6/3/12

'Sunset Boulevard' (1950) - "Nire lehen planorako prest nago"

Zine mututik soinurako trantsizioa erakusten duten filmen artean Billy Wilderren "Sunset Boulevard" melodrama aurkitzen dugu. Pelikula iluna da eta trantsizio honek eragin zituen ondorio negatiboak erakusten ditu. Narrazio bitxia du pelikulak, hasieran ikusten duguna ikuslearen interpretazioa erabat baldintzatzen duelako, hildako pertsona bat da narratzaile, Joe, idazlea eta gidoilaria (William Holden).

Joe bozeramaile gisa erabiliz, Norma Desmond (Gloria Swanson) aktoresaren istorioaren berri dugu. Norma Desmond zine mutuaren garaian izar handi bat izan zen, baina soinua heldu zenean bere ahotsa aproposa ez zela argudiatuz, pantailetatik baztertu egin zuten. Joeren heriotza aitzaki gisa hartuz Norma Desmonden bizitza hobeto ezagutuko dugu, izar baten dekadentzia, Normaren infernurako jaitsiera. Horretarako konpainia ezin hobea izango du Normak, Sunset Boulevard pelikulan Eric von Stroheim, Buster Keaton edo Cecil B. De Mille, zine mutuaren garaiko pertsona garrantzitsuak, ikonoak, ikusten ditugulako.

Norma Desmond-en istorioa nolabait Gloria Swansonek bizi zuenarekin lotuta dago, beraz, ondoko galdera planteatu dezakegu, noren bizitza ikusten ari gara pantailan? Norma Desmond ala Gloria Swanson berarena? Maitasuna, gorrotoa, ezinegona eta zoramena ikusten ditugu pelikula honetan. Melankoliaz begiratzen du atzera, Hollywoodeko urrezko garai horretara.


"Bazen garai bat non mundu guztiaren begiraden objektu ziren. Baina hori ez zen nahikoa. Ez horixe. Mundu guztiaren entzumenaren jabe izan behar zuten ere. Orduan bere ahohandiak zabaldu eta hitz egiten hasi ziren. Hitz egiten! Hitz egiten! Hitz egiten!"

Hitz hauekin Norma Desmondek soinuari zion gorrotoa adierazten du. Zine mutuan eszenarioak erraldoiak ziren eta interpretazioak keinuen gehiegizkotasunaren menpe zeuden. Norma Desmonden inguruan dagoen guztia ia barrokoa da, erraldoia, gehiegizkoa, faltsua. Gloria Swansonek bere bizitzaren interpretazio hoberena egiten du, ikusten duguna berari bizitza errealean gertatu zitzaionaren hurbil dagoelako, ideia hau indartzeko helburuarekin, pelikulan Gloria Swansonen lehen lanen artxiboko irudiak ikusten ditugu. Melodramaren generoan "Sunset Boulevard" maisu lan bat dela uste dut. Pelikulan Norma Desmonden zoramenaren sinbolo bilakatzen diren zenbait elementu aurkitzen ditugu, hala nola, ispiluak, makilajea, jantziak edo mozorroak.

"Sunset Boulevard"ek nire ustez gidoi oso ona du, esaldi esanguratsu eta kritikoez betetakoa. Billy Wilderrek pelikulei amaiera dotore bat emateko orduan esku ona zuen, eta melodrama hau horren eredu da. Pelikula honen amaierako eszena itzela iruditzen zait, Norma Desmond eskaileretatik jaisten, eta kamerara hurbiltzen doa bere irudiak fokua galtzen doan bitartean; nolabait Norma Desmond "mamu" batean bilakatzen da kameraren aurrean.


"Ikus dezakezuenez, hau da nire bizitza. Beti izan da. Ez dago besterik. Soilik gu, eta kamerak, eta kanpoan, iluntasunean, dagoen jende zoragarria. Oso ondo, De Mille jauna. Nire lehen planorako prest nago".

No hay comentarios:

Publicar un comentario