19/2/12

'Shame' (2011) - Adikzioaren infernua

Adikzioa. Sexu adikzioa. Brandon (Michael Fassbender) itxuraz tipo arrunt bat da, baina galduta dago, gaixorik, ihes egin ezinik. Nola kontrolatu kontrolaezin bilakatu den hori?

Steve McQueenek berriro lortu egin du, berriz hunkitu nau. "Shame"-n aurrean ez dago indiferentziarik. Pelikula ausarta da, ikuslea astintzen duen istorio eta pertsonaiak dituena. Fassbenderren lana ikaragarria da. Normala iruditzen zait zuzendari gehienek honekin lan egin nahi izatea, zinemaren panorama monopolizatzen hasi da.



McQueen-ek Brandon pertsona nazkagarri bat bezala definitzen digu hasieran. Brandonek ez du konpromisorako kapazitaterik, konpromisoarekiko inpotentea da. Gizon jatorra dirudien arren, emakumeak soilik objektu gisa ikusteko gai da. Brandon bere adikzioaren, bere gaixotasunaren, jabe da. Pertsona normala ez dela pentsatzen du, baztertu beharreko zerbait dela (plano gehienetan albo batean ikusten dugu, goikoan adibidez, gutxitan erdian).

Brandonen arreba, Sissi (Carey Mulligan) honen etxera zenbait egun igarotzera joaten denean, Brandonen "errutina" apurtzen da. Brandon bere adikzioaz lotsatu egiten da, behatuta sentitzen hasten da, munstro bat bailitzan.


Steve McQueen-ek "Shame"-en galduta dauden pertsonaiak erakusten dizkigu. 'Hunger' ikusi ondoren zuzendari honen lana jarraitzea erabaki nuen, eta "Shame"-en bere estiloari fidel mantendu dela esan behar da. Ondo eraikitako eszenak, ikuslearen ez erosotasuna bilatzen duten zenbait, plano sekuentziak elkarrizketetan ... 

Detailez betetako pelikula dugu 'Shame'. Indar dramatiko handia duten eszenak ikusten ditugu. Adibidez, Fassbenderren negar malkoak Carey Mulliganek New York, New York abestu bitartean; metroko eszena non keinu eta begiradak nahikoak diren atrakzioa erakusteko (arreta handia jarri behar zaio eszena honi); Brandonen ezinegona erakusten duen eszena Sissi honen nagusiarekin ohean dagoen bitartean. Une horretan bere adikzioak entzuten geratzeko eskatzen dio, begiratzeko. Brutala. Brandonen infernurako jaitsiera... (eta beste asko). Ez Brandon ezta Sissi ere, ez dira haien arazoei aurre egiteko kapaz, bizkarra ematen diete hauei, baita ikusleari ere.


Pelikula gogorra, sexua mingarria izan daitekeela erakusten duena. Adikzioak Brandon kontsumitzen du, fisiko eta mentalki. Ahaztezina. Amaiera ireki eta eztabaidagarria. Benetan pelikula ona. 

Fassbenderren inguruan zer berri esan dezakegu? 2011ren jabe izan dela. Oscar izendapen bat merezi zuela lan honengatik, beste maila batean dagoen aktorea dugu. Une honetan, Clooney eta Pitten  lanen gainetik, dudarik gabe. Gaiaren kontrobersiak, sexu adikzioa gizartearen arazo komun bezala aurkezteak, eta batez ere Akademia amerikarrak betidanik defendatzen duen puritanismo ia absurdoak Fassbender eta 'Shame' Oscarretatik baztertzea eragin dute.

3 comentarios:

  1. Guztiz bat nator zure iritziarekin. Film ausarta, kilikagarria eta sarkorra da oso, erabateko desoseguz uzten zaituen horietakoa.

    Gainera, protagonistaren biziminak kasu xelebrea dirudien arren, gaurko gizartean horrelako egonezinak batzuk uste dutena baino askoz arruntagoak direlakoan nago.

    Bide batez, zorionak blog honen bitartez egiten duzun ekarpen bikainagatik.

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Lehenik eta behin, oharra, erantzun honetan ESPOILERRAK daude, beraz adi. Ez nau guztiz asebete, ze agian espektatiba handiekin ikusi nuen. Jendeak esan zidanak, sortutako eskandaluaren zirrarak, eta bereziki Hunger-ek inpaktatu izanak, horrek eragin zuen. Eta tira, uste dut hau ez dela Hungerren mailara iristen. http://azpitituluak.com/euskaraz/1232710393

      Horrez gain, mezuak, edo moralejak, pentsakor utzi nau. Ze ulertzen baldin badugu Naiarak hemen egindako ikuspegian, ez zait batere gustatzen. Ez dut uste emakumeekin enpatia falta duenik Brandonek, objektutzat dituenik. Bere jefearekin konparatuta, adibidez. Edo beltzaranarekin duen zita urduri baina sinpa horretan. Ez dut uste, ezta ere, berea kasu extremoa denik, sexu bizitza edo pultsio oso fuerte bat sentitzea, eta hori bideratzea pornoarekin, masturbazioarekin, promiskuitatearekin edo sexu ordainduarekin. Horri sexu-adikzioa esatea, ordu honetan ni hemen Interneten ibiltzea adikzioa dela esatea beste iruditzen zait neuri. Nire aburuz, arazoa beste nonbait dago: enpatia falta, objetu sentitzea, bere buruarekin du Brandonek. Ez du bere bizitza sexuala onartzen, higuina dio bere buruari, auto-estima arazo larri bat dauka. Erru sentimenduak ez dio uzten sexualitatea gozatzen, eta ez dakit pista bat ematen zaigun dioenean bera Irlandan jaio dela (katolizismoaren zama, beraz). Brandonek bere sexualitatea onartuko balu, auto-estima izan zezakeen, eta harreman orekatuagoak lortuko zituen agian, nire ustez hori guztiz konpatiblea baita pornoa ikusten masturbatzearekin, edo fantasia bat gauzatu nahi izatearekin (hirukotea egitea sexu-langile parearekin, adibidez, edo kristalera batean jotzea kalera begira).

      Bestalde, arrebaren kontua ere ez dut oso ondo ulertzen. Ze, ea, sekuentzia honetan...

      1. Neska alderrai samar bat hirian...

      2. Txanpain pixka bat edan eta berehala gizon ezkondu batekin enrollatzen da tontamentean.

      3. Anaia haserretzen zaio, eta bronka.

      4. Suizidatzen saiatzen da.

      Azpi-istorio honetan 1-2-3 sekuentzia, ba normal samarra iruditzen zait. Kontua da 4. urratsekoa: Zergatik? Ez du zentzurik,
      ez bada, anaia bezala ere, erru sentimenduak eta auto-estima hutsune hori... Zergatik pentsatzen dute sexu-adiktuak direla protagonistek? nork sartu die ideia suntsikor eta negatibo hori buruan? Sex positive jarreran legoke ihesbidea, sexualitatearen ikuspegi hedonista, akaso queer eta humanoago batean. Sex-positive jarrera batekin, film hau komedia bat bihur zitekeen ia-ia, anai-arreben tupusteko deserosoen inguruko kronikatxo hiritar bat.

      Zalantza da intentzioarena. Zer esan nahi digu McQieenek: sexu-adikzio ustezko salaketa santujale bat da? ala erruduntasun sentimentuaren kalteak erakusteko saio bat?

      Ah, eta bide batez, euskarazko azpitituluekin ikusi dut :-) http://azpitituluak.com/euskaraz/1335368821

      Eliminar
  2. Pelikula honek nahiko hotz utzi ninduen. Batetik, pertsonaiaren ustezko menpekotasunak ez ninduen hunkitu (Fassbenderren lana oso ona izan arren eta espresibidate handia izan arren), eta bestetik, mesfidantza sortu zidan nire ustez antzematen zaion puritanismo usainak.

    Hasteko, pertsonaia ez zait batere higuingarria iruditzen. McQueeni hala iruditzen bazaio, berak jakingo du zergatik. Agian McQueenek uste du sexua konpromisoari loturik joan behar dela, eta nola nik ez dudan hori uste, hortik datorkigu deskonexioa.

    Diodanez, ez zait higuingarria iruditzen: begirunez tratatzen du jendea, ez dio inori eraso egiten, eta ez da amorala (lagundu egiten dio bere arreba desastrosoari eta hunkitu ere egiten da, malkoetaraino hunkitu ere, arreba kantatzen ikustean).

    Menpekotasunaren infernua erakutsi nahi zigun McQueenek? Ba, hasteko ez nago seguru pertsonaia honek menpekotasunik duen hala sexua ikaragarri gustatzen zaion, beste barik. Arazoa da gizarteak nola epaitzen duen hori, eta horrek sortzen duen erru sentimendua. Egia esan, uste dut pelikularen izena gehiago izan beharko litzatekeela "Guilt", "Shame" baino.

    Eta menpekotasunarena zalantzan jartzen dut, ze sexu zaletasunak ez dio eragozten pertsona honi bere bizitzaren kontrola izatea: etxe zaindua dauka, pintxo-pintxo doa beti, lanean ere ondo dabil, kirola egiten, kopak hartzen joaten da arreba eta lankidearekin (eta lankide beltzarekin afaltzen doanean ere guztiz atsegin eta korrekto dago).

    Lanean sortzen zaion arazoa ez da produktibitate falta antzeman diotela, edo lankideekiko harremanetan ezer "anormalik" egiten duenik: aurpegiratzen dioten gauza bakarra da ordenagailuan sastar pila aurkitu diotela. Baina hori aurpegiratzen dion jefea momentu horretantxe bere semearekin berbetan dago skypez: beraz, lan ordutan lanetik kanpoko gauzetan ibiltzea ordenagailuan ez dago berez txarto ikusita, txarto ikusita dagoena da ZER ikusten duzun. Familia kontuetan aritzea permisiblea da, bestea ez (ikustea baino ez dago zelako mespretxu begirada botatzen dion lankide batek).

    Bestalde, pertsonaia bere arrebaren txantaje moralaren biktima ere iruditzen zait. Problema sortzen zaio arreba inestable eta bizkarroi hori etxean sartzen zaionean eta bere espazioa eta intimitatea inbaditzen dituenean. Maite du arreba, eta lagundu egiten dio hasiera, baina ematen zaizkigun pistengatik, badakigu historial psikologiko konplikatua duela (suizidio saio bat gutxienez lehendik, eskumuturretako orbainek erakusten dutenez; telefonoz berbetan entzuten diogu maitale batekin negar hutsean), eta badirudi bere bizitza behingoz bideratzeko gai ez den pertsona dela, beti hutsetik hasten saiatzen ari den pertsona bat, baina inoren bizkar.

    Horregatik, tabernako eszena izan zen ni gehien hunkitu ninduena: arreba "New York New York" kantatzen ari da, esanez "oraingoan bai, orain hutsetik hasiko naiz eta dena joango da ondo", baina protagonistak (iruditzen zait niri) badaki hori segurutik ez dela gertatuko, lehen ere ikusita duelako egoera hori, eta bere arreba hori ez delako inoiz kantaria izango (kontraste handia da, nire ustez, ze aktuazio eskasa egiten duen eta zelako laudorio neurriz gainekoak egiten dizkion protagonistaren lankideak, gero arrebarekin oheratuko denak).

    Suizidio saioa txantaje moral horretan kokatzen dela uste dut, nebak etxetik botatzea erabakitzen duenean.

    Laburbilduz: adikzio baten gaitzak kontatu nahi bazizkigun zuzendariak, nik behintzat ez dut mezu hori jaso: ez dut enpatiarik sentitu protagonista bere sexu grinaren biktima dela iruditu zaidalako. Enpatia sentitu dut txantaje moral baten eta erruaren biktima bat ikustean, hori bai.

    ResponderEliminar