22/3/12

'Reality Bites' (1994) - Errealitaterako toki gutxi

Pelikula hau baloratzeko orduan beti zalantzak ditut. Orokorrean gustuko dudan pelikula da, istorio polita. Baina, amaieran topikoetan erortzen da. Ben Stiller aktoreak zuzendutako pelikula honek hasiera ona du, planteamendua sendoa da, dokumental formatua eta fikzioa nahastuz hasten da. 90ko hamarkadaren gazteen arazoen isla izan nahi duen pelikula dirudi, eta esan bezala, hasierako partean pelikula desberdina izatea lortzen du.

Pelikula korala izan daitekeen arren, Lelaina da garrantzi gehien hartzen duen pertsonaia; hots, Winona Ryderren pertsonaia. Lelainak 23 urte ditu, ikus-entzunezko munduan dabil galduta, eta horrek nolabait berarekin identifikatuta sentiarazten nau, agian horregatik gustuko dut pelikula. Lizentziatu berri den emakume gazte hau ez da etorkizuna definitzeko kapaz, lanetik bota berri dute, eta honen helburu nagusia bera eta bere lagunak bizitzen ari diren errealitatea "kapturatzea" da geroago grabatutako materiala dokumental batean bihurtzeko.


Istorio honen pertsonaiek pelikulan dioten bezala identitate propio baten falta dute, estereotipoz betetako gizarte baten baitan galduta dabiltza, eta euren identitatea, euren tokia aurkitzeko gai izan behar dira. Filosofia horren defendatzaile nagusia Troy da, Ethan Hawken pertsonaia. Oso azkarra den mutil alferra, "filosofoa", gizartearen hipokresiaz nazkatuta dagoena. Honek defendatzen du bakoitzak bere kabuz pentsatzeko gai izan behar duela, eta ez besteek inposatutako hori onartzera mugatu.

Lelainak grabatutako "errealitate hozkada edo ziztada" horretaz, honen ingurukoen errealitate horretaz, sozietateak barre egingo du. Zalantza eta kezkaz betetako gazteria batez barre egiten dute gizarte zein hedabideek. Pelikula erromantiko honek pesimismo kutsu bat duela uste dut, Troyren pertsonaian islatutakoa. Hasieratik defendatzen du originaltasuna, desberdina izatea, filosofia, gizartearen arauen kontra egitea... Baina amaieran bere filosofia hori zapuztuko du, aldaketa hau, traje baten bidez adierazita. Horrek Hollywoodeko maitasun istorio tipikoan bihurtzen du pelikula, eta hasieran planteatzen zuen gazteria zalatzailearen irudia lurperatzen du. Hala ere, esan bezala, gustuko dudan pelikula bat da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario