20/3/12

'Groundhog day' (1993) - Esna zaitez Phil!

Imajina ezazu egunero egun berdina bizitzen duzula; goizean goiz altxatzen zarenetik oheratu arte. Imajina ezazu inguratzen zaituen gauza oro behin eta berriro errepikatzen dela, aldaketarik gabe. Hau da Phil Connorsi, Bill Murray aktoreari, "Groundhog day" komedian gertatzen zaiona.

Phil Connors harroputz galanta da eta albistegietako eguraldiaren aurkezlea. Rita (produkzio arduraduna), Larry (kamera) eta Philek Punxsutwaney izeneko herrixkara joateko ardura dute, bertan "Marmotaren eguna" grabatu behar dutelako. Herri horretan urtero marmotaren egun ospetsua ospatzen da, eta honetan Phil izeneko marmotak (kasualitatea?) negua zenbat astez luzatuko den iragartzen du.


Phil Connorsek izen ahoskaezina duen herrixka horretara ailegatzen den unetik alde egin nahi du, hala ere elurte batek honen ihesa eragotziko du. Hori dela eta, gaua igaroko dute bertan. Hurrengo egunean esnatu eta berehala Phil aurreko egun berbera bizitzen ari dela jabetzen da: irratian abesti eta esatarien hitz berdinak, kalean zehar topaketa berdinak... Dena gertatzen da zehatz mehatz aurreko egunean gertatu zen bezala.

Ez dut uste kasualitatea denik Philen izena eta marmotaren izena berbera izatea (aurreko argazkian harremana islatzen duen planoa ikusten dugu). Bill Murrayren pertsonaiak, marmotaren antzera, "esnatu" eta erreakzionatu behar du, jarrera aldatu. Philek marmotak iragarritako sei negu asteak herri horretan igaroko ditu ihes egiteko aukerarik gabe, eta bizitzen ari den egoera horri arrazoi logikorik aurkitu ezinik.

Egun bakar bat era desberdinetan erakusten digu zuzendariak. Phil Connorsek umore onez onartzen du egoera hasieran, batzuetan etsitu egiten da; beste batzuetan ligatzeko aprobetxatuko du, baita bere buruaz beste era desberdinetan egingo du hurrengo egunean ezer gertatu ez balitz bezala berpiztuz... eta nola ez, denbora horretan, maiteminduko da.


Komedia ona eta dibertigarria, Bill Murrayren lan bikaina erakusten duena eta errutina komikotasunaren oinarri bihurtzen dakiena.

1 comentario:

  1. Niretzat film hau trilogia zoragarri baten parte da. Ghostbusters (1), hau (2) eta Lost in Traslation (3). Hiruetan, Bill Murray hiperziniko eta zoragarri batek hamarkada bakoitzeko emakume xarmangarrienarekin ligatzen du: Sigourney Weaver, Andie Macdowell, Scarlett Johansson. Eta zaila zait, gizonezko gisa, Murray ez mirestea.

    Baina, dena den, lagun batek Groundhog Day eta Bill Murrayren beste irakurketa alternatibo eta negatibo bat azaldu zidan duela gutxi. Zera da ikuspegi hori: Murray/Connorsek traizio egiten dio bere zinismo eta independentzia inpekableari, eta gizon maitakor eta formal bat bihurtzen da, maitemintze estandar eta eder batekin hausten baitu egunaren ziklo infinitoa.

    Gogora dakarkit Javier Ortiz-ek sarri Oteizaren ahotan jartzen zuen esaldi bat: "Nunca ensucies tu carrera de perdedor con un éxito de mierda." Baina horixe da, hain zuzen, Connorsen aukera. Zinismoari traizio egin, gutxienez hurrengo hamarkadan Tokyon ilehori ederrarekin topo egin arte...

    ResponderEliminar