Bederatzi urte luze igaro dira ‘The Lord of The Rings: The Return of the King’ estreinatu zutenetik, eta orain ‘The Hobbit’ pelikularen eskutik J.R.R. Tolkienen unibertsora bueltatzeko unea heldu da. Peter Jacksonek zuzendutako The Lord of The Rings trilogia benetan bikaina dela pentsatzen dut, beraz gogo handiak nituen ‘The Hobbit’ liburuaren moldaketa zinematografikoa ikusteko. Moldaketak hiru atal izango ditu, gehiegi nire ustez, baina beno. Ongi etorriak izan daitezela hiru pelikulak!
Bilbo Baggins lasai
eta eroso bizi da bere etxe dotorean, espero ez duen bisita batek bere errutina
hankaz gora jartzen duen arte. Ia konturatu gabe, Bilbo bizitzan izandako
abentura eta bidaia zirraragarrienaren parte bilakatuko da. Gandalf, Thorin eta beste hamabi nanoekin batera
(Dori, Nori, Ori, Gloin, Kili, Fili, Bofur, Bifun, Balin, Dwalin, Bombur) Bilbo “misio” berezi baten parte bihurtuko da: Erebor berreskuratu beharko dute. Smaug
dragoiak Erebor bereganatu zuen eta bertan bizi ziren nanoak bertatik bota
zituen. Orain, Thorinek, tokiaren lider eta oinordeko bezala, legitimoki berea
dena berreskuratzeko ordua dela erabaki du.
Lehenengo entrega
honek helburu bat du: pertsonaia nagusiak aurkeztea eta bidaiaren helburua zein
den azaltzea. Detailez betetako pelikula dela uste dut, nire interesa erraz
irabazi du istorioak, agian Tolkienen mundura bueltatzeko gogoak nituelako. The
Lord of The Rings trilogiarekin konparatzeak ez du merezi, berez, The Hobbiten estiloa
edo tonua berbera ez delako. Oraingoan istorioaren oinarria ipuinetik hurbilago
dago, eta umore kutsua nabarmenagoa da.