Pelikulak, liburuan irakur dezakegun bezala, ikuspuntu desberdinak eskaintzen ditu gertaera bakar baten inguruan: Robbie eta Ceciliaren elkarrizketa iturri ondoan. Ikuspuntu desberdin horiek ondo bereizten ditu Wrightek pelikularen hasieran. Maitasun eta pasio istorio tristea da 'Atonement'en ikusten duguna. Hiru dira protagonista nagusiak: Robbie (James McAvoy), Cecilia (Keira Knightley) eta bere ahizpa Briony (Saoirse Ronan). Aipatu bezala, Briony-ren egia bihurtzen da garrantzitsuena, hau da narrazioaren oinarri. Briony da manipulatzaile.
Briony-k ez du onartzen bere ahizpa Cecilia eta Robbie bikote izatea. Banandu nahi ditu, horretarako gezur bat asmatuko du, Robbie bortxaketaz salatuz hau kartzelara eraman dezaten. Robbiek kartzela ekiditeko izango duen aukera bakarra gerrara soldadu gisa joatea izango da. Drama erromantiko honetan, Briony-k nahi duena lortzen du beti, neskato maltzurra da. Dena kontrolpean du. Briony-k bere egia defendatuko du istorioan zehar, bere egia idazten du. Asmatutako gezurra sinisten du.
"Two figures by a fountain" ziriborroetan oinarrituta, "Atonement" izenburuko liburu autobiografikoa idatziko du, Cecilia eta Robbie-ren istorioa kontatuz. Damututa dago, bere bizitzan zehar eraikitako gezur hori, bere "egian" bilakatutako gezur hori, gehiegizko karga bihurtu da. Liburuan idatzitako hori errealitatea ez dela aitortzen du. Robbie eta Ceciliari merezi zuten amaiera ematea erabaki du, literarioki gutxienez. Fikziozko amaiera zoriontsua. Briony-ren azken adierazpen honek, narratu digun istorioaren berrinterpretazioa baldintzatzen du. Briony-k ikuslea engainatu egin du. Kamerari zuzenean begira, bere gezurra aitortzen du, idatzitako fikziozko amaiera zoriontsua justifikatzen du. Inoiz lortuko ez duen barkamena bilatzen du bere aitormenarekin. Ez Cecilia eta Robbieren partetik, ezta ikusle/irakurlearen aldetik ere.
Fotografia bikaina du filmak. Argitik iluntasunera doan pelikula da, bikote protagonistaren antzera. Muntaketa lan ona, ikusten ditugun elementu oro eta jasotzen dugun informazio guztia da garrantzitsu. Plano sekuentzia itzel bat du gerraren ondorioak erakusten dituena, "Elegy for Dunkirk" eszena.
Istorio triste eta hunkigarria. Pelikularen musika (Dario Marianellik konposatutakoa) idatz makinaren soinua erabiltzen du instrumentu gisa. Oso adierazgarria bihurtzen da elementu hau, batetik tentsioari mesede egiten diolako, bestetik gutun batek piztu zuelako gatazka guztia. Ikuspuntu desberdinetatik jasotzen dugu istorio tragiko hau. Planteamendu egokia du. Oscar sarietarako 7 izendapen lortu zituen, bat lortuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario