28/4/13

'The ghost writer' (2010)


Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
Roman Polanski: 'Carnage' (2011)

Gertaera tragiko batekin hasten da Roman Polanskik zuzendutako 'The ghost writer' pelikula. Adam Lang (Pierce Brosnan) Britainia Handiko lehen ministro ohiaren biografiaren idazlea hilda aurkitu dute kostaldean. Froga guztiek idazleak bere buruaz beste egin duela aditzera ematen dute, beraz, ikerketa bertan behera geratzen da. Langen biografia polemikaz inguratuta dago, politikoaren adierazpenek nazioarteko krisi bat piztu dezaketelako. Orain, bere agintaldian torturak eta bahiketak agindu eta baimendu izana leporatu dio politikoari berarekin gobernuan aritu zen ministro batek. Polemika piztuta, prentsa eta biktimen senideek politikoaren etxea inguratzen dute egunero.

Kritikak jaso arren, biografiarekin aurrera jarraitzea erabakitzen du Langek. Horretarako idazle berri bat kontratatuko du, aurrekoak ia bukatutako lana amaitu dezan. Ewan McGregor aktoreak "izenik gabeko" idazle hori gorpuzten du. Idazle anonimo bat da, politikaren inguruan ideia handirik ez duena baina eskaintza ekonomiko esanguratsu bat jaso ostean, politikoaren biografia idaztea onartuko du. Jatorrizko bertsioan "ghost" ezizena jartzen diote idazleari.

20/4/13

'Gattaca' (1997) - Genetika eta patua



'Gattaca' Andrew Niccolek zuzendutako lehen pelikula izan zen. Istorioa etorkizun hurbil batean kokatzen da, horretan genetikaren arloan egindako aurrerapenek gizaki perfektuen sorrera posible egin dute. Gaixo dauden horiek gizartetik baztertu dituzte eta "ezgaitzat" etiketatu dituzte. Zientziak agintzen du orain. Vincent Freeman (Ethan Hawke) hiritar "ezgai" horietako bat da (aitak ere baztertuko du).

Vincenten ametsa Gattaca Korporazioak antolatzen dituen espazio-misioetako baten parte izatea da. Bere "urritasun genetikoek" ate guztiak itxiko dizkiote, baina Vincentek ez du indarrak inoiz galduko, bere patua aldatzeko prest dago. Jerome Morrow-ren (Jude Law) laguntzarekin plan korapilatsu eta arriskutsu bat prestatuko du, helburua: Gattacan sartzea. Jerome Gattacan sartzeko pertsonaia "gaia" da, baina istripu bat izan ondoren gurpil-aulki batean "harrapatuta" bizi da. Jeromek bere identitatea prestatuko dio Vincenti horrek bere ametsa egi bihur dezan. Kontu handiarekin lan egin beharko dute, beti erne. Akats txikienak ere plan guztia pikutara bota dezake. Ustekabeko hilketa batek guztia kolokan jarriko du.

13/4/13

'To kill a mockingbird' (1962) - Atticus Finch eta Scouten begirada


'To kill a mockingbird' Harper Leek idatzitako eleberri bakarraren moldaketa zinematografikoa da. 30ko hamarkadaren gizarte estatubatuarraren erretratua egiteko bere haurtzaroan gertatutako zenbait gertaeretan onarritu zen Harper Lee. Depresio ekonomikoak ondorioak, arrazakeria, aurreiritziak eta inozentziaren galera dira istorioak lantzen dituen zenbait gai.

Atticus Finchi (Gregory Peck), Tom Robinsonen defentsa egitea egokitu zaio, ustez emakume zuri bat bortxatu duen gizon beltz baten defentsa. Atticusek printzipio argiak ditu, bere jokabidea okerbideratzea ezinezkoa da. Atticusek Tom Robinsonen abokatua izatea onartzen duenean auzokoen haserrea piztuko du. Abokatuaren ustetan, justiziaren aurrean pertsona justiak berdinak dira, eta edozein aurreiritzirengatik bere abokatu jarduna alde batera utziko balu, ez luke bere burua inoiz barkatuko. Atticus eta seme-alabek horren ondorioak pairatuko dituzte.


3/4/13

'Billy Elliot' (2000) - Dantza egin nahi zuen gaztea


'Billy Elliot' zinema britainiarrak izan duen arrakasta handienetako bat da. Pelikula 2000.urtean estreinatu zuten, eta urte horretako Oscar sarietan aipatzekoak diren hiru izendapen lortu zituen (zuzendari, gidoi original eta emakumezkoen bigarren aktore onena). Oso gustuko dut pelikula hau eta bertan kontatzen diguten istorioa. Kutsu kritikoak dituen komedia dramatiko honen zuzendaria Stephen Daldry da.

Billy (Jamie Bell) boxeo klaseetara doa, aitak horrela nahi duelako. Gazteari ez zaio klase horietara joatea gustatzen, baina ez du aita desengainatu nahi. Egun batean, gimnasioan bertan ematen diren ballet klaseen berri du Billyk. Ezkutuan, aita eta anaiak horren berri izan gabe, Billyk boxeo klaseak dantza klaseengatik ordezkatzen ditu. Hori da Billyren tokia, bertan aurkitu du bere bokazioa.