8/3/12

'The front page' (1974) - Esklusibaren bila

Howard Hawks zuzendaria Billy Wilderren mentoreetako bat izan zen, horregatik Wilderrek "His girl Friday" (1940) Hawksen pelikularen remake bat egiteko eskaintza jaso zuenean, gustura onartu zuen.

Chicago, 1929. Prentsa gela batean bildutako zenbait kazetari, Earl Williams izeneko presoaren exekuzioaren zain daude, epaiaren baieztapen ala azken uneko indultua zein barkamena itxaroten. Edozerk balio du titular erakargarriena eta informazio esklusiboena lortzeko, nahiz eta etika zein moralaren  kontra egon. Hildy Johnson (Jack Lemmon) 'The Chicago Examiner' egunkariaren kronista nagusia da, Earl Williamsen prozesua hasieratik jarraitu duen arren dena bertan behera uztea erabakitzen du bere neskalagunarekin ezkontzeko. Walter Burnsek (Walter Matthau), honen nagusiak, ez du hori onartuko eta edozer egingo du bere langile hoberena kazetari lanean jarrai dezan. 


Billy Wilder gidoilaria izan aurretik kazetaria izan zen; honen filmografian bi pelikula aurkitzen ditugu kazetarien jardunaren inguruan. Batetik "Ace in the hole" (1951) non Kirk Douglasek zauritu baten agonia luzatzen duen, ahalik eta erreportaje esklusibo eta morbosoena idazteko. Bestetik, aztergai duguna, "The front page" (1974). Bietan kazetarien zinismoa erakutsi eta kritikatzen du Wilderrek, gezurrez eta gehiegikeriez betetako albisteak, moralki zalantzak sor ditzaketen ekintzen defentsa... Guzti honen helburu bakarra, ahalik eta egunkari ale gehien saltzea da.

Erritmo bizia duen komedia dugu hau. Howard Hawksen lanean Hildyren rola Rosalind Russell aktoresak betetzen zuen eta Walter Burnsena Cary Grantek. Honetan, maitasun istorio klasikoa ematen da, hau da, heroiak neska lortuko du sari gisa. Aldiz, Billy Wilderren lanean Hildyren rolean Jack Lemmonekin topo egiten dugu, beraz, bi protagonisten arteko "maitasun istorioa" desagertzen da, edo... Hildy eta Walterren amodio-gorroto harremana, "bromance" baten adibide izan daiteke?

Istorioaren oinarri berbera da, baina Wilderren moldaketak "mala letxe" gehiago du, eta horrek mesede egiten dio. Walter Burnsen eskrupulurik gabeko egunkari baten zuzendariaren pertsonaia oso ona da. Matthau eta Lemmonen artean kimika handia zegoen eta hau pelikula desberdinetan ustiatzen jakin zuten. Wilderrekin guztira hiru pelikula egin zituzten: "The fortune cookie" (1966), "The front page" (1974) eta Wilderren azken pelikula izango zena, "Buddy, Buddy" (1981).

Ondo landutako pertsonaiak eta istorioa, erritmo bizia duena gainera... Pelikularen elementu guztiek egiten diote komikotasunari mesede. Eszena guztien artean hau aukeratu dut, albiste bat nola idatzi behar den jakin nahi? Klikatu bideoan!


No hay comentarios:

Publicar un comentario