Mostrando entradas con la etiqueta Star System. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Star System. Mostrar todas las entradas

3/8/12

Star System-a Hollywood klasikoan (V): sistemaren amaiera


Hollywoodek defendatutako star systema 50ko hamarkadan heldu zen amaierara. Garai hartan, estudio handien oligopolioa apurtu zen. Ordura arte, bost ziren egiten ziren pelikulen % 90 produzitzen zituzten ekoizpen etxeak.

Periodo horretan (1930-1950) estudio handiek aktoreengan zuten kontrola itzela zen, ia tiranikoa. Izarrek, ikono bihurtutako karakterizazio horiek, soilik produktuak ziren ekoizleentzat. Estudioak aktoreei nola ibili, nola jantzi, nola pentsatu eta nola hitz egin behar zuten esaten zieten. Batzuei izena aldatzera ere behartu zieten. Hori eta, Margarita Carmen Cansinos, Greta Lovisa, Archibald Leach edota Norma Jean izenak gutxitan entzun ditugun bitartean, Rita Haywoth, Greta Garbo, Cary Grant eta Marilyn Monroe izen artistikoak ezagunak dira mundu osoan zehar.

Hollywood klasikoa ametsen fabrika zen, baina baita ilusioena ere. Marilyn Monroe Star Systemaren funtzionamendua islatzen duen adibide hoberena da. Ekoizpen etxeen produktu gisa, Marilyn Monroek Hollywoodeko izar handi eta arrakastatsuenetako bat izan zen, betiereko ikonoa. Baina pertsona gisa, Norma Jeanek ez zuen Star Systema eta Studio Systemak eragindako presio mediatikoa jasan, ezta errutina jarraitu. Aktorearen bat-bateko heriotzak Hollywoodeko Studio Systemarekin amaitu zuen. Marilyn Monroe, Hollywoodeko “apurtutako jostailua” bihurtu zen.

Urteak pasa dira estudioek zuten menpekotasuna leundu zenetik, gaur egun, antzinako sistema desagertu dela diote batzuek, beste batzuek aldiz star systema guztiz inoiz ez dela desagertu defendatzen dute (batez ere aktore gazteen kasuan). Gauza bat nabaria da, emakume eta gizonen karakterizazioak gizartearekin batera eboluzionatu egin dutela. Baina, zein da gaur egun zinemak islatzen dituen karakterizazio eredu nagusiak? Hollywood klasikoak egindakoetatik oso urrun daude, ala uste dugun baino gertuago?

Star System-a Hollywood klasikoan (IV): Zine beltza


Figura maskulino eta femeninoen karakterizazioei dagokienez, eredu berriak ekarriko zituen sasi genero bat jaio zen: zine beltza. Zine beltzak zine klasikoak aldarrikatzen duen heroi ahalguztiduna alde batera utzi eta heroi atsekabetu edo zauritu baten alde egiten zuen. Heroi mota hau, heroi klasikoa ez bezala, amorruaz gidatuta gauzatuko ditu ekintzak. Antiheroia da, gizon gogorrak, detektibeak, galtzaileak…. Izango dira nagusi: Humphrey Bogarten antzerakoak.

Emakumeei dagokienez aldaketa nabaria dago, femme fatale kontzeptua agertzen da lehen aldiz: emakume oso ederrak, manipulatzaileak, desira eta sexuaren isla, tentazioaren eredu.
Emakumeek zuten botereaz jabetzen dira orain, badakite nola biziraun gizarte matxista batean. Gizonaren gizontasun/boterea zalantzan jarriko du, ez da objektua, subjektua da. 

Helburuak ditu, eraginkorra da, borroka egiten du. Hala ere, amaieran zigortua izango da. Karakterizazio eredu hauek argi eta garbi antzematen ditugu Billy Wilderren Double Indemnity maisulanean.

Istorioaren protagonista Walter Neff da, heroi atsekabetua. Horren ekintzek gorrotoa, inbidia zein desira izango dute abiapuntu. Phyllis, pelikularen femme fatale-a da, kontrolatzailea, erdi zintzo erdi maltzurra, egoera kontrolpean duena.

Zine beltzean emakumea objektu izatetik subjektu izatera igaro zen bai, baina, gizonen eskutik zigorra jasotzen zuten. 40ko hamarkadan, zinearen narratibaren oinarrian, oraindik, matxismoa zegoen.

Star System-a Hollywood klasikoan (III): 30ko hamarkada, karakterizazio klasikoak

Adibide ugari daude, jarriko ditudanak ideia orokor bat eraikitzeko nahikoak direla uste dut. Zinema klasikoaren pelikula gehienetan gizonak hartzen du subjektuaren rola eta emakumeak objektuarena. Gizonezko protagonistek helburu zehatz bat izango dute, eta hori beteta, desira objektu bat jasoko dute trukean, emakumea. Beste era batean esanda, gizonezko protagonistak emakume protagonistarekin sexu harremanak izan nahi baditu, lehenago, narratiboki edo istorioan egin behar duen hori bete beharko du.
Honen harira, bi emakume eredu bereizten ziren zine klasikoan: batetik, “Maria”, bertutea, araztasuna… eta bestelako baloreen isla zen emakumea; bestetik, “Eva”, tentazioa (azkenean, “Eva” emakume eredua, “Maria”n bihurtuko da, gizarteak ezartzen dituen ‘estandarretara’ moldatuz).

Karakterizazio maskulino baten adibidea: Ringo Kid (Stagecoach, John Ford, 1939). Western klasikoen karakterizazioak subjektu-objektu bereizketaren eredu dira.

Filmaren protagonista John Wayne da, bere aitaren hiltzaileak bilatu eta hil nahi dituen heroia. Honen ondoan Dallas dugu, emagaldu bat. Ringok (Waynek) hiltzaileak akabatzen dituenean, Dallas-ekin geratuko da, objektuarekin, sariarekin. Emakumea elementu pasiboa da pelikula osoan zehar. Pelikula klasiko gehienek erakusten duten emakume eta gizonezkoen karakterizazio eredua islatzen du pelikulak.


 Karakterizazio femenino baten adibidea: Susan (Bringin’ up baby, Howard Hawks, 1938). Baziren arriskatzen zuten zenbait zuzendari, adibidez, Howard Hawks. Zuzendariak ‘Bringin’ up baby’ komedia aurrerakoia egin zuen. Horretan, emakumea ez da objektu hutsa izango. Katherine Hepburn aktoreak betidanik emakume independente eta sendoaren irudia izan du, eta hori da pelikulan ikusten duguna. Hepburnen pertsonaia pelikulan independentea da, sozialki, ekonomikoki eta sexualki. Pelikulan, gizonak eta emakumeak rolak aldatzen dituztela esan dezakegu. Literalki, emakumea da “prakak jantzita dituena” eta gizona menderatzen duena. Gainera, emakumearen jarrera aurrerakoia da, eginbeharraren gainetik, plazerra aldarrikatzen duelako.


Star System-a Hollywood klasikoan (II): Zertan datza?

Star system delakoa XX. mendearen hasieran sortu zen Hollywood-en. Ekoizpen etxeek publikoan zenbait aktoreengan zuten interesa aprobetxatzea erabaki zuten, aktoreak izar bihurtuz, desiragarri bihurtuz. 
Sistemaren sortzailea Adolph Zukor izan zen, Paramount-eko zuzendaria izango zena. Zukorrek antzerkian aritzen ziren zenbait aktore zinema izar bihurtzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Zerbaitek huts egiten zuen. Planteamenduan akats bat zegoela konturatu zen orduan, publikoak ez zituen antzerki aktore prestigiodunak pantaila handian ikusi nahi. Publikoak edo audientziak, aktore gazteak, xarmangarri eta dinamikoak ikusi nahi zituen pelikuletan. Hori dela eta, zinema estudio handiek izar gazteak kontratatzen zituzten, zazpi urteko kontratuak sinatzen zituzten helburu bakarrarekin: ikuslearen fideltasuna lortzea.

Estudioek aktoreak nonahi bilatzen zituzten: kalean, dendetan, tabernetan… Ezezagunak ziren pertsona horiek gero estudioaren “estandarretara” moldatuko zituzten: makillajea, estiloa, janzkera, ilea eta izena aldatuz. Oharkabean bizitzen zen emakume bat izar bihurtzen zuen star systemak. Adibidez, Jean Harlow aktorea:
Ezkerreko argazkian Jean Harlow gaztea ikusten dugu, eskuinekoan Hollywoodeko estudioen “estandarretara” moldatuta.

Star systemaren ezaugarri nagusietako bat, beraz, pelikulen protagonistak ziren. Aktoreak milioika jarraitzaileen idolo bihurtzea zen estudioen helburua, hau lortuta, aktore horren presentzia nahikoa izango zen pelikula bat arrakastatsua izateko. Sistemari esker, aktoreak publikoa edo masa kontrola zezaketen “txotxongilo” bihurtzen ziren, produktu hutsak.

Star systemaren barruan aktoreak desiragarriak izan behar ziren, hori dela eta, aktoreek zenbait bereizgarri fisiko eta moral izan behar zituzten, “jainkotiar” bihurtzeko idealizazio prozesuaren parte izateko. Ez zeuden heroi itsusi edo traketsik, ezin zuten polemikarik sortu, beti zuzen jokatu behar zuten. Aktore bat eskandalu baten parte bihurtzen bazen, kaleratzen zuten.

Nahiz eta 50ko hamarkadatik aurrera sistema leundu, 70 urte inguru egon da indarrean. Star Systemarekin batera rolak edo karakterizazio zehatzak agertu ziren lehen aldiz, bereizketa nabariak ezarriz emakume eta gizonen betebeharren artean.

Star Systema Hollywood klasikoan (I): Sarrera

Jean Luc Godardek, zinemagile frantsesak, eta Nouvelle Vague mugimenduaren sortzaileetako bat, zera esan zuen behin:

“Argazki batek errealitatea erakusten badu, zineak errealitatea erakusten du 24 fotograma-segunduko”

Zinema, errealitatea islatzeko tresna gisa erabili da askotan. Hori islatzeko generoa ez da elementu garrantzitsuena, hau da, ez du inporta fikzioa, musikala, western edota melodrama bat izan: genero guztiek balore batzuen alde egiten dute, estereotipo batzuen alde.

Pantaila handian ikusten ditugun estereotipo, edota karakterizazioak, gizartean une horretan errotuta dauden baloreen isla dira, horregatik, karakterizazioen ezaugarriak moldatzen joango dira gizartea aldatzen doan heinean.

Zinemak betidanik “eraiki” ditu heroiak, audientziaren identifikazioa bilatzen duten heroiak, eta balore zehatz batzuen alde egiten dutenak. Hala ere, heroi horiek aztertzean, desberdintasunak aurkitzen ditugu heroi femenino eta maskulinoen artean. Karakterizazio maskulino eta femeninoak lor zezaketen influentzia maila hobeto ulertzeko, zinemaren hastapenetara jo behar dugu: Hollywoodeko Star System-era, 1930-1950 bitarteko tartean oinarrituz.

Hurrengo sarrera multzoak Hollywood klasikoaren heroi maskulino eta femeninoen zenbait karakterizazio aztertuko ditu.