7/3/12

"Double Indemnity" (1944) - Iruzurraren espirala

Billy Wilder batez ere zuzendu zituen komediengatik ezaguna da. Hala ere, ez zen hori landu zuen genero bakarra. Honen filmografian drama, melodrama, komedia erromantikoa zein zine beltza aurki dezakegu ere. Azken genero honen baitan "Double Indemnity" aurkitzen da. Wilderrek Raymond Chandlerrekin batera idatzi zuen istorio hau, narrazio eta forma aldetik oso landuta dagoen pelikula dugu.

Zine beltzak genero bezala zenbait elementu bereizgarri ditu eta hauek pelikulan aurkitzen ditugu. Batetik, istorioaren protagonista dugu, Walter Neff (Fred MacMurray). Heroi atsekabetu edota zauritu bat. Walterren ekintzek gorrotoa, dirua, inbidia zein desira izango dute abiapuntu. Bestetik, "femme fatale"-ren figurarekin topo egiten dugu, Phyllis (Barbara Stanwyck). Emakume kontrolatzailea, erdi zintzo erdi maltzurra, gizonen desirarekin jokatzen dakiena. Walter Neffek aseguru etxe batean lan egiten du, honen ardura, aseguru etxeari egindako iruzurrak salatzea da,enpresak ahalik eta kopuru baxuena ordaindu dezan. Inspekzio batean Phyllisekin topo egingo du. Desira, handinahia, traizioa, eta hilketa bat. Phyllisek Walter Neffen bizitza erabat aldatuko du.

Istorio honetan berriz aurkitzen dugu narratzailearen figura, kasu honetan Walter Neffek gertatutako guztia aitortzen digu hasieratik. Pertsonaien bikoiztasuna nabaria da genero honetan, guztiek zerbait ezkutatzen dute. "Double Indemnity" filmak oso forma landua du eta hau azaldu eta erakusteko modu hoberena bi eszenen arteko konparaketa egitea dela pentsatu dut. Parekoak diren bi eszena hauek konparatzerakoan pertsonaiek istorioan zehar izan duten garapenaz jabetu gaitezke, eta gainera bikoztasuna eta iruzurraren ideia indartzen duten zenbait elementu zinematografikoen erabilera bikainaz ere.


1) Neff-ek Phyllis ezagutzen duen eszena. Lau minutu luze irauten duen eszena honek pentsatzen dugun baino informazio gehiago ematen digu. Nire ustez, Phyllisen pertsonaiaren aurkezpena oso ona da. Baina pausuz pausu joan gaitezen. Lehenik eta behin, hasieran pertsonaien artean "altuera" desberdintasun bat dago. Phyllis goian dago eta Walter behean, eskailerak euren artean. Phyllis da egoera kontrolpean duena. Billy Wilderrek Phyllis Walterren desira objektu gisa erakusten digu, oinean daraman eskumuturrekoa erakutsiz eta geroago hau planoaren erdigune bihurtuz. Behin eskailerak jaitsita, Phyllis ispilura hurbiltzen da. Ispiluek elementu zinematografiko gisa bikoiztasunaren ideia indartzen laguntzen dute. Ispiluan islatzen den hori zerbait ezkutatzen duen 'fatxada' bat delako, gezurrezko zerbait. Neffek ispiluan ikusten duen horretaz maitemintzen da. Eszenak jarraitzen du. Phyllis eta Neff egongelan daude, une honetan argiztapena elementu garrantzitsu eta adierazkorrean bilakatzen da, sortzen diren itzalek Neff harrapatzen dute, kartzelaratzen dute. Modu horretan, formaz baliatuz, Wilderrek aditzera ematen digu Walter Nefferen patua definituta dagoela. Tratamendu aldetik eszena itzela.


2) Eszena hau pelikularen amaieratik hurbil kokatzen da, hasierako tokira bueltatzen gara. Baina elementu batzuk aldatu dira. Phyllis eserita dago Neff itxaroten. Neff gauzak argitzeko helburuarekin sartzen da egongelan, Phyllisen benetako helburu eta iruzurrez ohartu da. Eszena aurrekoa baino ilunagoa da. Rolak aldatu egin dira oraingoan, Neff da egoera  kontrolpean duena, Neff gainetik begiratzen du. Hau zutik dago Phyllis eserita dagoen bitartean. Itzalak kasu honetan bi pertsonaiak kartzelerazten dituzte. Ez dute ihesbiderik.

Bi kasuetan aipatutako elementu desberdinek egoera indartzen dute, esanahiez betetzen dute. Esan bezala elementu zinematografikoek askotan hitzek baino informazio gehiago ematen digute (argiztapena, atrezzoak, aktoreen zuzendaritza onak...). Billy Wilderrek "Double Indemnity"-n zine beltzaren elementu eta kodigo guztiak erabili zituen,, formaz ere arduratzen zela erakutsiz. Maisu lana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario