31/1/13

'Requiem for a dream' (2000) - Ametsen heriotza


'Requiem for a dream' pelikulak izugarrizko gorputz txarra utzi dit, oso gogorra iruditu zait. Darren Aronofskyk zuzendutako pelikulan, istorioaren protagonistek droga mendekotasuna dela eta infernuetarako jaitsiera ikaragarria bizitzen dute. Garesti ordainduko duten itzulerarik gabeko bidaia. 'Requiem for a dream' pelikula etsigarria da, zorabiatzen gaituena eta amaiera ikaragarria duena. Idealizatutako amets amerikarrari emandako jipoi galanta.

Pelikula gogor honen pertsonaiek ametsak eta helburu desberdinak dituzte, adibidez: Harryren (Jared Leto) ametsa Marionen (Jennifer Connely) ondoan bizitza igarotzea da, Marion da bere ametsa. Bikotekidea, Harryren lagun baten laguntzarekin, droga saltzen hasiko da; saldutakoarekin negozio propio bat irekitzeko diru nahiko bildu nahi dute. Hasieran droga salmenta ongi doa, irabazi ugari ematen dizkie baina laster dena pikutara joango da. Negozio bat irekitzeko adina diru ez dute lortzen, eta beharrezkoa duten diru hori lortzeko, edozer egiteko prest daudela erakutsiko dute. Ondoko kritikak spoilerrak ditu.

28/1/13

'Silver Linings Playbook' (2012) - Jennifer Lawrence, Bradley Cooper eta gutunak

bradley-cooper-jennifer-lawrence

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Silver Linings Playbook' pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari onena, Gizonezko aktore onena (Bradley Cooper), Emakumezko aktore onena (Jennifer Lawrence), Gizonezko bigarren aktore onena (Robert De Niro), Emakumezko bigarren aktore onena (Jacki Weaver), Moldatutako gidoi onena eta Muntaketa onena.


'Silver Linings Playbook' xarma berezia duen pelikula iruditu zait. David O. Russellek zuzendutako pelikulan badira irabazi nauten zenbait une, eta maitemindu nauten beste hainbat. 'Silver Linings Playbook' detailez eta erreferentzia zinematografikoz betetako komedia "dramatiko-erromantikoa" da. Soinu banda ona du eta aktore taldearen lana itzela da, salbuespenik gabe.

Pat (Bradley Cooper) 8 hilabete eman ditu psikiatriko batean "atxilotuta" emaztearen maitalea jipoitzeagatik. Pat (Patrick) bipolarra da, beraz, bere izaera arazotsua da, ezin daiteke sumatu bere jokaera nolakoa izango den. Orain etxera bueltatu da eta helburu argi bat du: emaztea berreskuratu  nahi du eta benetan aldatu egin dela erakutsi nahi dio.

Patek jarraitzen duen filosofia 'Excelsior' hitzaren esanahia du oinarrian. Bizitzaren eta gauzen alde ona bilatzea adierazi nahi du hitz horrek, gutxi gora behera. Afari batean Tiffany ezagutzen duenean, dena aldatuko da.

Bai Pat bai Tiffany euren familientzat pertsona "arraroak" dira, auzokoek ere arraro begiratzen diete. Tiffany ingurukoak laguntzeko prest dago beti; ahal duen guztia ematen du, baina ia inoiz ez du bueltan ezer jasotzen, hutsik sentitzen da. Pat eta Tiffany akordio batera helduko dira: Patek dantza lehiaketa batean berarekin badu, emazte ohiarekin kontaktuan jartzen lagunduko dio Tiffanyk Pati. Ondorengo kritikak spoilerrak ditu.

23/1/13

'Django unchained' (2012) - Tarantino eta westerna



Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Quentin Tarantinok western bat egingo zuela esan zuenean gauza bakarra etorri zitzaidan burura: era batean ala bestean, berdin zuen istorioaren nondik norakoak zeintzuk izan, funtzionatuko zuen. Zuzendariak behin baino gehiagotan adierazi du western generoa miresten duela, eta berarentzat zinearen historiaren pelikularik onena Sergio Leoneren ‘Il buono, il brutto,  il cattivo’ dela. Orain, ‘Django Unchained’ pelikularekin generoa omentzeko unea heldu da, hori bai, bere estilo propioaren ezaugarriak galdu gabe.

King Schultz (Christoph Waltz) iheslari batzuen bila dabil, arazoa da fisikoki nolakoak diren ez dakiela. Bere helburua lortzeko Djangoren (Jamie Foxx) laguntza izango du. Django iheslari horiek ongi ezagutzen dituen esklabo bat da . Helburua lortuz gero, Schultzek Djangoari askatasuna emango dio. Hala ere, nagusi bat baino, Schultz maisu bezalako bat izango da Djangorentzat, lagun bat. Hegoaldean zehar iheslariak harrapatzen eman ostean, Schultzek Djangori laguntza eskainiko dio.

Djangok helburu bat du: emaztea, Broomhilda (Kerry Washington) aurkitu eta ondoren Calvin Candieren (Leonardo DiCaprio) eskuetatik salbatu behar du, horretarako emaztea “erosten” saiatu beharko da. Calvin Candie ‘Candyland’en jabea da; gizon bitxia, maltzurra, eta gozozalea. Bidaia luzea izango da, baina oso interesgarria. Kritikak spoilerrak ditu.

20/1/13

'Lincoln' (2012) - Esklabutzaren deuseztatzea eta Daniel Day-Lewisen lana



 (!) Oscar sariak 2013: 12 izendapen lortu ditu ‘Lincoln’ pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari Onena (Steven Spielberg), Gizonezko aktore onena (Daniel Day-Lewis), Gizonezko bigarren aktore onena (Tommy Lee Jones), Emakumezko bigarren aktore onena (Sally Field), Moldatutako gidoi onena, Muntaketa onena, Argazkigintza onena, Soinu banda onena (John Williams), Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Soinu onena.

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Gerra zibila amaitzear dago. Egoera aprobetxatuta, Konstituzioaren hamahirugarren zuzenketa proposamena gerra amaitu baino lehen onartzen saiatuko da Abraham Lincoln. Esklabutza deuseztatutako duen zuzenketak aurrera egin dezan,  lehen bai lehen onartzea funtsezkoa izango da. Gerra amaitu aurretik onartzen ez bada, hegoaldeak proposamena atzera botatzeko botere nahiko lortuko luke. Lincoln presidentea errepublikanoa da eta esklabutza deuseztatzeko proposamena onartu ahal izateko 20 ordezkari demokraten baiezko botoak lortu beharko ditu.

18/1/13

'Witness for the prosecution' (1957) - Drama judiziala bat, Billy Wilderren arabera



Komedia, zine beltza, melodrama, intriga… edo drama judiziala; bost axola zein genero jorratzen duen istorio batek zuzendari bikain baten eskuetan erortzen bada. Billy Wilderrek zuzendutako komediak mitikoak dira, baina hainbat genero landu zituen zuzendariak. Billy Wilderren pelikuletan ezer ez da dirudiena. Mozorroa edo gezurra agerikoak dira, pertsonai askok euren benetako izaerak ezkutatzen dituzte eta ‘Witness for the prosecution’ pelikula horren isla da.

Leonard Voleri (Tyrone Power) French andrea hiltzea leporatu diote. French andrea emakume aberats bat zen, eta Leonarden “laguna”. Froga guztiek French andrea Leonardek hil zuela adierazten dute, hori dela eta Leonardek Sir Wilfrid Robertsi (Charles Laughton) laguntza eskatuko dio, lanean dagoen abokatu onenari.

Wilfrid Robertsek, gaixo dagoen arren, lanean jarraitzeko indar nahiko ditu. Bihotzeko bat izan duenez, egun guztian zehar erizain bat izango du alboan. Erizainak etengabe zer egin dezakeen eta zer ez gogoraraziko dio Wilfridi. Wilfridek, noski, erizainak esandako guztiaren kontrakoa egingo du, adibidez tabakoa erretzen eta alkohola edaten jarraituko du, horiek ongi ezkutatuz. Wilfridentzat lana osasunaren gainetik dago, hori dela eta, inork ez dio maite duen hori egitea eragotziko. Wilfrid Robertsek Leonard Vole defendatuko du epailearen aurrean. Ondorengo kritikak spoilertxo batzuk ditu, badakit pelikularen amaieran adierazitako araua apurtzen dudala horrela, barkaidazue.

15/1/13

'The Master' (2012) - Irudien eta aktoreen hipnotismoa



(!) Oscar Sariak 2013: 3 izendapen lortu ditu 'The Master' pelikulak: Gizonezko aktore onena (Joaquin Phoenix), Gizonezko Bigarren aktore onena (Philip Seymour Hoffman) eta Emakumezko bigarren aktore onena (Amy Adams)

Freddie Quellek (Joaquin Phoenix) trauma bat du. Urduria eta oldarkorra da; gerratik ‘zoratuta’ eta galduta bueltatu da. Ez du inor ezagutzen, bakarrik dago nora joan eta zer egin jakin gabe. Freddiek gizartearen parte izan behar du berriro, horretarako lana bilatzen hasten da: argazkilari gisa, landan … baina lehenago ala beranduago hanka sartuko du Freddiek, eta hasierako puntura bueltatuko da.

Gau batean Lancaster Doddekin (Philip Seymour Hoffman) topo egingo du Freddiek. Egun horretatik aurrera marine izandakoaren bizitza aldatuko da . Dodd “The Cause” mugimenduaren fundatzaileetako bat da, eta bere metodoen bitartez Freddie bizi duen infernua desagerraraziko duela pentsatzen du. Dodd Freddieren mentore bihurtuko da.

Batzuetan, pelikula bat ikusten dudanean berehala dakit zergatik gustatu zaidan edo zergatik ez; beste batzuetan ez. Paul Thomas Andersonen azken lana konplexua, anbiguoa eta aldi berean hipnotikoa da (hau da, bere lan guztien antzera). ‘The Master’ gorrotatu ala maitatuko duzun pelikula horietako bat da (Terrence Malicken zinemarekin gertatzen den bezala). Hori bai, pelikularen irudiek igortzen duten magnetismoa liluragarria izan arren, pelikulak pixka bat dezepzionatu nau, kontatzen duen istorioarekin guztiz “konektatu” ez dudalako. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.

14/1/13

Golden Globes sariak: 'Argo' eta 'Les Misérables' gauaren protagonistak



Sorpresak izan dira Golden Globes sarien 70.edizioan. Urtero legez, Hollywooden lanean aritzen den atzerriko  prentsak pelikula eta telesail hoberenak saritzen ditu ‘glamour’ez betetako ekitaldi honetan. 

Aurten, Ben Affleckek zuzendutako ‘Argo’ eta Tom Hooperren ‘Les Misérables’ musikalaren moldaketa izan dira irabazle nagusiak. Telebistari dagokionez, ‘Homeland’ eta ‘Girls’ bildu dituzte sari gehien.

Argo’ pelikulak zuzendari eta drama hoberenaren sariak irabazi ditu. Ben Afflecken pelikularekin batera, ‘Les Misérables’ izan da gauaren protagonista, kasu honetan komedia edo musikal hoberenaren kategorian. Guztira, hiru sari  irabazi ditu Tom Hooperrek zuzendutako musikalak: komedia edo musikal hoberena, gizonezko aktore hoberena (Hugh Jackman) eta emakumezko bigarren aktore hoberena (Anne Hathaway).

Tina Feyk eta Amy Poehlerrek aurkeztutako sari banaketan sorpresarako lekua egon da. Philip Seymour Hoffmanek ‘The Master’ pelikulan egindako lanarengatik gizonezko bigarren aktore hoberenaren saria lortuko zuela aurreikusten zuten kiniela gehienek, baina oraingoan, okertu egin dira. Saria Christoph Waltz karismadun aktoreak irabazi du, Quentin Tarantinoren ‘Django Unchained’ pelikulan egindako lanagatik (Tarantinoren pelikulak gidoi hoberenaren saria ere irabazi du).

Bestalde, Steven Spielbergen ‘Lincoln’ izan da gaueko galtzaile nabarmenena. Izendapen gehien biltzen zituen pelikula izan arren (7 guztira), sari bakarra lortu du: drama kategorian gizonezko aktore hoberenaren saria Daniel Day-Lewis aktorearentzat izan delako. Oscar sarien lasterketan faboritoen artean kokatzen da Spielbergen pelikula, baina oraindik, ‘faboritotasun’ hori sarietan ez du islatuta ikusi ‘Lincoln’ pelikulak.

Golden Globes sariak otsailaren 24an Oscar sarietan gerta daitekeenaren aurrerapena direla esan ohi da, baina ez du zertan horrela izan behar. Izan ere, aurten izendapenak guztiz bat ez datozelako. Adibidez, Golden Globes sarietan Ben Afflecken zuzendari lana saritu duten bitartean, Oscar sarietan zuzendari hoberenaren kategorian ez du izendapena lortu.

Urrezko Globoen sari banaketa kontuan hartuta, zenbait ondorio atera ditzakegu: ‘Les Misérables’ek Oscar sarietarako lasterketan berriro indartsu sartzeko behar zuen bultzada lortu du irabazitako sariekin. Gizonezko aktore hoberenaren kategorian lehia interesgarria izango dugu, Daniel Day-Lewis garaitzea zaila izango den arren, sorpresak egon daitezke (Hugh Jackman eta Joaquin Phoenixek Oscar saria lortzeko aukera izan dezaketelako). Antzekoa gertatzen da emakumezkoen kategorian. Jessica Chastainek eta Jennifer Lawrencek urrezko globo bana lortu dute, ‘ZeroDark Thirty’ thrillerrean eta ‘Silver Linings Playbook’ komedian egindako  lanengatik, hurrenez hurren. Bien arteko lehia, interesgarrienetako bat izango da.

Azkenik, lehiakiderik ez duen aktore bakarra Anne Hathaway dela dirudi. Golden Globes saria lortu ostean, Oscarra gero eta hurbilago du.

Seguruenik aktoreen jantziek pelikula irabazleek baino eztabaida sutsuago bat piztuko dute, baina aipatu beharra dago aurtengo lasterketa azken urteetan izandako interesgarrienetako bat dela. Kategoria askotan faborito argi bat ez egoteaz aparte, orokorrean pelikulen kalitatea eta aktoreen lana benetan onak direlako.

12/1/13

'Like Crazy' (2011) - Distantzia, lehen amodioa eta errudun sentimendua


like-crazy-2011

Jacob (Anton Yelchin) gazte estatubatuar bat da, Anna (Felicity Jones) Los Angeleseko unibertsitatean ikasten dagoen britainiar gaztea. Maitemintzen dira. Dena idilikoa dirudi, Annari erresidentzia bisa berritzen ez dioten arte. Anna Ingalaterrara bueltatu beharko da, baina euren erlazioa mantentzeko prest daude biak.

Puntu horretara arte, 'Like Crazy' beste maitasun istorio arrunt bat baino ez dela pentsa dezakegu. Baina ez, nire ustez "zerbait" berezia du drama erromantiko honek. Istorioa naturaltasunez narratzen digute, xumetasunez, aktore protagonisten arteko kimika agerikoa da... Gustatu zait. Pelikulak 2011n Sundanceko zinema independentearen jaialdian epai-mahaiaren saria jaso zuen.

10/1/13

Oscar sariak 2013 - Izendapenak

Aurten ere jarraipen berezia izango dute Oscar sariek blogean, lasterketa gaur hasi da ofizialki. Emma Stone eta Seth MacFarlanek izan dute izendapenak aurkezteko ardura, eta zorionez, sorpresak egon dira! Batzuk onak eta beste batzuk ulertezinak. Aurten lasterketa benetan interesgarria izango dela uste dut, berez ez dago faborito argirik (nahiz eta 'Lincoln' pelikulak izendapen gehien lortu beti).

Oraindik izendatutako pelikula nahiko ikustea falta zaizkit baina momentura arte ikusitakoa, kalitate eta eduki aldetik, benetan interesgarria eta ona da. Ondorengoak dira akademiko estatubatuarren ustetan 2012ko pelikula hoberenak:

PELIKULA  HOBERENA

oscar-sariak-izendapenak-2013

'Beasts of Southern Wild' (Benh Zeitlin)
'Silver Linings Playbook' (David O. Russell)
'Zero Dark Thirty' (Kathryn Bigelow)
'Lincoln' (Steven Spielberg)
'Life of Pi' (Ang Lee)
'Amour' (Michael Haneke)
'Django Unchained' (Quentin Tarantino)
'Argo' (Ben Affleck)
'Les Misérables' (Tom Hooper)

ZUZENDARI HOBERENA


David O. Russell 'Silver Linings Playbook'
Ang Lee 'Life of Pi'
Steven Spielberg 'Lincoln'
Michael Haneke 'Amour'
Behn Zeitlin 'Beasts of Southern wild'

(!) Sorpresa izan da kiniela guztietan ageri ziren Ben Affleck eta Kathryn Bigelow ez azaltzea (lan bikaina egin dute biek 'Argo' eta 'Zero Dark Thirty' pelikuletan). Bitxia benetan...

GIZONEZKO AKTORE HOBERENA



Daniel Day-Lewis 'Lincoln'
Denzel Washington 'Flight'
Hugh Jackman 'Les Misérables'
Bradley Cooper 'Silver Linings Playbook'
Joaquin Phoenix 'The Master'

EMAKUMEZKO AKTORE HOBERENA


Naomi Watts  'The Impossible'
Jessica Chastain 'Zero Dark Thirty'
Jennifer Lawrence 'Silver Linings Playbook'
Emmanuelle Riva 'Amour'
Quvenzhané Wallis 'Beasts of Southers wild'

(!) Sorpresa handia izan da Quvenzhané Wallis aktore gaztea izendatua ikustea, Wallisek 9 urte ditu eta Oscar sarien historian izendapen bat lortu duen pertsona gazteena da. Beste muturrean Emmanuelle Riva dugu, 'Amour' pelikularen protagonistak 86 urte ditu, eta izendapen bat lortu duen emakume zaharrena dugu.

GIZONEZKO BIGARREN AKTORE HOBERENA


Christoph Waltz 'Django Unchained'
Philip Seymour Hoffman 'The Master'
Robert De Niro 'Silver Linings Playbook'
Alan Arkin 'Argo'
Tommy Lee Jones 'Lincoln'

EMAKUMEZKO BIGARREN AKTORE HOBERENA


Sally Field 'Lincoln'
Anne Hathaway 'Les Misérables'
Jacki Weaver 'Silver Linings Playbook'
Helen Hunt 'The Sessions'
Amy Adams 'The Master'

GIDOI ORIGINAL HOBERENA

'Flight' (John Gatins)
'Zero Dark Thirty' (Mark Boal)
'Django Unchained' (Quentin Tarantino)
'Amour' (Michael Haneke)
'Moonrise Kingdom' (Wes Anderson, Roman Coppola)

MOLDATUTAKO GIDOI HOBERENA

Benh Zeitlin, Lucy Alibar 'Beast of the souther wild'
Chris Terrio 'Argo'
Tony Kushner 'Lincoln'
David O. Russell 'Silver Linings playbook'
David Magee 'Life of Pi'

ATZERRIKO PELIKULA HOBERENA

'Amour' (Austria)
'Kon-Tiki' (Norvegia)
'No' (Chile)
'A Royal Affair' (Danimarka)
'War Witch' (Kanada)

ANIMAZIO PELIKULA HOBERENA

'Frankenweenie' (Tim Burton)
'Wreck-it Ralph!' (Rich Moore)
'Pirates! Band of misfits' (Peter Lord, Jeff Newitt)
'ParaNorman' (Sam Fell, Chris Butler)
'Brave' (Mark Andrews, Brenda Chapman)

Gainontzeko kategoriak: OSCARS 2013

Oscar sariak otsailaren 24an izango dira. Esan bezala, aurten ez dago faborito argirik, edozer gerta daiteke. Steven Spielbergek zuzendutako 'Lincoln' izan da izendapen gehien lortu dituena, 12 guztira. Ang Leeren 'Life of Pi' pelikulak, aldiz 11 lortu ditu. 'Les Misérables' musikalak eta 'Silver Linings Playbook' komedia erromantikoak 8 izendapen bana lortu dituzte. Azkenik, Ben Affleck zuzendutako azken lanak, 'Argo'k 7 izendapen lortu ditu. Lasterketa hasi da, zeintzuk dira zuen faboritoak?

9/1/13

BAFTAk 2013 - Izendapenak


Otsailaren 10an izango da BAFTA sarien zeremonia. Britainia Handiko akademiak emandako sariek gero eta garrantzitsuagoak dira Oscar sarien kinieletara begira. Izan ere, britaniarrek saritzen dutena, askotan, amerikarrek saritutakoaren antzekoa delako. Golden Globe sarien izendapenekin gertatu den bezala, Steven Spielberg-en 'Lincoln' izan da izendapen gehien lortu dituen pelikula (10 kasu honetan). Ang Leeren 'Life of Pi'-k eta Tom Hooperren 'Les Misérables'-k 9 izendapen bana lortu dituzte. Hona hemen zinema kategoria nagusietako izendapenak:

FILMA HOBERENA 
'Argo' (Ben Affleck)
'Les Misérables' (Tom Hooper)
'Life of Pi' (Ang Lee)
'Lincoln' (Steven Spielberg)
'Zero Dark Thirty' (Kathryn Bigelow)

BRITAINIAKO FILMA HOBERENA
'Anna Karerina' (Joe Wright)
'The best exotic Marigold hotel' (John Madden)
'Les Misérables' (Tom Hooper)
'Seven Psychopaths' (Martin McDonagh)
'Skyfall' (Sam Mendes)

ZUZENDARI HOBERENA
Michael Haneke 'Amour'
Ben Affleck 'Argo'
Quentin Tarantino 'Django Unchained'
Ang Lee 'Life of Pi'
Kathryn Bigelow 'Zero Dark Thirty'

GIDOI HOBERENA
Michael Haneke 'Amour'
Quentin Tarantino 'Django Unchained'
Paul Thomas Anderson 'The Master'
Wes Anderson, Roman Coppola 'Moonrise Kingdom'
Mark Boal 'Zero Dark Thirty'

MOLDATUTAKO GIDOI HOBERENA
Chris Terrio 'Argo'
Benh Zeitlin, Lucy Alibar 'Beast of the souther wild'
David Magee 'Life of Pi'
Tony Kushner 'Lincoln'
David O. Russell 'Silver Linings playbook'

ATZERRIKO PELIKULA HOBERENA
'Amour' (Austria)
'Headhunters' (Norvegia)
'The hunt' (Danimarka)
'Rust and bone' (Frantzia)
'Intouchable' (Frantzia)

ANIMAZIO PELIKULA HOBERENA
'Brave' (Mark Andrews, Brenda Chapman)
'Frankenweenie' (Tim Burton)
'Paranorman' (Sam Fell, Chris Butler)

GIZONEZKO ANTZEZLE HOBERENA
Ben Affleck 'Argo'
Bradley Cooper 'Silver Lining Playbook'
Daniel Day-Lewis 'Lincoln'
Hugh Jackman 'Les Misérables'
Joaquin Phoenix 'The Master'

EMAKUMEZKO ANTZEZLE HOBERENA
Emmanuelle Riva 'Amour'
Helen Mirren 'Hitchcock'
Jennifer Lawrence 'Silver Linings Playbook'
Jessica Chastain 'Zero Dark Thirty'
Marion Cotillard 'Rust and bone'

GIZONEZKO BIGARREN ANTZEZLE HOBERENA
Alan Arkin 'Argo'
Christoph Waltz 'Django Unchained'
Javier Bardem 'Skyfall'
Philip Seymour Hoffman 'The Master'
Tommy Lee Jones 'Lincoln'

EMAKUMEZKO BIGARREN ANTZEZLE HOBERENA
Amy Adams 'The Master'
Anne Hathaway 'Les Misérables'
Helen Hunt 'The Sessions'
Judi Dench 'Skyfall'
Sally Field 'Lincoln'

SOINU BANDA HOBERENA
Dario Marianelli 'Anna Karerina'
Alexandre Desplat 'Argo'
Mychael Danna 'Life of Pi'
John Williams 'Lincoln'
Thomas Newman 'Skyfall'

Izendatuen zerrenda osoa: BAFTA 2013

'Zero Dark Thirty' (2012) - Bin Ladenen bila


Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

'Zero Dark Thirty' Kathryn Bigelow Oscar saridunaren azken pelikula dugu. 2008an, 'The Hurt Locker' filmagatik sei Oscar sari irabazi zituen Bigelowek. Benetako gertaeretan oinarritzen da pelikula, diotenez lehen eskuko informazioa jaso dute CIAtik. 'Zero Dark Thirty'n Osama Bin Laden harrapatzea eta hiltzea lortu zuen misioaren nondik norakoak ikusten ditugu.

CIAko agente gazte batek, Mayak, izango da misio hain garrantzitsua aurrera eramateko arduera izango duena. Pelikulan, alde batetik, CIAko kideak talde gisa lanean ikusten ditugu; eta beste aldetik, misioak Mayarengan dituen ondorioak (nire ustetan, pelikularen alde interesgarriena). Ondorengo kritikak, "spoilertxoak" ditu.


3/1/13

'Les Miserables' (2012) - Indibiduoaren ezinegona eta herriaren iraultza


les-miserables-hugh-jackman

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Les Miserables'ek: Pelikula, Gizonezko aktore onena (Hugh Jackman), Emakumezko bigarren aktore onena (Anne Hathaway), Abesti onena, Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Makilaje onena eta Soinu onena.

Gogo itzelak nituen ‘Les Miserables’ musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko, hainbat arrazoiengatik: musikalak gustuko ditut eta ‘Les Miserables’ mitikoenetako bat da, bildu duten aktore taldea bikaina delako, eta horiek pelikulan zuzenean abestearen aldeko apustua egin dutelako (ohiko ‘playback’-a alde batera utziz). Victor Hugok idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako musikalaren moldaketa zinematografikoa pelikula ona iruditu zait.  XIX. mendean girotuta egon arren, iraultzaileek zabaltzen duten mezua gaur egun gizarteak, herriak, zabaltzen ari denaren antzekoa da (zoritxarrez).

Tom Hooper (The King’s Speech) dugu drama honen zuzendaria. ‘Les Miserables’ musikala eta operaren arteko mugan kokatzen da, berez abestu gabeko uneak ia existitzen ez direlako. Nahiz eta erredundantea irudi, guztiz abestutako pelikula da (generoaren baitan pelikula guztiek ez dute erabaki horren alde egiten).

Aktoreak guztiz inplikatu dira, eta bere lana, salbuespenak salbuespen, benetan ona da. Emozio eta dramatikotasun handiarekin interpretatzen dituzte abestiak. Horregatik erraza da euren mina, askatasun grina edota barkamen beharra identifikatzea edo sinestea. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.