Frank Caprak zuzendutako 'It happened one night' pelikula, askorentzat, Zinemaren Historiaren lehenengo screwball komedia da. Azpigenero mota horren bereizgarrien artean karismadun protagonistak, erritmo bizia, zein maila sozial desberdina duten pertsonen arteko gatazkak daude. 'It happened one night' pelikula, nire ustetan, oso ona da: entretenigarria, xarmangarria eta oso dibertigarria da. Errtmoa noizbait moteltzen den arren, pelikulan screwball komedian klabe diren elementuak ikus ditzakegu. Pelikulak Capraren estiloa definituko duten zenbait elementu ere islatzen ditu.
Peter (Clark Gable) kazetaria da, gutxitan aurkitzen ditu egunkarian argitaratzea merezi duen istorioren bat, hori dela eta, kaleratu dute. Kaleratu bezain pronto, kasualitateak inoiz gertatu den istorio bitxiena eskura jarriko dio. New Yorkera doan autobus batean Peterrek Ellie (Claudette Colbert) ezagutuko du, Wall Streeteko gizon garrantzitsu baten alaba mizke hazia. Ellie ihesean dabil, aitaren baimenik gabe ezkondu baita (hegazkin-piloto famatu eta lelo batekin), eta horren bila doa.
Peterrek eta Elliek, batera, abentura ederra biziko dute. Akordio bat egingo dute, eta horri probetxua aterako diote biek: Peterrek Ellieri ihes egiten lagunduko dio baldin eta Elliek Peterri istorioa egunkarian argitaratzeko esklusibotasuna ematen badio. Bien arteko tentsio sexuala nabaria da.
Peterrek eta Elliek ondo definitutako identitateak dituzte eta euren printzipioak nahiko argi dituzte. Peterrek ez dago bere zintzotasuna galtzeko prest, ezta Elliek duen askatasuna ere. Bitxia da, Peter eta Ellie senar-emazte bailiran "mozorrotzen" direnean, une horretan, benetako bikotea direla dirudite: kimika, hurbiltasun eta jolas gehien dagoen unea baita. Bien arteko borrokan, ez dago garaile argi bat, berdintzen dutela esan daiteke. Ez bata ez bestea ez da "hezten" utziko. Peterrek ez ditu printzipioak salduko, eta amaierara aldera Elliek bide errezenaren alde apostu egongo duela dirudienean, zorionez, ez du hala egingo. Beti nahi eta desiratzen duenaren alde egingo baitu. "Harresi" batek Peter eta Ellie banatuko ditu.
Elkarrizketak azkarrak dira eta bihurrikeriaz beteta daude, ez dira batere inozenteak. Eszena konkretu bat dago, non Gable eta Colberten arteko tentsioa ikaragarria den, eszena bat non dena gerta litekeen baina non ezer ez den gertatzen (kanpoan lo egiten duten unean). Pelikularen amaiera borobila da, ikuslea da pelikula ixten duena eta "Jerikoren harresia" lurrera botatzen duena (Lubitschen pelikulekin gertatzen den bezala). Klasiko ona.
Frank Capra pelikulak izango zuen arrakastan sinesten zuen bakarra zen. 'It happened one night' pelikulak bost Oscar sari nagusiak irabazi zituen lehen pelikula izan zen: aktore, aktoresa, pelikula, zuzendari eta gidoia. Publiko eta kritikaren artean arrakasta itzela lortu zuen pelikulak, Capraren ondorengo zenbait lanek lortuko zuten bezala ('It's a wonderful life' pelikula, salbuespen, nork esango luke...).
Capraren komediak, dramak, istorio atsegin eta baikorrak, une aproposean heldu ziren pantailetara. 1929ko krisi ekonomikoa gainditu ondoren, estatubatuarren behar zituzten istorioak egin zituelako Caprak.
Frank Caprak Columbiarako lan egiten hasi zen, orduan nahiko ekozpen etxe txikia zena. Geroago Warnerrera mugituko zen. Aldaketak zuzendariaren komedien estiloan eragina izan zuen. "Tipo arruntak" protagonista izaten jarraitzen zuten arren, komedia ilunagoak ziren eta umore mota beltzagoa. Aldaketa inoiz egindako pelikula dibertigarrienetako batean antzeman dezakegu: 'Arsenic and Old Ace' (1944). Cary Grantek pelikulan egiten duen lana, benetan, itzela.
Capraren pelikulen estiloa, orokorrean, "soziala" dela diote askok. Frank Caprak behin ondokoa esan zuen: "Historiako gertaera handiei buruzko pelikulak beste batzuk egin ditzatela, nik, garbitzaileei buruzkoakegingo ditut".
Erlazionatutako edukia: 'Hollywoodeko Star Systema'
No hay comentarios:
Publicar un comentario