20/1/14

'The wolf of Wall Street' (2013)



 Sexua, drogak, arrakasta eta Wall Street

Martin Scorseseren azken pelikula energiaz eta gehiegikeriaz beteta dago. Zalantzagarria den negozio forma baten inguruan idatzitako komedia beltza dugu hau. ‘The Wolf of Wall Street’ Jordan Belfort broker-rak idatzitako biografia hartzen du oinarri bezala, egun batetik bestera akzioen salerosketetatik lortutako komisioei esker dirutza izugarria lortu zuen gaztearen istorioa. Noski, egiten ari zena hori legala ote zen? Bistan denez, ez.

Jordan Belfortek (baliteke hau Leonardo DiCapriok egindako lan ausartena izatea), argi uzten du amets amerikarra delakoa lortzeko zenbait gauza alde batera utzi behar direla, horien artean lehena: morala. Esan bezala, protagonista gehiegikeriaz inguratuta dago: nahi beste kokaina, alkohol eta dirua (diru asko). Azken hau egungo gizartearen “droga” adiktibo eta preziatuena izanik.

13/1/14

'August: Osage County' (2013)


Weston familiaren sekretuak

Hipokresia, irainak, min egiten duten egiak, sekretuak, gezurrak, mespretxua… ‘August: Osage County’ pelikularen trailerra ikusita familia gatazkei buruzko komedia atsegin baten aurrean gaudela dirudi, baina errealitatetik ezin urrunago egon, pelikula komediara baino dramara gehiago hurbiltzen delako. Are gehiago, erakusten duen egoera deprimitzekoa izan daiteke. ‘August: Osage County’ Tracy Lettsek idatzitako antzezlanean oinarritutako pelikula da. Kasu honetan, Letts bera arduratu da bere testuaren moldaketa zinematografikoaz.

Weston familia, itxuran, nahiko familia arrunta da. Aita (Sam Shepard) desagertu egin da; hori dela eta, familiaren kide guztiak elkartuko dira. Bilera horretan, hasieran erakutsitako errespetua eta politikoki zuzena den hori alde batera uzten joango dira, etengabeko irain trukaketari bide emanez.

9/1/14

'Inside Llewyn Davis' (2013)


Arrakasta eta porrotari buruz

‘Inside Llewyn Davis’ Coen anaien azken pelikula da. Istorioa 60ko hamarkadako New Yorken girotuta dago, Greenwich Villagen zehazki, garai hartako bohemia eta artearen jaiolekua. Istorioaren protagonista Llewyn Davis (Oscar Isaac) da, arrakasta lortu nahi duen folk musikari gaztea. Hori bai, bidean ez dago bere burua ala bere identitatea “saltzeko” prest.

Llewyn galtzaile bat da, ez da oso atsegina, bakartia da… Diru gutxi, etxerik ez, nahiko grisa da bere bizitza. Bere taldekidearen heriotza ez du gainditu oraindik. Folka “berpiztear” zegoen garai hartan, lehen pausuak berriz ematen hasi zen. Noski, bidean gutxi izan ziren arrakasta lortu zuten horiek. Eta pelikulak ideia hori argi uzten du, musikari trebe eta ona izateak ez dizu arrakasta ziurtatzen.

2/1/14

'The secret life of Walter Mitty' (2013)


Ametsak alde batera utzi eta bizitzen hasi

Erlazionatutako edukia: 'Reality Bites' (1994)
Hona hemen Walter Mittyren (Ben Stiller) bizitzari buruzko istorio bat, gizon arrunt eta langile bat istorioa. Bere bizitza errutinan oinarritzen dela pentsa dezakegu, gorabehera gutxi ditu, bizitza umila azken finean. Ez ditu abentura zirraragarririk edota ingurukoekin partekatzea merezi duen esperientzia berezirik bizi. Bakartia, barnerakoia eta lotsatia. Zein da beraz bere berezitasun aipagarriena? Esna amets egitea. Ideia batean murgiltzen da maiz, pentsamendu batean galtzen da non edozer gerta daitekeen. Amets horietan, errealitate hobeago bat amesten du, non bera heroia den; eta ez zer kontatzerik ez duen galtzaile bat. Hori da Walter Mitty.