Pelikulak desberdintasun nabari bat du planteamenduan, orden aldaketa bat. Filmaren hasieran (liburuan ez bezala, honetan kronologikotasuna mantentzen da), Jane Eyre ihesean ikusten dugu, Rochester jaunaren etxetik alde egin du, babes bila dabil. Aldaketa honek intriga kutsu bat gaineratzen dio filmari. Jane Eyrek babesa aurkitzen duen momentuan, bere ihesaren zergatia ezagutuko dugu flashback baten bidez.
Jane Eyre umezurztegi batean heziketa zorrotz bat jaso zuen. Neska azkar, kurioso eta bakartia da. Beti bere ingurunea aztertzen dabil. Ez dio beldur pentsatzen duena adierazteari. Bere buruarekiko errespetua da bere arau nagusia. Bere helburua emakume independentea izatea da. Umezurztegian zenbait urte igaro ondoren, Rochester Jaunaren etxean hasiko da lanean, honen alaba-pontekoaren irakasle modura. Sekretu ilun bat gordetzen duen etxe erraldoia da, barroko eta apur bat beldurgarria.
Rochester jauna Jane Eyreren arimaren araztasunaz, honen inozentziaz eta naturaltasunaz maiteminduko da. Rochester jaunarentzat Jane Eyre pertsona liluragarria da, bakarra, misteriotsua. Aldiz, Jane Eyre hasieran beldur da, ez-eroso sentitzen da bere nagusiaren aurrean; ez du inoiz gizon batekin edozein motatako harremanik izan, ezta elkarrizketa arruntik ere. Horregatik hotz agertzen da. Bien arteko erakarpena nabaria da, hala ere, Jane ez da hortaz jabetzen. Ez ditu Rochester jaunaren "maitasun hitzak" sinesten. Eszena honetan nabaria da erakarpena, kimika handia dute bi aktoreek. Hala ere, hoztasuna da nagusi gelan. Ilun dago, ez dago surik inon. Kolore hotzeko eszena dugu hau.
Maitasun istorio eder eta tristea da Jane Eyre filmarena. Interpretazio bikainak dituena. Mia Wasikowska (Tim Burton-en Alicia) 'Jane Eyre' perfektua iruditu zait, eleberriaren deskripzioarekin bat egiten duena. Michael Fassbenderrek du Rochester jauna interpretatzeko ardura. Momentuko aktorea dugu Fassbender. Aktore benetan ona, xarmaz eta intentsitatez betea. Bigarren mailako rol batean, Fairfax andrearen rolean, Judi Dench dugu. Aktoresa honen lana maite dut, beti bikain, dotore... Bere presentzia hutsak pelikula bat ikusteko arrazoi nahikoa da niretzat.
Aktoreen lanaz aparte pelikularen bi elementuk txundituta utzi ninduten. Musika eta argiztapena. Dario Marianelliren konposaketak ederrak dira, biolin eta pianoan oinarrituta eszenak emozioz betetzen ditu. Argiztapenari dagokionez, argi naturala erabiltzen dute maiz, adibidez, kandelen suarena, edota "olio lanparenak". Horrek Rochester jaunaren etxea beldurgarriagoa bihurtzeaz aparte, eszenak adierazgarriago bihurtzen ditu. Aurreko bideoa lokalizazio hotz batean kokatzen bada, bideo honetan kontrakoa ikusten dugu. Intentsitate eta dramatikotasun handiko eszena dugu (kontuz, SPOILER handia dagoelako bideoan), aurretik aipatutako elementu guztiak biltzen dituena. Ondo grabatutakoa. Alde batetik suak igorritako argia da oinarri, Rochester jaunak Jane Eyreren izaera bitxiaren berri ematen du hasieran. Jane bere buruarekiko errespetua defendatzen du eszenan. Hondoan, Dario Marianelliren musika entzuten dugu. Eszena bikaina.
No hay comentarios:
Publicar un comentario