8/8/12

'3:10 to Yuma' (2007) - Karismaz betetako westerna


Gaur egun western generoa nahiko ahaztuta dago zinema panoraman. Noizean behin, generoa berpizten saiatzen den pelikularen bat estreinatzen dute, baina ez dute publikoaren arreta gehiegi bereganatzen. Remake honetan, generoa berreskuratzen dute errespetu handiarekin; istorio on bat kontatzeaz aparte, generoaren kode klasikoenak ikusten ditugu pelikulan. ‘3:10 to Yuma’ pelikularen protagonistak ezin hobeak dira, nire ustez, Russell Crowe eta Christian Bale karisma handia duten aktoreak dira. Antzezpen-lehia erakargarria ikus dezakegu pelikulan, biek lan oso ona egiten dute.

Dan Evans (Christian Bale) baserritar xume bat da eta duen guztia galtzeko zorian dago. Gerran zauritu zuten, eta horren ondorioz hanka bat moztu behar izan zioten. Familiarekin bizi da arrantxo batean, eta ez du dituen zorrak ordaintzeko diru nahikoa. Batzuentzat gerra heroi bat da, beste batzuentzat galtzaile hutsa. Ben Wade (Russell Crowe) gaizkilea atxiloketaren berri duenean berehala boluntario aurkeztuko da, gaizkilea hirurak eta hamarreko trenera eramateko, Yumako kartzeleraino eramango duen trena.

Wade eta Evansek ez dute heroitasunaren kontzeptu berbera partekatzen. Ongia eta gaizkia ez dute berdin ulertzen, hala ere, biek printzipio sendo batzuk dituzte eta horiek ez dituzte ia inoiz urratuko. Biek pentsatzen dute egin behar dutena egiten ari direla. Tren geltokiraino dagoen bidean, Evans eta Wadek pentsatzen duten bezain ezberdinak ez direla jabetuko dira. Bien arteko ulertzea erabatekoa da, biek bestearen jokaeren zergatia ulertu eta onartuko dute.

Evansek beti ondo eta zuzen dagoenaren alde egiteak miresgarria irudiko zaio Waderi. Wade pertsona manipulatzailea da, oso azkarra. Berehala Evansek zerbait ezkutatzen duela ohartuko da, ez dela erakutsi nahi duen bezain zintzoa. Wadek bere kidearen ahulezia zein den aurkitu nahi du, gero hori Evansen kontra erabiltzeko eta ihes egiteko.

Ondoren datorren eszena (spoiler txikia) pelikulan azaltzen den hoberenetakoa iruditzen zait, nire ustez, klabea delako bi protagonisten arteko erlazioaren garapenari begira. Eszenan, pertsonaiek gurutzatzen dituzten begiradak nahikoak dira, momentu aurretik aurrera, euren arteko erlazioa desberdina izango dela erakusteko. Wadek, gaizkile batek, Evansi lezio bat emango dio. Wadek ez baitu dudarik izan Evansek bere familia babesteko aldez aurretik egin behar izan zuena egiteko, tipo bat hiltzeko.


Eszena honen ondoren, Evans kolpeak jasotzen dituen bakarra ez dela konturatuko da, eta are gehiago; nire ustez, eszena horretan Evansek bere burua Wadengan islatuta ikusten du. Wade eta Evansen arteko desberdintasun nagusia jasotako kolpe horiei aurre egiteko era da. Wadek beti aurrera egiten du, beti borrokatzen du; Evansek, aldiz, geldi geratu ohi da, ez du borrokatzen, ausardia falta zaio.

Pelikulak heroitasunari buruz hitz egiten du. Alde batetik, Evans gerran aritu zen eta horrek heroia bihurtzen du batzuentzat; bestetik, Wadek kontakizun edo bineta ugariren protagonista da, eta  lapurra izan arren, askorentzat heroi bat da. Heroitasunaren kontzeptua Evan eta semenaren arteko erlazioan islatuta dago. Evansen semeak beti aitari leporatu dio familia defendatzeko orduan erakutsi duen ausardi eza. Yumarako tren geltokirako bidaia, Evansentzat oso garrantzitsua izango da bi arrazoi nagusiengatik: lehena, gizon ausarta izan daitekeela erakutsi nahi diolako semeari; bigarrena, Evansek galtzaile eta fartsa bat bezala sentitzeaz nekatu delako.

Gezurra nolabait bi protagonisten parte da. Wadek jendea manipulatzeko erabiliko du gezurra, nahi duena lortzek; hala ere, ezin zaio ezer leporatu, dituen intentzioak zeintzuk diren beti argi uzten baititu. Evans, aldiz, urteak daramatza ez den norbait dela esaten, hau da, heroi bat dela esaten. Izan ere, Evansek hanka galtzea eragin zion benetako “istripuaren” berri ez dio emango familiari.

Lehia, ausardia, koldarkeria, aktore bikainak eta itxaroten dagoen tren bat. Ondo errealizatutako western bat da, gidoi ona duena eta eraginkorra den istorio bat kontatzen diguna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario