Mostrando entradas con la etiqueta Richard Ayoade. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Richard Ayoade. Mostrar todas las entradas

22/2/14

'Submarine' (2010)


Ur azpian

‘Submarine’ nerabeen kezketan eta arazoetan oinarritzen diren pelikulen multzoan sartzen da (multzo hori berez azpigenero bat dela esan genezake). Richard Ayoadek zuzendu du pelikula eta Joe Dunthornen eleberri homonimoa hartzen du oinarritzat. Orokorrean, ‘Submarine’ pelikula interesgarria iruditu zait. Istorioaren protagonista Oliver Tate (Craig Roberts) da, 15 urteko gazte bat. Oliverrek gazte gehienek dituzten kezka eta zalantzak ditu, baina bi arazok garrantzia gehiago izango dute gaztearentzat.

Pelikula atal desberdinetan egituratuta dago. Bi bloke nagusiek arazo bana lantzen dute. Lehenengoak identitate bilaketarekin harremana du, hau da, “nor naiz ni?” galdera ditxosoaren erantzunarekin. Oliver gazte konplexua da; batzuetan berekoia eta maltzurra izan daiteke, besteetan atsegina eta erromantiko-idealista bat. Bidean, Oliverrek Jordanarekin (Yasmin Paige) topo egingo du, bere lehen amodioa. Neska bitxia, misteriotsua, ezin daiteke bere jokabidea aurreikusi. Jordanak mutilaren atentzio edota interesarekin jokatuko du. Oliverrentzat Jordana neska berezia da, onena. Idealizatu egin du, eta horregatik Oliverrek Jordanak kezkak eta beldurrak dituen neska ere dela ikusten duenean, Jordanak bere ahuleziak erakusten dituenean, Oliverrek ihes egingo du.