10/3/12

'Sabrina' (1954) - Ez al da erromantikoa?

Ez al da pelikula hau amodio istorio klasiko baten adibide ona? Ez al da Audrey Hepburn aktoresa on, xarmangarri eta fotogenikoa? Ez al da erromantikoa?

Billy Wilderrek pelikula erromantiko hau zuzendu zuen 1954an, luxuzko hirukote protagonista batekin: Audrey Hepburn, William Holden eta Humphrey Bogart (azken honekin zenbait tirabira izan zituen grabaketa zehar, ez ziren ondo konpondu).


Errauskineren bertsio 'moderno' baten aurrean gaude. Sabrina, Larrabee familiaren txoferraren alaba da; David Larrabeez maiteminduta dago. David (Holden) gizon eder, alfer eta bizizalea da.

Sabrina beti ametsetan dabil, betidanik egon da Davidez maiteminduta eta goitik behera ezagutzen du honek ligatzeko erabiltzen duen eskema: champagne botila eta kopa pare bat, tenis pista, eta musika taldearen eskutik "Isn't it romantic?" abestia entzuten dugu neskatoren baten interesa piztu nahi duen bakoitzean. Sabrina neska gaztea da, ilusoa, erraz maitemintzen dena. Bi urtez joango da Frantziara sukaldaritza ikastera. Parisetik bueltan gauzak guztiz aldatuko dira.

Ipuin berezi honetan gaztelu eta erreinu handiak multinazionalek ordezkatzen dituzte. Larrabee enpresak, Linusen bidez, botere gehiago lortzeko helburuarekin, David beste enpresa handi baten alabarekin ezkonduko dela adosten du. Hala ere, hori ez da arazo larria Davidentzat, ezkontzear egon arren, Sabrinarekin egoteko arazorik ez duelako; Sabrina pozik, hainbeste amestutako printzearekin egotea lortzen du.

Linus (Bogart), Daviden anaia da, honen muturrekoa: langilea, serioa eta bakartia. David eta Sabrinaren arteko erlazioak Linusek antolatutako "enpresa-akordio-ezkontza" pikutara eraman dezake eta ez dago horretarako prest. Desastre hori ekiditzeko intentzioarekin, Linusek Sabrinaren interesa bereganatzea erabakitzen du, Sabrina maitemindu behar du. Pelikulan nire ustez badira ederrak diren bi eszena, hauetan Linus eta Sabrina dira protagonistak.


Lehenengoa (eszena ez dut aurkitu) Sabrina Daviden zain dagoen unea da, eta honen sorpresa Daviden ordez Linusekin topo egiten duenean. Linusek Daviden "eskema" jarraitzen du, eta hau eraginkorra dela dirudi. Bigarren eszena (goiko bideoa) Linus eta Sabrina kotxean ikusten duguna da, honetan Audrey Hepburn "La vie en rose" abesten dago, une batean Sabrina abesten dagoen bitartean Linus liluratuta gelditzen da honi begira, eta nire ustez, une zehatz horretan, Sabrinaz maitemintzen da.

Pelikula klasikoa da hasieratik amaierara arte. Badago Sabrinak dioen esaldi bat honen sentimenduak adierazteko perfektua dena, zera dio: "Gaixotasunetik sendatu ondoren, erremedioaz sendatu behar". Esaldi polita iruditzen zait. Xarmaz betetako pelikula erromantikoa. Ederra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario