Annie ez dago prest gainontzeko ohorezko damen aurrean bizitzan porrot egin duen emakume gisa aurkezteko. Hori dela eta, helburu bat zehazten du, Lillianen ohorezko damarik hoberena izan behar du. Helburu hau lortzeko bidean egindako ekintzek aldiz, ondorio latzak izango dituzte.
Maitasun eta adiskidetasuna dira pelikula honen gai nagusiak. Nire ustez, bada eszena bat adiskidetasunaren metafora gisa planteatuta dagoena, hutsala dirudien arren: Anniek magdalena bakar bat sukaldatzen duen eszena. Magdalena hori ez da magdalena arrunta, landutakoa da, pazientziaz eta denborarekin "eraikitakoa" eta une bakar batean hondatutakoa. Berdin gertatzen da Annie eta Lillianen adiskidetasunarekin. Annie "Peter Panen sindromearen" menpe bizitzen den emakumea da, ez du pertsona heldua izan nahi, ez die arazoei aurre egin nahi. Batzuetan ume bat bailitzan jokatzen du ere. Anniek bere arazoez jabetu eta jokaera aldatu beharko du.
"Bridesmaids" pelikulak gidoi on bat du (Oscar sarietarako izendapen bat lortu duena) eta protagonista talde koral oso on bat. Kristen Wiig, Maya Rudolph eta Melissa McCarthy dira nire ustez komedia honen zutabe nagusiak. Paul Feig-ek zuzendu du pelikula hau eta "Apatow Productions"-en zigilu nabaria du.
Judd Apatow-k ekoizten eta zenbaitetan zuzentzen dituen komediek zenbait elementu komun dituzte: oinarrian happy end bat duten estruktura arrunteko komediak dira. Hauetan komiko onak ikusten ditugu, gehienak Apatow-ren lagun onak eta gidoilariak ere; elkarrizketa eraginkorrak, gag bikainak, landutako gidoiak eta pertsonai sekundario onak dira honen "estiloaren" adierazle nagusiak. "Bridesmaids"-en elementu hauek presente daude.
Horretaz aparte "Apatow Productions"-en pelikuletan giro familiarra, lagunartekoa, antzeman dezakegu. Pertsonaiek kimika berezi bat dute. Familia honen kide ditugu Greg Mottolla, Paul Feig eta Apatow bera zuzendaritzan; gidoigintza-aktore lanetan Seth Rogen, Kristen Wiig edota Jason Segel; aktoreen alorrean Steve Carell, Paul Rudd, Jane Lynch, Jonah Hill, Martin Starr, Bill Hader edota Michael Cera. Azkenik, pelikuei dagokienez, "The 40 year-old virgin", "Knocked up", "Adventureland", "Forgettin Sarah Marshall" edota "Superbad" bezalako pelikulak aurkitzen ditugu.
Izenburu eta izen guzti hauek gaur egungo amerikar komediaren adierazle nagusiak dira. "Apatow Productions" estiloa hobeto ulertzeko gomendapen bat: "Freaks & Geeks" telesail bikaina.
"Bridesmaids" euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera duzue ere: http://bit.ly/AwAFP6
No hay comentarios:
Publicar un comentario