"The Artist" gehitu behar dugu zine mututik soinura igarotzeak sortu zituzten ondorioak erakusten duten film zerrenda honetara. Billy Wilderrek "Sunset Boulevard" (1950) pelikulan Norma Desmonden zoramenaren ikusle bihurtu gintuen, melodramaz eta "kameos" beteriko maisu lana. 'Singin' in the rain' filman aldaketa hori ikusten dugu ere baina zoramenaren ordez, komikotasunarekin topo eginez. Azken honek trantsitzio hori hobeto erakusten duen lana da.
Stanley Donen eta Gene Kelly-k, esan bezala, soinuak zinemaren industrian eragin zituen aldaketak erakusten dizkigute film honetan. Alde batetik, zinemaren industriarentzat teknikoki aldaketa ikaragarria izan zen hura, produkzio sistema hankaz gora jarri zuen soinuak. Bestetik, aktore batzuentzat euren jardunaren amaiera izan zen, baztertu zituzten. Soinuarekin berdin zuen pantomimaren errege izatea, bat-batean hitza bihurtu zen garrantzitsu, eta hau ondo ulertu behar zen.
Alaitasunez betetako filma da, nire faboritoen artean kokatzen da, "Top 5"-ean. Gene Kelly, Donald O'Connor eta Debbie Reynolds xarma eta karismaz betetako hirukotea osatzen zuten. Koreografiak perfektuak dira, oso landuak eta zailak (adibidez, "Moses Suposses" eszenan O'Connor eta Kelly-ren arteko sinkronia perfektua da). Abestiak baita. Hauetako batzuk MGM-ren beste film batzuetatik birziklatu eta moldatu egin zituzten klasiko honetan ager zitezen. Zinea zine barruan. Hollywood-eko industriaren funtzionamendua une musikal batean laburtuta agertzen da, "Broadway Melody" (soilik zati bat ikusgai) abestiari dagokiona. Pelikulan agertzen den koreografia luzeena dugu hau (nire ustez, film laburtzat kontsidera daiteke). Eszena luze honetan Gene Kelly gazte bat ikusten dugu, apur bat "galduta" dabil Broadway-ko kaleetatik. Honen ametsa Hollywoodeko izar bihurtzea da.
Film honek momentu bikain asko ditu, adibidez, jendearen fedegabezia soinua lehen aldiz entzuterakoan, ahozkotasun klaseak, mikroak erabili zituzten lehen aldiaren grabaketa! ... Ez diot akatsik aurkitzen filmari. Perfektua izatetik hurbil dago.
Ba al dakizue, pelikula estreinatu zutenean arrakastarik izan ez zuela? Publikoarentzat beste musikal arrunt bat baino ez zen izan. Denborak klasiko batean bihurtu du. Nire ustez, musikalik hoberena da, eta ez hori bakarrik, filmaren historian egindako film hoberenetarikoa. Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan pelikula hau, berdin dit! Telebistan honekin topo egiten dudan bakoitzean, berriro harrapatzen nau, berriz ere liluratzen nau...
No hay comentarios:
Publicar un comentario