15/8/12

'Up' (2009) - Pixar eta koloretako puxikak


Pixarrek ‘Up’ pelikularekin animazioaren errege dela, berriz ere, erakusteaz aparte, animazioak istorio bikainak konta ditzakeela argi utzi du. Estreinatu zenean, pelikulak eztabaida pixka bat sortu zuen, animazio pelikulek duten kalitatea ikusita, sari banaketei begira, fikzio arruntetatik bereizi behar dira, ala ez?

Duela pare bat urte, Hollywoodeko akademiak arlo horretan aurrerapauso bat eman zuen, ‘Toy Story 3' Pelikula Hoberenaren kategorian Oscar sarietara izendatu zutenean. Pixarrek egin dituen azken pelikulek, bere istorioek gaur egun pantaila handian ikus ditzakegun beste zenbat istorio baino askoz helduagoak direla erakutsi dute: ondo egituratuta daude, narrazio sendo bat dute oinarrian eta maitagarriak diren pertsonaiak sortu dituzte.

Pixarrek pelikulekin lortzen duena, Disneyk egiten zuen antzera (gutxienez 90ko belaunaldiko pelikulekin), ikuslearengana zuzenean heltzea da, bai ume, gazte zein publiko heldua hunkituz. Pixarrekoek argi dute umeen arreta deitzea erraza dela, hori dela eta, publiko heldu hori bereganatzen saiatzen dira pelikuletan horri erreferentzia eta keinu desberdinak eginez. Pixarrekin sagu bat Pariseko chef hoberena bihurtzen ikusi genuen 'Ratatouille' pelikulan; maitemindutako robot bat gizaki arduragabeak saltzen ‘Wall-E’-n, eta Carl eta Russell gaztea Venezuelan galtzen ikusiko ditugu.

Pixarrek zine klasikoa omentzen du pelikulan. ‘Up’-en hasierako minutuak, Carl eta emaztearen bizitzaren nondik norakoak erakusten duen flashback luze horretan, Chaplinen pelikulei egiten die erreferentzia, eta,nire ustez, pelikularen une hunkigarriena da.

Carlen pertsonaia Hollywood klasikoaren “familia gizonaren” isla da. Spencer Tracyen antza handia du, eta horrek gorpuztutako pertsonaiena: agure erretxina, baina, aldi berean, maitagarria. Carl eta Russellekin batera abentura sinestezin batean murgiltzen gara, kolorez betetakoa. Egindako promesak bete behar direla defendatzen du pelikulak. Hasitakoa, amaitu behar. Pelikulak amets egitera bultzatzen gaitu, “gamusionoen” bila joateko gogoak pizten dizkizu.

Up’ pelikula ederra iruditzen zait, mundu guztiak ikusi behar duen horietako bat. Abentura polita izateaz aparte, gaur egun gizartean dauden zenbait arazo erakusten dituen pelikula da. Bizitza amaikorra da eta pelikulak ametsengatik borrokatzea merezi duela erakusten du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario