(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Brave' pelikulak: Animazio pelikula onena.
Hona hemen Meridaren istorioa, printzesa erreboltari eta abenturazalea. Meridak patuari aurre egitea eta hori aldatzea erabakitzen du. Hartutako erabakiak ondorio magikoak izango ditu. Pixarren beste zenbait pelikulek gehiago hunkitu ninduten arren, Brave ikusten primeran pasatu dut, pantaila handiaren aurrean proiektatutakoarekin liluratutako ume bat bezala sentitu naiz. ‘Brave’, gaur arte, animazioaren erregeek egin duten narrazio klasikoenetakoa da forman.
Istorioa Erdi Aroko Eskozian kokatuta dago eta printzesa moderno bat erakusten du, gaur egungo baloreetara moldatutakoa, balore eta printzipio aurrerakoiak baititu. Fergus erregearen eta Elinor erreginaren alaba borrokatzailea eta bihurria da, ez ditu amaren pausuak jarraitu nahi, ama protokoloari lotuta bizi baita (horregatik amak pelikularen hasieran ilea bilduta darama). Meridak libre izan nahi du, bere patua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta horretarako, tradizioa alde batera uztea ezinbestekoa da.
Berekoikeriak bultzatuta, Meridak sorgin bati laguntza
eskatuko dio amari gauzak argi uzteko.
Merida “printzesa klasikoaren” estereotipotik aldentzen
da. Emakume independentea da, ausarta, aurrera egiteko printze xarmangarri
baten laguntza behar ez duena. Ideiak nahiko argi ditu Meridak. Nolabait,
Scarlett O’Hara, Elizabeth Erregina edota Lady Marian ausart baten isla da
Merida.
'Brave' pelikulak erritmo bizia du, une barregarriak eta
bigarren mailako pertsonai onak: hiruki bihurriak, jaun astakirtenak eta
printze tentelak. Ez dira Pixarrek sortutako pertsonai maitagarrienak, baina
indartsuak, ausartak, eta ondo eraikita daude. Animazio bidez sortutako Eskozia
itzela da, benetan ederra. Patrick Doylek konposatutako soinu banda gustatu zait. 'Brave' pelikula oso entretenigarria iruditu zait, lehenago esan bezala oso ondo pasatu
dut pelikula ikusten, zenbait uneetan hunkitu egin nau eta pelikula irauten duen ordu
eta erdia oso azkar igaro da. Ez da Pixarren hoberena, baina pelikula ona da.
Umeekin ikusteko ezin hobea.
“La luna” film
laburra
Beti bezala, pelikula hasi baino lehen film labur bat
eskaintzen digute Pixarrekoek. “La luna” Pixarren alde ameslariaren isla da,
ilusioz betetako film laburra da. Istorio atsegina, ume baten ilusioa erakusten
duena, magiaz eta ilargiaren argiaz betetakoa. Ederra.
Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
No hay comentarios:
Publicar un comentario