Martin Scorsese dugu abentura honen zuzendari. 30.hamarkadako Parisen kokatutako istorio hau zinearen sorrerari egindako omenaldi ona da.
Hugo Cabret Pariseko tren geltokian bizi den ume bat da. Nahiz eta inork Hugoren jardunaren berri izan, geltokiko erloju erraldoiei egunero giltza emateaz arduratzen den pertsona da. Bere aita erlojugilea zen eta erlojuen makinaria konplexuez jakin beharreko guztia erakutsi zion. Hugo Cabretek bere aitak aurkitu zuen hondatutako robot bat konpotzen dabil orain. Honen jatorria eta konponketa intrigaz betetako abentura batean bilakatuko da.
Hugo Cabret gazteak helburu bat du. Mundua etengabe funtzionamenduan dagoen makinaria perfektua da. Guztiok makinaria hori martxan jarraitzea ahalbidetzen duen parte gara, funtzio zehatz bat dugun piezak. Guztiok dugu zer egin eta zer esaterik. Horregatik, bere funtzioa betetzen jarraitu dezaten, Hugok apurtuta dauden "pieza" edo "makina" horiek konpontzeko helburua du.
Abentura gisa hasten den istorio hau zine omenaldi batean bilakatzen da, Lumière anaien grabaketa dokumentalei eta George Mélièsen lehenengo fikzioei egindako omenaldia. "Hugo" pelikula hunkigarri bat da. Scorsesek zinea "ametsen fabrika" izaten jarraitu behar duela aldarrikatzen du, non dena posible den. Ideia hori adierazteko Méliès figura eta "magia" oinarri hartzea aukera ezin hobea da. Hala ere, neure buruari galdera bat egiten diot... Nor izan da pelikula hainbeste gustatu izanaren errudun, Scorsese ala Méliès?
Pelikularen proiekzioan detaile txiki batek ilusioa egin zidan; pelikula ikusten ari ziren umeen barreak Harold Lloyd, Buster Keaton zein Méliès beraren pelikulen artxibo irudiak ikusterako orduan. Pelikula polita dugu Martin Scorseseren "Hugo", apur bat hezitzailea ere.
Bitxia iruditzen zait aurten Oscarretan Pelikula Hoberenaren saria irabazteko hautagai diren bederatzi pelikuletatik hiruk iraganaldiari omen egitea. "Midnight in Paris"-en nostalgia aitzakitzat hartuz 20.hamarkadako Parisera bidaiatzen dugu; "Hugo"-n, Parisen ere, zinearen jaiotza ikusten dugu. Azkenik, "The Artist"-en frantsesek Hollywoodeko zine mutuari egindako omenaldia aurkitzen dugu. Hau kontuan hartuz, soilik gauza bat gaineratu dezakegu, aurten zineak irabaziko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario