6/2/12

The Artist (2011): Zinea, esperientzia gisa.

'The Artist' bezalako film bat egingo zela entzun nuenean, ikaragarri gustatu zitzaidan proposamena. Ordutik aurrera, bere mugimenduak jarraitzen hasi nintzen; irudi, klip zein trailer berrien inguruko albisteak gogoz itxaroten nituen. Estreinatu zutenean, hor egon nintzen ni, lehenengoa hileran, sarrera erosteko prest.

Denbora pasatu egin da bere estreinalditik, eta dirudienez ez du lehiakiderik sarietara begira. 'The Artist' pasadan urteko proposamenik interesgarrienetako bat izan zen. Proposamen desberdina, originala eta ausarta 'remake', 'reboot' eta zarata garaietan. Eskerrik asko Michel Hazanavicius proiektua beldurrik gabe aurrera eramateagatik!



Hollywoodland-en kokatzen gara, 1927.urtean. "The jazz singer" filma estreinatzear zegoen. Soinuaren iraultza heltzear. George Valentin (Jean Dujardin aktorea. Itzela, karismaduna, garaiaren adierazgarri zen xarmaren adierazle ona) momentuko izar nagusietako bat da. Ospetsua, dirurik ez zaio falta ... Soinua agertzen den arte. Honek bere bizitza hankaz gora jartzen du. Valentinek soinua ukatzen du, ez dago sistema berriarekin ados, ez dago antzezteko prest. Soinua etorkizunik gabeko behin behineko bitxikeria teknikoa baino ez dela pentsatzen du. Ekoizleek ez daude batere ados honen hitzekin eta honentzat zineman lekurik ez dagoela ulertaratzen diote, kaleratzen dute. Une horretatik aurrera hasten da George Valentinen "infernurako jaitsiera".

Bestetik, Peppy Miller (Berenice Bejo) emakume gaztearekin topo egiten dugu. Karisma handia duen aktoresa izanik, erraz lortuko du ospea. Izar handi batean bihurtuko da Valentin hondoratzen den bitartean. Kasualitateak batu zituen Peppy Miller eta George Valentin. Aktoresak dena sor dio Valentini, honen laguntzarekin zinemaren munduan sartu zelako. Peppy Millerek ez du inoiz laguntza hori ahaztuko.


Pelikulan agertzen diren elementu guztiak zergati bat dute. Denek egiten diote mesede istorioari, hau indartuz. Pelikuletan irudiek askotan hitzek baino gehiago esaten digute. Michel Hazanaviciusek zuzendari ona dela erakutsi du film honekin. Hori detaile txikietan nabaritzen da. Adibidez, filmean zehar zinema areto desberdinak ikusten ditugu eta hauetan kartel ugari. Eszena batean George kaletik dabil bere zoritxar eta bakardadean murgilduta, une horretan zinema areto baten ondotik igarotzen da. Zinema areto horrek iragartzen duen filmaren izenburua "Lonely star" da. Hori ez da kasualitate hutsa. Geroago, Peppy Millerekin antzeko zerbait gertatuko da. Zinema areto batean, "El ángel de la guarda" izenburuko kartel baten ondoan ikusiko dugu. Miller, George Valentinen babesle bihurtuko da. Zuri beltz eder batean grabatutako lan itzela dugu 'The Artist', 4:· formatuan gainera. Zinean bizi beharreko esperientzia bat da. Zinema da!


Argi dago hitzak ez direla guztiz beharrezkoak istorio bat ulertzeko (intertitulu gutxi agertzen dira filmean zehar). Soinu banda eta aktoreen interpretazioak nahikoak dira emozioei indarra emateko. Itzela izango zen proiekzioa zuzeneko orkestra batekin ikustea (zinearen hastapenen antzera). Baina 'The Artist'en dena ez da musika, badira isiltasun uneak ere. Hauetan ez da euli bat ere entzuten. Irudiaren aurrean gor geratzen gara. Isiltasun absolutua.

Bikaina iruditu zait George Valentinek duen amets gaiztoaren eszena. Dujardinen lana Oscar saria merezi du (Clooneyren lana baino hobeagoa iruditu zait). Film ederra iruditu zitzaidan. Zinemari egindako omenaldi dotorea. Erreferentzia inplizitu eta esplizitu desberdinak aurkitzen ditugu ere, adibidez, 'Ciudadano Kane', 'La cena de los acusados', 'El crepúsculo de los dioses' edota 'Cantando bajo la lluvia' filmei egindakoak. Lan itzela da zuzendariak egindakoa. 100 minutu irauten ditu pelikulak, proiekzio egunean, filma amaitu zenean, zine aretoan soilik gauza bat entzun zen... txaloak!

1 comentario:

  1. Guztiz bat nator Naiarak esandakoarekin: Dujardinen lana Oscar saria merezi du. Are gehiago, "The Artist" Oscarretako izarra izan behar du dudarik gabe. XXI. mendean horrelako produktu bat ekoiztea oso ausarta da, jendea hitz eta soinuz betetako pelikulak ikustera ohituta baitago. Horrexegatik, kaosaren erdigunean gizakiok ezinbestekoa dugun isiltasuna eskaintzen digu Michel Hazanavicius. Sinpletasunaren erakusle, "The Artist" hunkitu, entretenitu eta pentsarazten gaitu. Ezaugarri tekniko bikainetatik at, hausnarketara bultzatzen gaitu. Zaharrak berri, hitzak soberan.

    ResponderEliminar