"In search of a midnight kiss" filman muxu mitiko horren bilaketa bihurtzen da bi pertsona elkar ezagutzeko aitzaki perfektua. Alde batetik Wilson dugu, 29 urteko mutila, sei urte daramatza bakarrik, neskalagunik gabe. Idazten ez duen idazlea da. Jacob, honen lagun mina, interneten iragarki bat jartzea proposatzen dio urteko azken gaua bakarrik igaro ez dezan. Bestetik Vivien dugu, Wilsonen iragarkiari erantzuna emango dion neska. Vivienek 27 urte ditu, antzezten ez duen aktorea da. Mutil lagunarekin apurtu berri du eta hau ahaztu nahian gauerdiko musu baten bila dabil.
Bi pertsonaiak antzekoak dira. Biek dute itxi gabeko zauri bat. Iraganaren zama dute. Bakarrik daude, aurrera egin ezinik, galduta. Filmak iragana ahaztu beharreko elementua dela defendatzen du, etortzekoak diren bizipenei leku egin behar zaie. Aldaketaren unea da. Bizitzen hasteko unea.
14 ordu urte berrirako. Los Angelesen 12 milioi pertsona. Vivien eta Wilson elkar ezagutzen dute. Hauen bizitzak aldatu egingo dira gau hartatik aurrera. Oroitzapen perfektua sortu dute. Mezu argia du pelikulak, arazoen aurrean erreakzionatu behar da, aldatu behar da. Ideia hau indartzeko amaieran "abesten" (pertsonaiek egiten dutena ez dakit abestea kontsidera daitekeen) duten abestia ezin hobea da: "Wind of change".
"In search of a midnight kiss" 2007ko pelikula "indie" zinema definitzeko eredu ona da. Aurrekontu baxua, baliabide eskasak... eta ideia bat. Pelikulak bi bertsio ditu, bata zuri beltzean eta bestea kolorean. Jazz musika entzuten dugu askotan Los Angeles hiriko errekurtso planoak ikusten ditugun bitartean. Woody Allenen "Manhattan" filma burura etorri zitzaidan hori ikusterakoan.
Wilson eta Vivien, protagonistak, krisi unean daude. Hauen arteko harremana intentsitatea irabazten doa euren benetako sentimendu eta beldurrak azalarazten direnean. Nahiz eta proposamen iraultzaile berezirik egin ez, eta formari dagokionez apur bat errepikakorra bihurtu; istorio polita da kontatzen digutena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario