C.R. MacNamara (James Cagney) Berlinen lan egiten du, Coca-Colaren egoitzan. Honen helburua igoera bat lortzea da Londreseko egoitzara joateko. Bere nagusiaren alaba, komunista batekin ezkondu dela esaten diotenean, honen ingurua kaos batean bihurtzen da, joan etorriz betetako komedia bikain bati hasiera emanez.
BI! Mendebaldearen eta ekialdearen arteko gatazka ikusten dugu, kapitalismo eta komunismoaren artekoa, kasu honetan Berlin hiria oinarri hartuz. Behin baino gehiagotan Wilderren filmek amerikar eta europar kultura edota gizarteak nahastuta erakusten dituzte, zuzendaria amerikan lan egiten zuen europarra zen eta aukera zuenean bien arteko harreman hori erakusten zuen bere pelikuletan. Beti bezala, Wilderrek bi sistemak, bai kapitalista, bai komunista, zeharka kritikatzen ditu, biak muturreko pertsonaien bidez erakusten dituelako. Bai amerikar kapitalistak bai komunistak hipokrita gisa aurkezten ditu maila berean jarriz, pertsonaietako batek zera esaten du: "Ez zara inoiz kapitalista amerikar bat izango, komunista aberats bat baizik".
HIRU! Ernst Lubistchi egindako omenaldia dugu pelikula hau, Ninotchka (1939) pelikulari egindakoa. Wilder Ninotchkaren gidoilaria izan zen, pelikula horrek baita komunismo eta kapitalismoaren arteko gatazka erakusten du era komiko erromantikoan. Lubistchen pelikulari egindako erreferentzia nagusiak bi dira: batetik, pixka bat despistatuta dagoen hirukote errusiar komunista baten presentzia; bestetik, komunismo eta kapitalismoaren arteko gatazka arroparen bidez adierazteko erabakia. Ninotchkan Greta Garbok hainbeste gorrotatzen duen kapitalismoaren tranpan erortzen da, kapritxoz, txano bat erosten duenean. 'One, Two, Three' pelikulan komunista iraultzaile, gogotsu eta gaztearen eraldaketa ikusten dugu arropa aldaketaren bidez, aristokrata batez "mozorrotzen" dutenean. Azken eszena hau eta pelikularen erdialdera kokatzen den pertsekuzio zoroaren eszena dira, nire ustez, komedia zoro eta dibertigarri honen une hoberenak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario