Hasierako kredituak igaro
bitartean plano finko bat erakusten digu Roman Polanskik. Zuhaitzen enborrek “eszenatoki”
baten mugak zehazten dituzte. Plano horretan, bi zuhaitzen artean, umeen gurasoen
arteko eztabaida piztuko duen ekintza gertatuko da, gizakiak arrazoitzeko duen
gaitasun eza erakutsiko duen eztabaida. Plano ona.
‘Carnage’ pelikula bi arrazoiengatik
interesgarria iruditu zait da: bata, espazio bakar batengatik apustu egiteagatik; bestea,
duen iraupen laburragatik (79 minutu). Semeen arteko borroka baten ondorioz,
umeen gurasoak gertatutakoaren inguruan modu zibilizatu batean hitz egiteko
biltzen dira. Hasieran
egoera maitekorra, lagunartekoa… eta faltsua da. Laster txakurrak zaunka hasiko
dira eta pixkanaka bakoitzaren “fatxada” erortzen hasiko da, pertsonai
bakoitzaren benetako izaera agerian utzita. Batetik erdi-mailako familia bat
dugu (Foster eta C.Reilly), beste aldetik, erdi-altu mailako bat (Waltz eta
Winslet). Biktimaren eta erasotzaileen gurasoak, hurrenez hurren.
Bi pertsonek ez dute
eztabaidatzen batek nahi ez badu, kasu honetan lau pertsonek. Protagonisten
arteko itxurazko maitekortasuna berehala desagertuko da: inor ez dago amore
emateko prest, ezta ezezagun batzuek euren duintasuna zalantzan jartzea
jasateko prest. Guratsuak, faltsuak, harroputzak… Pertsona zibilizatuak direla
diote, zentzudun eta etikoak, baina oker daude. Pelikulak aurrera egin ahala, helduak umeak baino
txarragoak direla erakusten digu Polanskik, euren helburu bakarra gatazkan
arrazoia duen bakarra izatea baita. Pelikulan ikusten ditugun “helduak”, euren
jostailuak (liburuak, mugikorrak, koloniak…) apurtzen dizkietenean negar egiten
hasten dira. Lezioak eman nahi dituzten lau indibiduo dira, baina horiek dira bat
jaso behar dutenak. Eztabaidaren bidez, erreprimituta eta lotuta bizi diren
pertsonak direla ikusiko dugu: proiektu bat aurrera eramateko kapaz ez direnak,
euren amarengandik banatzeko gai ez direnak, edo euren lanen menpe bizi
direnak.
Borroka ez da bi biren kontra.
Borroka lau protagonisten artekoa da, indibiduala. Bakoitza euren interesen
arabera mugituko da mugatutako espazio horretan. Horregatik, Kate Winslet eta
Jodie Foster batera senarren kontra egiten ikus ditzakegu. Elementu guztiek
gauza argi bat uzten dute: norbanakoarentzat balio duen egi bakarra, norberak
defendatzen duen hori da. Harroputz eta burugogorrak dira guztiak.
‘Carnage’ Yasmina Rezak
idatzitako eta izenburu berbera duen antzezlanaren moldaketa da. Testu
bizkorra, maltzurtasun eta sarkasmoz betetakoa. Egongelan dauden elementuak
ongi erabiltzen ditu Polanskik, istorio teatral bat ahalik eta
zinematografikoen egiten saiatu da zuzendaria.
Plano desberdinek pertsonaiak
eszena barruan enkoadratzen eta banatzen dituzte, landuak daude. Hori bai,
pelikula ikusi bitartean plano gehiegi eta motzegiak zirela iruditu zaizkit, eta, agian, noizbait
planoaren iraupena luzeagoa izatea ekintzarentzat eta aktoreen lana hobeto
baloratzeari begira mesedegarriak izango zirela pentsatu dut. Baina beno, nire
arazoa da hori. Orokorrean, eta esan bezala, iraupena alde batera utzita, forman,
planoak onak, zenbaitetan bikainak eta esanahiez betetakoak dira.
Ateak, koadroak, hormak, altzariak… elementu ugari
dira pertsonaiak banatzen dituztenak. Lau heldu hauek arrazoirik gabeko
animaliak bailiran bezala jokatzen dute batzuetan, moralik gabeko indibidual
direla erakutsiz. “Oihan” hori islatzeko elementu naturalak ikusten ditugu
egongelan, adibidez, tulipanak eta landareak, eta etxe osoan zehar dagoen desordena.
Badago etengabe errepikatzen den beste elementu sinboliko
bat: ispilua. Pertsonaien bikoiztasuna eta faltsukeria islatzeko objektu
paregabea. Hasieran ikusten duguna ilusio bat besterik ez da, laster
desagertuko dena, bakoitzak gordeta duen haserreari bidea uzteko.
Pelikulan aktore talde oso ona ikusten dugu. Iraupen
eskasa du, baina hasiera apur bat geldoa iruditu zait. Senar-emazteen arteko
tentsioa eta erritmoa handitzen doa “amaierarik gabeko” klimaxera heldu arte. Orokorrean,
pelikulak ez nau txunditu, interesgarria iruditu zait. Zerbait falta zaio
istorioari, indar apur bat agian, ez dakit.
'Carnage'-n azpitituluak euskaraz aurki ditzakezu hemen: Azpitituluak.com - Carnage (2011)
No hay comentarios:
Publicar un comentario