23/4/12

'The kids are allright' (2010) - Amerikar familia atipiko baten erretratua

Amerikar familia atipiko baten eguneroko bizitza erakusten duen filma dugu hau. Nic (Annette Bening) eta Jules (Julianne Moore) 10 urte baino gehiago daramatzate elkar bizitzen. Bi seme-alaba dituzte, Laser eta Joni, 15 eta 18 urte dituztenak hurrenez hurren. Hauek intseminazio artifizialaren bidez jaio ziren. Nic eta Jules ez dute inoiz hauen aita biologikoaren berri jakiteko interesik izan; aldiz, Laser eta Jonik bai. Biek hauen aitaren biologikoaren bila joko dute, hau ezagutu nahi dutelako, erraz topo egingo dute berarekin. Harreman paternal berri honek euren errutina idilikoa apurtaraziko du.

Paul (Mark Ruffalo) gizon lasai bat da, kezka handirik gabe zein konpromisorik gabe bizi dena. Baina dena aldatuko da Laser eta Joni ezagutzen dituenean. Paulek elkar ulertze ona eta harreman atseginaz jabetzen denean, deskubritu berri duen familia horren parte izan nahi duela erabakitzen du. Erabaki hau eragin desberdina izango du Jules eta Nic-engan. Paulek Jules preziatu sentiarazten du. Aldiz, Nic-ek inguratzen dion oro galtzeearen beldur da, hau da, ez du nahi Paulen presentziak urtez urte eraikitako "eskema familiar idiliko" hori apurtzea.


Komedia dramatiko desberdina, "indie" genero kutsu bat eta aktore talde ezinhobea duena. Annette Beningek egindako lana da pelikularen elementurik aipagarriena, baditu indartsuak diren pare bat eszena dramatiko, lan ona. Julianne Moore bere rola ondo betetzen du, eta bi seme alabak, Josh Hutcherson eta Mia Wasikowska, aktore belaunaldi berri baten parte izateaz aparte, ondo betetzen dute euren rol sekundarioak. Istorio atsegina, hurbila, baina pixka bat gain baloratuta dagoena.

21/4/12

'The Hunger Games' (2012) - Sugarrak piztuko dituzten lehen txinpartak

12 distritu. 24 tributu. Garaile bakarra. Urtero bezala Kapitolioak "Gosearen jolasak" antolatzen ditu, bizirautea helburu duen reality show antzeko bat. Panem-go distritu bakoitzak bi ordezkari bidali behar ditu jokoetara, 12-18 urte bitarteko mutil eta neska bat. Joko hauek Kapitolioak herri xumeari ezarritako zigor bat dira, duela zenbait urte Kapitolioaren kontra errebelatzen ausartu izanagatik.

Katniss Everdreen-ek (Jennifer Lawrence) bere burua boluntario gisa aurkeztuko du, tributu gisa proposatuko du bere burua, honen ahizpa babesteko helburuarekin. Peeta Mellark-ekin batera, 12.distritua ordezkatzeko ardura izango dute.

Suzanne Collinsek idatzitako liburuak oinarri hartuta, "Gosearen Jolasak" biziraupen istorio bat narratzen digu, borroka eta amodio istorioa, kritika sozial eta politikoarekin nahastutakoa. Fenomeno literario eta zinematografiko berri bat, amaierara heldu diren beste saga batzuek utzitako hutsunea betetzeko helburua duena.


Gary Ross dugu film honen zuzendaria, eta zuzen egin du bere lana. Liburu bat zinemara moldatzea ez da inoiz erraza izan. Gehienetan indarra galtzen du istorioak, eta zenbait pertsonai, arrazoi narratiboengatik "sakrifikatu" behar dira. Kasu honetan gertatzen den bezala. Hala ere, garrantzitsuena testu literarioaren esentzia mantentzea da, eta hori bai, lortu egiten dute. Suzanne Collinsek istorioa lehenengo pertsonan idazten du, Katniss Everdreen da protagonista absolutua. Narratzaile eredu hau pantaila handian islatzeko bi aukera nagusi ditugu: bata, protagonistaren off ahotsaren bidez egindako narrazioa egitea; bestea, plano subjektiboen erabilera. Gary Ross zuzendariak, bigarren aukeraren alde egiten du. Batzuetan errekurtso hau gehiegi erabiltzen duen arren, zenbait eszenetan ikuslea zorabiatzen duelako; behin bere jokoan sartuz gero, Katnissek bizitzen ari den horrekin identifikatzea errazagoa da.

Pelikulak, orokorrean, liburuaren une esanguratsuenak biltzen ditu. Egia da, liburua irakurri dutenentzat pelikula ulertzea errazagoa izango dela, berez filmak zenbait informazio hutsune dituelako. Gainera, liburuak irakurrita izanda, Katniss isilik geratzen den zenbait une, edota euren jokaeren zergatiak hobeto ulertzen dira.



Katniss Everdreen heroi zinematografiko berria dugu, independente eta ausarta. Pelikulan maitasun hirukote baten hasiera ikusten dugu ere, noski: Peeta, Gale eta Katnissen artekoa (liburuan hobeto garatutakoa). Aktore talde ona du pelikulak, zenbaitetan euren interpretazioak hotzak diruditen arren, orokorrean egindako lana ona da. Zelaian, protagonistak hotzak izan behar dira, estrategak, hiltzaileak, sentimendu adierazpen oro euren kontra jokatzen du, ahuleziaren seinale direlako. 

Lehenengo pelikula honen helburua "Gosearen jokoen" nondik norakoak erakustea da, Kapitolioaren tirania eta hoztasuna "bere herriaren" heriotzaren aurrean. Kapitolioan bizi den jendea "artifiziala" da, estilo zalantzagarria duten jantziak daramatzatenak eta goitik behera makillatuta doazenak. Pelikulak duen funtzioa geroago sugarretan bilatuko diren su txinpartak piztearena da. Moldaketa zuzena, tentsioan mantentzen zaituena, eta erritmo ona duena. Entretenimendu ona.

18/4/12

'La guerre est déclarée' (2011) - Romeo eta Julietten itxaropen istorioa

Gerra deklaratu dute, eta borroka gogorra izango da. Seme baten gaixotasunaren aurkako borroka. Romeo eta Juliette maitemindu zireneuren begiradek topo egin zuten une berean. Bizitza gehiegi kezkatzen ez diela dirudien arren, borrokatzen ikasi beharko dute, heroietan bihurtu beharko dira, sakrifikatu beharko dira euren semearen bizitza salbatzeko.

Behin baino gehiagotan abesti bat konposatzea, istorio bat idaztea edota pelikula bat grabatzea ihesbide bihurtzen dira barruan gordeta dugun beldur zein min hori askatzeko; eta nolabait, hau da pelikularen egileei gertatu zaiena.

Pelikula  benetako gertaeretan inspiratuta dago. Valérie Donzellik (Juliette) pelikula hau zuzendu eta idatzi egin zuen honen bikotearekin batera, Jérémie Elkaïm (Romeo). Gaixotasun larri bat izan zuen seme bat izan zuten, eta pelikula honen bidez bikoteak euren arimak biluzten dituzte kamararen aurrean, publikoaren aurrean, interpretazio boteretsuen bidez.


Romeo eta Juliette familiarekin biltzen dira egoerari aurre egiteko, baina gero borroka honi bakarka aurre egingo diote. Dena kontran duten arren, baikor izatea erabakitzen dute, itxaropentsu izaten saiatzen dira. Pelikulak benetan oso dramatikoak diren uneak ditu, adibidez, Juliettek Romeo eta bere familiari Adam txikiaren gaixotasunaren berri ematen dien unea. Badira zenbait une non bikote protagonistak hartzen dituen erabakiak edo jokaerak logikoak ez diruditen, baina aldi berean, une arraro horiek, pelikula xarmaz betetzen dute. 

Orokorrean, pelikulak ikuslearen irribarrea lortzen saiatzen da behin baino gehiagotan, eta lortu egiten du, nahiz eta planteatzen diguten egoera drama itzela izan. Pelikula ona eta hunkigarria.

Euskarazko azpitituluak: http://bit.ly/I6ndIj


10/4/12

'Chocolat' (2000) - Bizitzaren plazer txikiak

Bazen behin Lansquenet deitutako Frantziako herrixka txiki bat. Oso herri tradizionala zen hura, eta urteak igaro ziren ezer berezirik gertatu gabe. Egun hotz batean, iparraldeko haizeekin batera, pertsona misteriotsu bat ailegatu zen herrira kapa gorri bat jantzita zuela. Deabrua batzuentzat, aingerua besteentzat: Vianne Rocher.


Lansqueneteko herritarrak euren bizitzak lasai bizitzera mugatzen dira, ez dute plazerrik bilatzen ezta onartzen ere. Viannek garizuman txokolate denda bat zabalduko duela enteratzen direnean, probokazio handia iruditzen zaie.

Herritar misteriotsu berriaren inguruan marmarka hasten dira herritarrak, hauentzat Vianne bekatuan bizi den emakumea delako: alaba bat duen emakume ezkongabea, ateoa... Hala ere, Vianne-i ez zaizkio beraren inguruko zurrumurruak axola eta herri txiki horren biztanleen bizitzak gozotzeko prest dago. Viannek gaitasun berezi bat du, pertsona bakoitzaren txokolate faboritoa zein den asmatzeko gaitasuna.

Pelikula-ipuin kurioso honetan drama zein maitasunarentzat tokia dago ere. Lansqueneteko biztanleak beldurrarekin bizi dira, desirak erreprimitzen dituzte. Esan bezala, oso herri tradizionala da. Beti zuzena omen den hori egin eta onartzen dute. Hau da, egin beharrekoa egiten dute, ez benetan egin nahi duten hori. Baina ez soilik herritarrek, Viannek baita. Vianne honen amaren oroitzapenari lotuta bizi da, ez da konprometitzeko gai. Beti dabil leku batetik bestera bidaiatzen bere alabarekin batera, eta amaren errautsak gainean eramanez.

Istorio gozo honek kasting on bat du. Juliette Binoche xarmangarria dugu ipuin honen protagonista, eta honekin batera Johnny Depp, Judi Dench zein Alfred Molina ikus ditzakegu. Pelikulak, arraroa iruditzen zaidan arren, bost Oscar izendapen lortu zituen. Chocolat gozotasunez betetako ipuina da, sinesten eta maitatzen duzun horren alde egin behar duzula erakusten duen horietakoa, norbaiten bultzada beharrezkoa bada ere. 

8/4/12

'What's eating Gilbert Grape?' (1993) - Norbaitek Arnie ikusi al du?

What's eating Gilbert Grape? pelikularen zati batzuk ikusita nituen soilik, orain pelikula osoa ikusi dudala, hau komentatzeko unea dela erabaki dut.

Ondo landutako drama honen izenburua euskaraz, "Zerk arduratzen du (edo zerk kezkatzen du) Gilbert Grape" izango litzateke, gutxi gora behera. Endora izeneko herri batean kokatzen da, toki lasai bat non ezer gertatzen ez den. Gilbert Grape (Johnny Depp) mutil gaztea da eta herriko supermerkatuan lan egiten du. Ardura ugari ditu eta hauek nolabait honen bizimodua baldintzatzen dute, ez da aske bizi. Honen aitak bere buruaz beste egin zuenetik, Gilbertek bi arreba, ama gizena eta arazo mentalak dituen anaia, Arnie, zaintzeko ardura du; bere familiarekiko duen konpromisoa itzela da. Gilberten helburu bakarra pertsona ona izatea da. Nahiz eta ama familiaren zutabe nagusia izan, karga handi batean bilakatu da bere seme- alabentzat. Gilbertek ez du inoiz bere nahi edo desiretan pentsatzen, ez du horretarako denborarik, Beckyrekin topo egiten duen arte.


Becky emakume gazte bat da. Hau bere amonarekin karabana batean igota bidaiatzen dabil. Gilberten muturreko pertsona da, ez da inguratzen dion horretaz gehiegi kezkatzen, bere bizitza bizitzera mugatzen da leku batetik bestera bidaiatuz. Gilbert maiteminduko duen espiritu libre bat da Becky. Pelikulan amodio istorioa bigarren maila batean garatzen den arren, oso garrantzitsua da Gilberten pertsonaiarentzat, honek bere bizitzan lehen aldiz, zerbait desiratzen duelako. Orokorrean, pelikulak planteatutako egoera nahiko dramatikoa den arren, itxaropentsua den pelikula bat dugu.

Pelikulak istorio polit bat kontatzen digu. Honetan Johnny Depp eta Leonardo DiCaprio gaztea besteen gainetik nabarmentzen dira. Lehenak interpretazio lan on eta naturala egiten du. Bigarrenak, bere bizitzan egindako interpretazio hoberenetariko bat gauzatzen du, Arnieren pertsonaia sinesgarri bihurtuz. Ikustea merezi duen pelikula da.




7/4/12

'Titanic' (1997) - I'm the king of the world!

Ehun urte igaro dira jada Titanic itsasontzia hondoratu zenetik, eta James Cameronek zinemara eraman zuen tragedia honek oraindik apur bat hunkitzen jarraitzen nau. Aste honetan 1997ko pelikula hau berriz estreinatu dute, baina oraingoan 3D-n. Hondoratzearen urteurrena dela eta, drama erromantiko hau berriro ikusi dut, baina etxean, eta 2D arruntean.

Gustatu ala ez, Titanic pelikula garrantzitsua da zinemaren historian, batez ere produkzioari dagokionez. 200 milioi dolar baino gehiagoko aurrekontua izan zuen. Merke atera zen pelikula, mundu osoan zehar mila milioi euro baino gehiago irabazi zituelako. Gainera, pelikula efektu berezietan berritzailea izan zen eta guztira 11 Oscar sari irabazi zituen.

James Cameronek telebistan Titanicen hondoratzearen inguruko dokumentala ikusi zuen behin, eta bizirik atera ziren pertsonen testigantzek harrapatu egin zuten. Zuzendariak istorio horiek pantaila handira eraman behar zirela pentsatzen zuen, eta gidoia idazten hasi zen. Pelikula 1997ko abenduan estreinatu zuten. Cameronek ez zuen hondamendien inguruko pelikula arrunt bat egin nahi; Cameronek Titanic inoiz ikusitako espektakulurik handienean bihurtu nahi zuen; eta lortu egin zuen. Bai horixe.


Rose (Kate Winslet) klase sozial altuko gaztea da, bere ama eta ezkongaiarekin batera bidaiatzen du. Jack (Leonardo DiCaprio) aldiz, klase sozial baxuko artista gaztea da. Honek Titanicen bidaiatzeko txartelak poker partida bat irabazi ondoren lortu ditu. Jack eta Rose kasualitatez topo egingo dute itsasontzian, Jackek Rose bizitza 'salbatzen' dioenean. Jack Rosen edertasunaz maiteminduko da; Rose aldiz, Jacken errebeldiaz eta askatasunaz. Debekatutako maitasun istorio triste bati hasiera emanez.

Pelikula hau bi atal nagusietan banatuta dago. Lehenengo atala beroa da (trama eta kolore aldetik), maitasun istorioari dagokiona; bigarren atala aldiz hotza da, baita irudi tratamenduari dagokionez, Titanic erraldoiaren hondoratzeari dagokiona.

'Titanic' zinemaren historian egindako produkzio handienetako bat izaten jarraitzen du. Pelikula erromantikoa hondamendiarekin nahastu zuen Cameronek, eta"dokumentala" epikotasunarekin. DiCaprio izar handi batean bihurtu zen, guztiak "munduaren errege" sentitu nahi ginen. Denbora nahiko igaro da pelikula hau ikusi nuen azken alditik, eta zera esan behar dut, nahiz eta "kursilada" handia izan, ezinezkoa da Jacken begiradaz ez maitemintzea.

4/4/12

'Intouchables' (2011) - Baikorrak izan gaitezen!

'Intouchables' pelikula hunkigarria da aspektu desberdinetan, barre zein negar eginarazten dizu, pozik ateratzen zara zinematik istorio hau ikusi ondoren. Pertsonaiekin identifikatzea oso erraza da, eta hori, beti bezala, istorioari mesede egiten dio. Pelikula frantziar hau Zinearen Historian irabazi gehien lortu dituen pelikula europarrean bihurtu da, 'Amélie' eta 'La vita é bella' bezalako klasikoak gaindituz.

Philippe frantziar aristokrata bat dugu. Parapentea praktikatu bitartean istripu bat izan zuen eta tetraplegiko gelditu zen. Gurpil-aulki batean kartzelaratuta bizi da, eta ingurukoen errukitasunez nazkatuta dago. Driss laguntzaile gisa kontratatzen duenean, dena aldatzen hasiko da.


Driss langabezian zegoen mutil bat da, ahal duen moduan bizirauten du Philippen etxean lanean hasten den arte. Drissek naturaltasun osoz tratatzen du Philippe, berdintasunez, eta hau Phillipek asko eskertzen du. Drissek pixkanaka bere ingurukoen maitasuna lortzen doa, eta nola ez, publikoarena ere. Bikote protagonistak kimika handia du. Pertsonai biek bizitza eta gizartearen ezbeharrei aurre egin behar diete, ezgaitasun fisikoari eta langabeziari adibidez. Muturreko pertsonak diren arren, osagarriak dira.

Bai Drissek bai Philippek iragan mingarri bat dute, honetaz kontziente dira, baina ez dira hau atzean uzteko gai. Hala ere, Drissek baikor izatearen alde apustu egiten du beti, bizitzeko gogoaren alde, eta gogo hauek Phillipi kutsatuko dizkio.


Pelikularen hasiera indartsua da, edonor animatzeko gai dena. Honetan Earth, Wind and Fire taldearen "September" abestia entzuten dugu. Eszena honek argi uzten du zein izango den pelikulak jarraituko duen planteamendua, hau da, hasierako eszena hau une dramatiko bati dagokio baina Drissek buelta ematen dio, momentu baikor eta alai batean bihurtuz.

Batzuek 'feel good movie'-ren etiketa jarri diote. 'Intouchables'-ek kontatzen digun istorioa klasikoa da forman, ondo landutako gidoi bat du, eta gaindiezinak diren bi protagonista nagusi. Istorio dibertigarria eta hurbila. Pelikula honen amaiera, perfektu izatetik hurbil dago. Oso hunkigarria.

1/4/12

'Los pasos dobles' (2011) - Pertsonatik pertsonaiara


Isaki Lacuestaren ‘El cuaderno de barro’ dokumentala ‘Los Pasos dobles’ fikzioarekin konektatuta dago. Azken honetan, Lacuestak François Augiéras idazle eta margolari frantsesaren biografia kuriosoaren interpretazio guztiz askea egiten du. Genero nahasketa, erreferentzia zinematografiko, eta irudi ederrekin topo egiten dugu istorio bitxi honetan.

Zuzendariak batera sortu zituen ‘Los pasos dobles’ eta ‘El cuaderno de barro’, lokalizazioak, pertsonaiak, gaiak… berberak dira. Hala ere, hauek indibidualki kontsumitu daitezke arazorik gabe.

Estilo dokumentala (Miquel Barcelóren atala) eta fikzio hutsa dena (François Augiérasen atala) nahasten ditu zuzendariak. Pelikula osoa ipuin bat dirudi, bizitza baten inguruko kondaira bat, non hiru gizon desertuan barrena ezkutatutako bunker baten bila dabiltza. Bilaketa hau Lacuestaren irudimena askatzeko aitzaki bihurtzen da.

Une komikoak, une dramatikoak, western generoari egindako erreferentziak, eta istorioak narratzearen artea. ‘El cuaderno de barro’ dokumentalean gertatzen den antzera, ‘Los pasos dobles’-en indar bisual handia duten irudiekin topo egiten dugu. 



Dokumentalean agertutako pertsonak, pertsonai bihurtzen dira fikzio honetan. Istorio desberdinez betetako istorioa da. Narrazioen nahasketa bat. Kondairatik hurbil dagoen istorio zuzen, bisualki indartsu eta interesgarria.