"A separation" pelikula iraniarra dugu. Bikote baten banantzea abiapuntutzat hartuta (Nader eta Simin-ena) ekialde hurbileko kultura, gizarte eta baloreen inguruko informazioa jasotzen dugu. Baita honetan emakumeek oraindik bizitzen duten errepresioa islatzen da ere (hala ere zalantzak ditut pelikularen helburua guztiz salatzailea den ala ez erabakitzerako orduan).
Nader eta Simin klase sozial "altuko" familia bat osatzen dute, ez dira erlijio sinesmenen menpeko. Siminek (emakumeak) atzerrira alde egin nahi du, horretarako dibortzioa eskatzen du. Naderrek (gizonak) bere aita zaintzeko ardura du honek Alzheimerra duelako, eta ez dago hau bakarrik uzteko prest. Behin bananduta, Naderrek laguntza bilatzen du eta emakume bat kontratatzen du honen aita zaindu dezan. Eztabaida batek Simin eta emakume horren familien errutina hankaz gora jarriko ditu.
Pelikulan ikusleak banaketa honen epaile bihurtzen gara. Kamara kokapenaren bidez adierazita, ikusleok epailearen tokia hartzen dugu hasierako minutuetan (ikuslearengana zuzentzen dira Nader eta Simin). Justiziaren aurrean ohorea garrantzitsuena dela erakusten dute eta hau "urratuta" atera ez dadin berdin du gezur batean oinarritutako defentsa egitea. Ohorea defendatzeko esandako gezurren ondorioak kontrolaezin bilakatuko dira. Behin espiral horretan sartuta, egira bueltatzera zaila egiten da.
Banantze guztietan gertatzen den bezala, kaltetuenak seme-alabak dira, kasu honetan Nader eta Siminen alaba. Familia kideen arteko distantzia gero eta nabarmenagoa izango da, hau horma, lehio eta ateen bidez adierazita agertzen da (beheko planoa, konposaketari dagokionez bikaina). Komunikazioa gero eta zailago bihurtzen da, konfidantza desagertzen doa...
Pelikula oso ona forma eta narrazio aldetik, baita aktoreen lana kontuan hartu beharrekoa da. Agian 'Nader eta Simin, a separation' pelikularen arrakasta honek planteatzen dituen arazoen unibertsaltasunean datza (zahartzaroa, gaixotasuna, dibortzioa, langabezia...). Batzuetan atzerritik bitxi txiki hauek ailegatzen zaizkigu, kalitatean edozein mendebaldeko produkzioekin lehiatu dezaketeenak. Kritika egiteko istorio sendo eta ondo egituratu batez baliatzen direnak.
'Nader eta Simin, a separation' euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera duzue ere: http://bit.ly/y8y5cF (Azpitituluak.com)
Guztiz ados zurekin Naiara. Pelikula bikaina! Oso gomendagarria!
ResponderEliminar