Argi dago. Zaldi batzuek zenbait aktore baino espresibitate handiagoa dute. Noski, zaldi honek adierazkortasuna lortzen du ikusleak zuzendariaren jokoan parte hartzen duen heinean. "Joey" zaldia dugu Steven Spielbergen abentura epiko honen protagonista.
"Joey" bere amarekin pozik bizi zen saldu zuten egunera arte. Ted Narracottek Joey erosi zuen, erdi edanda hartutako erabaki batean. Nahiz eta emaztearen errieta jaso, zaldiarekin geratzea erabaki zuten. Albertek, Ted Narracotten semeak, Joey hezitzeko ardura hartu zuen, adiskidetasun istorio polit bati hasiera emanez. Lehen Mundu Gerra pizten denean Narracott familiak "Joey" saltzen du. Albertek promesa bat egiten du orduan, Joeyrekin berriz ere topo egingo duela. Hemendik aurrera Joey zaldiarekin batera gerran barrena bidaiatuko dugu.
Steven Spielbergek estilo klasikoko pelikula bat egin du. Ikuslea erraz hunkitzen duen istorio familiarra. Zaldi protagonista da filmari indarra ematen dion hori. Ipuin antzekoa dugu War Horse (umeentzako eleberri batean oinarritutako istorioa da). Biolentzia urrunetik azaltzen da, gerra ikusten dugu bai; baina ez dago onak eta txarrak bereizteko intentziorik. Gerra garaietan ontasunarentzat leku txiki bat dagoela erakusten du filmak. Hala ere, zaldia eta honen bidaia da garrantzitsuena.
Oker ez banago, liburuan zaldia da narratzaile. Spielbergek ideia hori ez du pantaila handian oso ondo islatu. Ikuslearentzat protagonista Albert Narracott izan daiteke, eta ez zaldia. Horregatik metrajearen erdialdera honen figura desagertzea apur bat arraro bihur daiteke. Filmak John Williamsek konposatutako musika ederra du. War Horse lan klasikoa da aspektu guztietan, eta klasikotasun horrek Oscar sarietarako 6 izendapen lortzea eragin du.
"Joey" zaldi adoretsuaren istorioa ez dago gaizki, polita da; baina ez dakit, ez nau txunditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario