Mostrando entradas con la etiqueta Josh Hutcherson. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Josh Hutcherson. Mostrar todas las entradas

4/12/13

'The hunger games: Catching fire' (2013)


Katniss, sinboloa eta itxaropena


Erlazionatutako edukia: The Hunger Games (2012)

Bigarren atalak beti txarrak direla diote… Ala ez? Kasu gehienetan pelikulen bigarren, hirugarren, laugarren… atalak lehen pelikulak lortutako arrakasta ahalik eta gehien luzatzeko aitzakiarekin egindako pelikulak direla dirudite, formula etengabe errepikatuz. Gero, badira berrikuntza ekartzen duten hainbat kasu, bigarren atala istorioa hobeto garatzeko edota istorio konplexuago bat erakusteko aprobetxatzen duten horiek, hau da, aldez aurretik ikusitakoa ongi osatzen duten horiek. Azkenik, saga literarioen moldaketa zinematografikoak ditugu. Azken kasu honetan liburu bakoitzeko pelikula bana egitea beharrezkoa dela dirudi (nahiz eta askotan liburuak nahi bezala “banatzeko” askatasu guztia hartu, adibidez, liburu bakar batetik bi pelikula eginez nahiz eta guztiz beharrezkoa izan ez: Harry Potter, The Hobbit… eta noski, ‘The Hunger Games’ sagarekin gauza bera egingo dute).

‘The hunger games: Catching fire’ jarraipen ona iruditu zait, jauzi kualitatibo nabarmena egin baitu. Francis Lawrencek Gary Ross ordezkatu du zuzendaritzan, aurrekontu altuago bat izan dute eta ikusizko efektuak askoz hobeagoak dira lehenengo atalarekin konparatuz gero. Bigarren atal honetan istorioa jokoetatik haratago doa. Lehenengo atalak aurpezpen funtzioa betetzen zuen, protagonistak ezagutu genituen eta nahiko argi utzi ziguten zeintzuk ziren onak eta zeintzuk txarrak. Eta nola ez, lehen aldiz “jokoak” ikusi genituen.

23/4/12

'The kids are allright' (2010) - Amerikar familia atipiko baten erretratua

Amerikar familia atipiko baten eguneroko bizitza erakusten duen filma dugu hau. Nic (Annette Bening) eta Jules (Julianne Moore) 10 urte baino gehiago daramatzate elkar bizitzen. Bi seme-alaba dituzte, Laser eta Joni, 15 eta 18 urte dituztenak hurrenez hurren. Hauek intseminazio artifizialaren bidez jaio ziren. Nic eta Jules ez dute inoiz hauen aita biologikoaren berri jakiteko interesik izan; aldiz, Laser eta Jonik bai. Biek hauen aitaren biologikoaren bila joko dute, hau ezagutu nahi dutelako, erraz topo egingo dute berarekin. Harreman paternal berri honek euren errutina idilikoa apurtaraziko du.

Paul (Mark Ruffalo) gizon lasai bat da, kezka handirik gabe zein konpromisorik gabe bizi dena. Baina dena aldatuko da Laser eta Joni ezagutzen dituenean. Paulek elkar ulertze ona eta harreman atseginaz jabetzen denean, deskubritu berri duen familia horren parte izan nahi duela erabakitzen du. Erabaki hau eragin desberdina izango du Jules eta Nic-engan. Paulek Jules preziatu sentiarazten du. Aldiz, Nic-ek inguratzen dion oro galtzeearen beldur da, hau da, ez du nahi Paulen presentziak urtez urte eraikitako "eskema familiar idiliko" hori apurtzea.


Komedia dramatiko desberdina, "indie" genero kutsu bat eta aktore talde ezinhobea duena. Annette Beningek egindako lana da pelikularen elementurik aipagarriena, baditu indartsuak diren pare bat eszena dramatiko, lan ona. Julianne Moore bere rola ondo betetzen du, eta bi seme alabak, Josh Hutcherson eta Mia Wasikowska, aktore belaunaldi berri baten parte izateaz aparte, ondo betetzen dute euren rol sekundarioak. Istorio atsegina, hurbila, baina pixka bat gain baloratuta dagoena.

21/4/12

'The Hunger Games' (2012) - Sugarrak piztuko dituzten lehen txinpartak

12 distritu. 24 tributu. Garaile bakarra. Urtero bezala Kapitolioak "Gosearen jolasak" antolatzen ditu, bizirautea helburu duen reality show antzeko bat. Panem-go distritu bakoitzak bi ordezkari bidali behar ditu jokoetara, 12-18 urte bitarteko mutil eta neska bat. Joko hauek Kapitolioak herri xumeari ezarritako zigor bat dira, duela zenbait urte Kapitolioaren kontra errebelatzen ausartu izanagatik.

Katniss Everdreen-ek (Jennifer Lawrence) bere burua boluntario gisa aurkeztuko du, tributu gisa proposatuko du bere burua, honen ahizpa babesteko helburuarekin. Peeta Mellark-ekin batera, 12.distritua ordezkatzeko ardura izango dute.

Suzanne Collinsek idatzitako liburuak oinarri hartuta, "Gosearen Jolasak" biziraupen istorio bat narratzen digu, borroka eta amodio istorioa, kritika sozial eta politikoarekin nahastutakoa. Fenomeno literario eta zinematografiko berri bat, amaierara heldu diren beste saga batzuek utzitako hutsunea betetzeko helburua duena.


Gary Ross dugu film honen zuzendaria, eta zuzen egin du bere lana. Liburu bat zinemara moldatzea ez da inoiz erraza izan. Gehienetan indarra galtzen du istorioak, eta zenbait pertsonai, arrazoi narratiboengatik "sakrifikatu" behar dira. Kasu honetan gertatzen den bezala. Hala ere, garrantzitsuena testu literarioaren esentzia mantentzea da, eta hori bai, lortu egiten dute. Suzanne Collinsek istorioa lehenengo pertsonan idazten du, Katniss Everdreen da protagonista absolutua. Narratzaile eredu hau pantaila handian islatzeko bi aukera nagusi ditugu: bata, protagonistaren off ahotsaren bidez egindako narrazioa egitea; bestea, plano subjektiboen erabilera. Gary Ross zuzendariak, bigarren aukeraren alde egiten du. Batzuetan errekurtso hau gehiegi erabiltzen duen arren, zenbait eszenetan ikuslea zorabiatzen duelako; behin bere jokoan sartuz gero, Katnissek bizitzen ari den horrekin identifikatzea errazagoa da.

Pelikulak, orokorrean, liburuaren une esanguratsuenak biltzen ditu. Egia da, liburua irakurri dutenentzat pelikula ulertzea errazagoa izango dela, berez filmak zenbait informazio hutsune dituelako. Gainera, liburuak irakurrita izanda, Katniss isilik geratzen den zenbait une, edota euren jokaeren zergatiak hobeto ulertzen dira.



Katniss Everdreen heroi zinematografiko berria dugu, independente eta ausarta. Pelikulan maitasun hirukote baten hasiera ikusten dugu ere, noski: Peeta, Gale eta Katnissen artekoa (liburuan hobeto garatutakoa). Aktore talde ona du pelikulak, zenbaitetan euren interpretazioak hotzak diruditen arren, orokorrean egindako lana ona da. Zelaian, protagonistak hotzak izan behar dira, estrategak, hiltzaileak, sentimendu adierazpen oro euren kontra jokatzen du, ahuleziaren seinale direlako. 

Lehenengo pelikula honen helburua "Gosearen jokoen" nondik norakoak erakustea da, Kapitolioaren tirania eta hoztasuna "bere herriaren" heriotzaren aurrean. Kapitolioan bizi den jendea "artifiziala" da, estilo zalantzagarria duten jantziak daramatzatenak eta goitik behera makillatuta doazenak. Pelikulak duen funtzioa geroago sugarretan bilatuko diren su txinpartak piztearena da. Moldaketa zuzena, tentsioan mantentzen zaituena, eta erritmo ona duena. Entretenimendu ona.