18/3/12

'The Ides of March' (2011) - Leialtasuna eta traizioa

George Clooneyk zuzendariaren rola hartzen du berriz ere thriller politiko honetan. Clooneyk politikaren aspektu guztiak jipoitzen ditu lan honekin. Stephen Meyers (Ryan Gosling) dugu pelikularen protagonista. Gazte idealista honek, Paul Zaparekin batera Mike Morris (Clooney) hautagai demokrataren kanpaina zuzentzeko ardura du.


"The Ides of March"-en hauteskunde kanpaina baten tripak edo "banbalinak" ikusten ditugu, politikaren antzerkia. Kanpainaren zuzendaria da boterearen harien kontrolatzaile, hau da, dena bere kontrolpean du. Pelikulan zehar pertsonaiek leialtasun eta traizioaren inguruan hitz egiten dute. Guztiek zikin jokatzen dute, dena da harrokeria eta hipokresia. Azken finean, balore guztiak alde batera uzten dira; leialtasun guztiak desagertzen dira, boterea lortzeko bidean. Pertsonaiak soilik bere buruari leial dira, bere anbizioaren mesedetan jokatuko dute beti.

Stephen Meyerek bere konfidantza guztia jarriko du Mike Morrisengan. Dena perfektua dirudi turbulentziak agertzen diren arte. Stephen Meyer, berak defendatzen duen hautagaia zikin jokatzen ari dela ohartzen den arte. Hortik aurrera bere jokabidea aldatuko da. Txantaje eta traizioak kamara atzean. Pelikulak baita erakusten du prentsa eta politikaren harremana zaindu beharrekoa dela, akaso ez dira prentsa eta politika lagun minak?


Thriller politiko ona, ondo zuzendutakoa eta egituratutakoa, tentsioa areagotzen doa amaierara heldu heinean, motz egiten da. Honetan asko laguntzen du Alexader Desplaten musika. Pelikularen aktore taldea luxuzkoa da, hauen artean Ryan Gosling nabarmentzen da. Modan dagoen aktore honek begirada hotzena erakusteko gaitasuna du, "Drive"-n hala egin zuen, eta "The Ides of March"-en berriz ere lortzen du. Gero eta gehiago gustatzen zait.

Orokorrean pelikulak helburu kritiko edota salatzaile bat du, baina "maltzurragoa" izan zitekeen. Sexu jazarpenaren trama thriller politikoetan "cliché" bilakatzen hasi da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario