7/2/12

'Midnight in Paris' (2011) - Iraganaren xarma

O, Paris. Argiaren hiria. Maitasunaren sinbolo. Woody Allen bi elementu hauek nahastu ditu 'Midnight in Paris' filmean. Parisekiko maitasuna adierazten du fotografia bizi bat erakusten duen film honetan. Apur bat saturatutako koloreek Paris xarmaz betetzen dute. Arrakasta handia izan du Woody Allenen azken lan hau, bai publiko bai kritikaren aldetik. Filmaren hasieran 'Manhattan' filmari erreferentzia formala egiten dio, formula gutxi gorabehera errepikatuz. Film hau atsegin dut.


Istorioaren protagonista, Woody Allenen alter egoa, Gil Pender da. Hollywooderako istorioak idazteaz nazkatuta dagoen gidoilari amerikarra dugu Pender (Owen Wilson). Eleberri bat idazten dabil, baina ez da hau argitaratzera ausartzen. Paris erromantiko honetan inspirazioa aurkituko du.

Gau batean, Gil Pariseko kaleetatik zebilen eta bat-batean kotxe bat bere aurrean gelditu zen. Pender dudarik gabe honetan igo zen, inoiz ahaztuko ez zuen bidai bati hasiera emanez. Gauero bidai hori errepikatuko du, honetan iraganera joango da, 20.hamarkadako Parisera. Bidai hauetan Hemingway, Scott Fitzgerald eta bere emaztea, Dali, Buñuel, Picasso zein Cole Porter ezagutuko ditu. Hala ere, artearen, musikaren zein narratibaren izar guzti horien artean, pertsona anonimo bat izango da Penderren bihotza 'lapurtuko' duena, Adriana (Marion Cotillard).


Penderrek iraganeko garai guztiak oraina baino hobeagoak direla defendatzen du. Adriana Penderren ideiarekin ados dago. Hala ere, kontuan hartu behar dugu Adriana Gil Penderren Paris 'idilikoaren' parte dela eta ez orainaladiaren parte. Beraz, Adrianaren iragan idilikoa Parisen 'Belle Epoque' garaian kokatuko da.

Gil Pender idazten ari den eleberria nostalgiari buruzkoa da. Gure protagonista orainean galduta dabil, aspertuta eta bere neskalagunaz nazkatzen hasia. Iragana maitatzen du. Woody Allenek bere gidoi bikain honetan zera defendatzen du: iragan erromantiko batera jotzen duten pertsonek, orainaldi mingarri bati aurre egiteko gai ez diren horiek dira.

Hori da Penderrek duen arazoa. Bere iraganeko bidaiekin liluratuta egon arren, zoriontsu ez dela ohartuko da. Bidean ikasi egingo du. Idazle on batean bilakatzeko, bere tokia aurkitu beharko du. Bere iraganarekiko obsesioa alde batera utziz eta orainaldian bizitzen ikasiz. Agian, Paris euritsu batean? Batek daki. Pelikula benetan ederra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario