Mostrando entradas con la etiqueta Johnny Depp. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Johnny Depp. Mostrar todas las entradas

24/8/13

'The lone ranger' (2013) - Johnny Depp, indiarra


Gero eta ohikoagoa da hype hitza entzutea, pelikula askok sortzen duten sentsazioa baita. Estreinu batekiko interesa edo pelikula zehatz bat ikusteko irrika. Promozio modu itzela da, baina alde negatibo nabari bat du, espektatibak gero eta handiagoak direnean, dezepzioa gero eta handiagoa izango da. Kasu honetan, guztiz kontrakoa gertatu zait. Ez nuen ‘The lone ranger’ ikusteko gogo handirik, bere egunean pelikularen trailerrak nire arreta deitu ez zuelako. Baina, azkenean ikusi dut, eta nire sorpresarako, zenbait hutsune dituen arren, entretenigarria iruditu zait. Ongi pasatu dut pelikula ikusten.

27/5/12

'Dark Shadows' (2012) - Argi gutxi hainbeste itzalen artean

Tim Burton eta Johnny Deppek proiektu berri batean batera parte hartzen duten bakoitzean proiektu horrekiko interesa pizten zait. Hala ere, 'Dark Shadows'-ekin zalantzak izan nituen hasieratik. Pelikularen trailerra ez ninduen gehiegi konbentzitu, hala ere, pelikulari aukera bat ematea erabaki nuen.

Barnabas Collins (Johnny Depp) emakume okerrari bihotza apurtzen dioen gazte aberats bat da. Emakumea sorgin bat da, Angelique Bouchard (Eva Green); eta jeloskor Barnabas banpiro batean bihurtu eta hilobi batean bizirik lurperatuko du zigor gisa. 200 urte inguru pasa ondoren, 1972.urtean konkretuki, Barnabasek hilobitik ihes egitea lortzen du, berarentat guztiz ezezaguna den gizarte batean esnatuz.



Orokorrean pelikula nahiko eskasa edota ahula iruditu zait aspektu desberdinetan: garra gutxi, aktoreen artean kimika eskasa eta une "burtonianoetan" magia gutxi. Pelikulak bisualki itzaletan asmatu egiten duen arren, une argitsuetan huts egiten du. Muturrekoak diren bi garaien arteko konparaketa ez du espero nuen eta seguruenik aurreikusten saiatu diren efektu komikoa lortzen. Gainera, gidoiari dagokionez zenbait hutsune dituela iruditu zait. Adibidez; pelikulak beldurra, komedia eta maitasuna nahasten ditu baina ez du genero zehatz baten alde apostu egiten, hori dela eta pelikulak planteatzen dituen gatazka desberdinak indarra galtzen doaz metrajea aurrera doan heinean. Pertsonaiak ez daude ondo definituta, eta horrek ikuslearen inplikazio emozionala lortzea zailagoa izatea eragiten du. 

Amaitzeko, bada pelikuletan elementu bat niretzat garrantzi berezia duena: soinu banda. Tim Burton Danny Elfman-ekin errepikatzen du "Dark Shadows"-en. Kolaborazio honetatik emaitz bikainak lortu dituzte behin baino gehiagotan, hala ere, oraingoan ez hainbeste. Pelikularen soinu bandan 1970ko hamarkadaren abesti bikainak entzun ditzakegu, baina horretara mugatzen dira, hau da, abesti onak dira bai, baina ez diote istorioari ezer berri gaineratzen. Pertsonalki pentsatzen dut edozein soinu bandetan letradun abestiak sartzeko intentzioa badago, hauek zerbait berri gaineratu behar diotela istorioari, letraren bidez zerbait berri adierazi eta ez soilik abestia gustuko duzulako edota ospetsua delako bertan jarri. 

Orokorrean pelikula ikuserraza da, Johnny Depp-ek duen karisma ezin daiteke eztabaidatu. Hala ere, faltan botatzen dut Sleepy Hollow edota Edward Scissorhands bezalako pelikulak zuzendu zituen Tim Burton. Esan bezala, argi gutxi hainbeste itzalen artean.

Azpitituluak euskaraz: Dark Shadows (2012)

10/4/12

'Chocolat' (2000) - Bizitzaren plazer txikiak

Bazen behin Lansquenet deitutako Frantziako herrixka txiki bat. Oso herri tradizionala zen hura, eta urteak igaro ziren ezer berezirik gertatu gabe. Egun hotz batean, iparraldeko haizeekin batera, pertsona misteriotsu bat ailegatu zen herrira kapa gorri bat jantzita zuela. Deabrua batzuentzat, aingerua besteentzat: Vianne Rocher.


Lansqueneteko herritarrak euren bizitzak lasai bizitzera mugatzen dira, ez dute plazerrik bilatzen ezta onartzen ere. Viannek garizuman txokolate denda bat zabalduko duela enteratzen direnean, probokazio handia iruditzen zaie.

Herritar misteriotsu berriaren inguruan marmarka hasten dira herritarrak, hauentzat Vianne bekatuan bizi den emakumea delako: alaba bat duen emakume ezkongabea, ateoa... Hala ere, Vianne-i ez zaizkio beraren inguruko zurrumurruak axola eta herri txiki horren biztanleen bizitzak gozotzeko prest dago. Viannek gaitasun berezi bat du, pertsona bakoitzaren txokolate faboritoa zein den asmatzeko gaitasuna.

Pelikula-ipuin kurioso honetan drama zein maitasunarentzat tokia dago ere. Lansqueneteko biztanleak beldurrarekin bizi dira, desirak erreprimitzen dituzte. Esan bezala, oso herri tradizionala da. Beti zuzena omen den hori egin eta onartzen dute. Hau da, egin beharrekoa egiten dute, ez benetan egin nahi duten hori. Baina ez soilik herritarrek, Viannek baita. Vianne honen amaren oroitzapenari lotuta bizi da, ez da konprometitzeko gai. Beti dabil leku batetik bestera bidaiatzen bere alabarekin batera, eta amaren errautsak gainean eramanez.

Istorio gozo honek kasting on bat du. Juliette Binoche xarmangarria dugu ipuin honen protagonista, eta honekin batera Johnny Depp, Judi Dench zein Alfred Molina ikus ditzakegu. Pelikulak, arraroa iruditzen zaidan arren, bost Oscar izendapen lortu zituen. Chocolat gozotasunez betetako ipuina da, sinesten eta maitatzen duzun horren alde egin behar duzula erakusten duen horietakoa, norbaiten bultzada beharrezkoa bada ere. 

8/4/12

'What's eating Gilbert Grape?' (1993) - Norbaitek Arnie ikusi al du?

What's eating Gilbert Grape? pelikularen zati batzuk ikusita nituen soilik, orain pelikula osoa ikusi dudala, hau komentatzeko unea dela erabaki dut.

Ondo landutako drama honen izenburua euskaraz, "Zerk arduratzen du (edo zerk kezkatzen du) Gilbert Grape" izango litzateke, gutxi gora behera. Endora izeneko herri batean kokatzen da, toki lasai bat non ezer gertatzen ez den. Gilbert Grape (Johnny Depp) mutil gaztea da eta herriko supermerkatuan lan egiten du. Ardura ugari ditu eta hauek nolabait honen bizimodua baldintzatzen dute, ez da aske bizi. Honen aitak bere buruaz beste egin zuenetik, Gilbertek bi arreba, ama gizena eta arazo mentalak dituen anaia, Arnie, zaintzeko ardura du; bere familiarekiko duen konpromisoa itzela da. Gilberten helburu bakarra pertsona ona izatea da. Nahiz eta ama familiaren zutabe nagusia izan, karga handi batean bilakatu da bere seme- alabentzat. Gilbertek ez du inoiz bere nahi edo desiretan pentsatzen, ez du horretarako denborarik, Beckyrekin topo egiten duen arte.


Becky emakume gazte bat da. Hau bere amonarekin karabana batean igota bidaiatzen dabil. Gilberten muturreko pertsona da, ez da inguratzen dion horretaz gehiegi kezkatzen, bere bizitza bizitzera mugatzen da leku batetik bestera bidaiatuz. Gilbert maiteminduko duen espiritu libre bat da Becky. Pelikulan amodio istorioa bigarren maila batean garatzen den arren, oso garrantzitsua da Gilberten pertsonaiarentzat, honek bere bizitzan lehen aldiz, zerbait desiratzen duelako. Orokorrean, pelikulak planteatutako egoera nahiko dramatikoa den arren, itxaropentsua den pelikula bat dugu.

Pelikulak istorio polit bat kontatzen digu. Honetan Johnny Depp eta Leonardo DiCaprio gaztea besteen gainetik nabarmentzen dira. Lehenak interpretazio lan on eta naturala egiten du. Bigarrenak, bere bizitzan egindako interpretazio hoberenetariko bat gauzatzen du, Arnieren pertsonaia sinesgarri bihurtuz. Ikustea merezi duen pelikula da.