan, bere zoriontasuna erabat desagertzen da, triste dago. Ispilu hori aurreko gauean aurkitu zuena zen; Sheldrake jaunari, bere nagusiari, goizean goiz bueltatu dion ispilu berdina. Kubelik bere nagusiaren amorantea dela jabetzen denean, Baxterren aurpegian mina islatzen da, dezepzioa agian. Biak galtzaileak dira, apurtutako ispiluak. Berdinak dira.

  
Baxter (Jack Lemmon): "Ispilua... Apurtuta dago".
Kubelik (Shirley McLaine): "Bai, badakit. Modu horretan gustatzen zait. 
Horrela, ispiluak sentitzen naizen moduan islatzen nau".

Duintasuna da geratzen zaien gauza bakarra eta honen alde borrokatzeko gogo gutxi dutela dirudi. Esan bezala elementu desberdinek, hala nola kapelak eta ispiluak, esanahiez hornitzen dute eszena arrunt bat izan zitekeena. Pelikula hau asko gustatzen zait, kontatzen duen istorioa eta agertzen diren pertsonaiak errealak iruditzen zaizkidalako, eta behin baino gehiagotan aipatu dudanez, tragikomikotasuna gustuko dudalako.

Kuriositate gisa, Billy Wilderrek Shirley McLaine eta Jack Lemmonen arteko kimika eskasa izango zela pentsatzen zuen, baina oker zegoen. Bikotearekin errepikatuko zuen "Irma la Douce" (1963) pelikulan. Pelikula hau musikal bat bezala planteatu zen, baina azkenean ideia hori ukatu eta komedia erromantikoan bilakatu zen. Pelikula alai eta koloretsua, 'The Apartment'-en kontrakoa ia,  fikziozko Paris baten kaleetan kokatzen da eta gainera, amaiera nahiko kuriosoa du. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario