Mostrando entradas con la etiqueta Pixar. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Pixar. Mostrar todas las entradas

18/8/12

'Brave' (2012) | Merida, Pixarren printzesa ilegorri eta bihurria


(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'Brave' pelikulak: Animazio pelikula onena.

Hona hemen Meridaren istorioa, printzesa erreboltari eta abenturazalea. Meridak patuari aurre egitea eta hori aldatzea erabakitzen du. Hartutako erabakiak ondorio magikoak izango ditu. Pixarren beste zenbait pelikulek gehiago hunkitu ninduten arren, Brave ikusten primeran pasatu dut, pantaila handiaren aurrean proiektatutakoarekin liluratutako ume bat bezala sentitu naiz. ‘Brave’, gaur arte, animazioaren erregeek egin duten narrazio klasikoenetakoa da forman.

Istorioa Erdi Aroko Eskozian kokatuta dago eta printzesa moderno bat erakusten du, gaur egungo baloreetara moldatutakoa, balore eta printzipio aurrerakoiak baititu. Fergus erregearen eta Elinor erreginaren alaba borrokatzailea eta bihurria da, ez ditu amaren pausuak jarraitu nahi, ama protokoloari lotuta bizi baita (horregatik amak pelikularen hasieran ilea bilduta darama). Meridak libre izan nahi du, bere patua erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du eta horretarako, tradizioa alde batera uztea ezinbestekoa da.


Berekoikeriak bultzatuta, Meridak sorgin bati laguntza eskatuko dio amari gauzak argi uzteko. 

15/8/12

'Up' (2009) - Pixar eta koloretako puxikak


Pixarrek ‘Up’ pelikularekin animazioaren errege dela, berriz ere, erakusteaz aparte, animazioak istorio bikainak konta ditzakeela argi utzi du. Estreinatu zenean, pelikulak eztabaida pixka bat sortu zuen, animazio pelikulek duten kalitatea ikusita, sari banaketei begira, fikzio arruntetatik bereizi behar dira, ala ez?

Duela pare bat urte, Hollywoodeko akademiak arlo horretan aurrerapauso bat eman zuen, ‘Toy Story 3' Pelikula Hoberenaren kategorian Oscar sarietara izendatu zutenean. Pixarrek egin dituen azken pelikulek, bere istorioek gaur egun pantaila handian ikus ditzakegun beste zenbat istorio baino askoz helduagoak direla erakutsi dute: ondo egituratuta daude, narrazio sendo bat dute oinarrian eta maitagarriak diren pertsonaiak sortu dituzte.