10/2/12

'The help' (2011) - Adorea

Norbanakoarentzat zuzena den hori defendatzeko kemena. 'The help' ("Criadas y señoras") drama honen protagonistak adoretsuak dira. Istorioa Mississippin kokatzen da, 60ko hamarkadan zehazki. Gizartean diskriminazioa da nagusi, gizarte mailak bereizten dituen gizarte arrazista da ordukoa. Alde batetik, andre txukun eta hipokritak ditugu; bestetik, neskame adoretsuak. Pelikula korala da, emakumeak dira protagonistak eta Aibileen Clark (Viola Davis) neskamea dugu narratzaile.

Skeeter (Emma Stone) lizentziatu berri da. Neskameen bizipenetan oinarritutako liburu bat idaztea erabaki du. Skeeterrek hitza eskaintzen die neskameei, haien errealitatea ezagutzera emateko aukera. Neskameek hasieran zalantzak izango dituzte Skeeterren proiektuak sor ditzakeen ondorioen inguruan. Hala ere, adoretsu, zalantzak eta beldurrak alde batera utziko dituzte eta proiektuan parte hartuko dute. Beraien egoera salatzeko unea da.


Pertsonaiak, andreen kasuan, karikaturara hurbiltzen dira zenbaitetan. Gizarte hipokrita horretan emakume zoroenak zentsudunenak izango dira, errealitate tolerante baten alde egiten duten horiek. Andreak hipokresia eta iruzurraren adierazle dira. Makillaje, peluka, laka eta jantzi koloretsuen azpian ezkutatzen dute haien benetako izaera. Horregatik, 'The help' liburua argitaratu ondoren Hilly Holbrook (nolabaiteko "andreen nagusia", Bryce Dallas Howard aktoresa) makilatu gabe agertzen da, gaixorik, itsusi, orraztu gabe... babesik gabe geratzen doa bere lagunen aurrean, bere trikimailuak agerian utziz.

Filmak formalki ez du berrikuntza handirik eskaintzen, zuzena da. Pelikularen indarra emakume protagonistetan aurkitzen dugu, bere istorioetan. Adiskidetasun eta adorean. Filmaren azken planoa, kredituei dagokiena, plano luze eta finkoa da. Honetan Aibileen Clark, istorioaren narratzailea, amaiera gabeko kale batetik ibiltzen ikusten dugu. Oraindik bide luze bat du ibiltzeke Aibileenek. Oraingoan, bera izango da istorioaren idazle. Pelikula hunkigarria, polita. Gustatu zait.

1 comentario:

  1. Niri pittin bat faltsua iruditu zait. Emma Stone da Sandra Bullock berria, esaldi horrexekin laburtu dut nire diariotxoan...

    ResponderEliminar