Mostrando entradas con la etiqueta The Iron Lady. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta The Iron Lady. Mostrar todas las entradas

27/2/12

Oscar sariak, "The Artist" gaueko izar

Aurten Oscar sariak ikusteko helburua nuen, streaming-a ordenagailuan jarrita red carpeta "kritikatzen" aritu nintzen denbora luzez, "Ikusi al duzu zein polita den soineko hori?... Bueno, ez dakit ba ... kolorea arraro zamarra da..."; "Nor demontre da hori? A! Abeslari bat..." Bi ordu t'erdi falta ziren red carpeta amaitu eta zeremonia hasi arte. Erdi lo nengoela (goizeko ordu bat eta erdiak aldera), ordenagailua amatatzea erabaki nuen, eta irratira pasa nintzen. Eroso, esatarien komentarioak entzunez..., hamar minututan lo. Gaur, goizean goiz, ordenagailua piztu, telebistan albistegiak jarri eta Twitterren sartzearekin nahikoa izan da jakin beharreko informazio guztia jasotzeko. Espero nuen bezala, sorpresa gutxi.


Oscar sarien 84.edizioak ez du ezustekoetarako lekurik utzi, faborito zirenak irabazle suertatu direlako. "The Artist" film mutu frantsesak bost sari irabazi zituen atzokoan (Pelikula, Zuzendari, Aktore nagusi, Musika eta Jantzi hoberenen kategorian). Oscarren historian ingelesez grabatuta ez dagoen film batek pelikula hoberenaren saria irabazten duen lehen aldia da; eta ez hori bakarrik, Jean Dujardinek gizonezkoen kategorian Oscar saria lortzen duen lehenengo frantsesa dugu ere.


Nostalgiaz betetako zeremonia izan da, izendapen gehien biltzen zituzten bi pelikulak ("Hugo" eta "The Artist", 21 izendapen guztira) zine mutuari egindako omenaldiak direlako. Pelikula hauen arteko lehian berdinketa egon da, bakoitzak bost sari jaso baitituzte. Desberdintasun batekin, Scorseseren "Hugo" abenturak, kategoria teknikoetan lortu du garaipena (Fotografia, Zuzendaritza Artistikoa, Soinua, Soinu efektuak eta Efektu bisualak).

Esan bezala sorpresa gutxi. Aktoreen kategoriei dagokienez, Meryl Streep ("The iron lady") bere hirugarren Oscar saria irabazi du (Katherine Hepburn-en 'record'-etik gero eta hurbilago) eta sekundarioen kategorian Christopher Plummer ("Beginners") eta Octavia Spencer ("The help") izan dira irabazle.

Woody Allen-en "Midnight in Paris"-ek irabazi du gidoi original hoberenaren kategorian eta Alexander Payne-k gidoi moldaketa hoberenaren saria lortu du "The Descendants" filmaren testuagatik. Aurreikusita zegoen bezala "Nader and Simin, a separation" pelikula iraniarrak irabazi du atzerriko hizkuntzan grabatutako lan onenaren saria eta Animazio kategorian Gore Verbinskiren "Rango"-k lortu du saria.


Billy Cristal izan da zeremoniaren aurkezle, eta dirudienez, froga nota onarekin gainditu du. Glamourez betetako gala honetan, urtero bezala, polemikarako tokia dago ere, aurten Sacha Baron Cohen komikoaren eskutik, bere hurrengo pelikularen protagonistaz mozorrotuta aurkeztu zen Kim Jong il-en 'errautzak' kutxa batean eramanez eta hauek alfonbra gorritik zabalduz.

Saritu beharrekoa sarituta, ezustekorik ez.

24/2/12

Oscar sariak, iragarpenak: Aktoresa nagusi eta sekundarioa

Kasu honetan faborito argi bat ez dagoela uste dut. Meryl Streep-ek saria irabazteko aukera asko dituen arren, Viola Davis garaile suerta daiteke 'The help' pelikulagatik. Gainera, interneten Michelle Williams-en izena aipatzen dute ere irabazle bezala. Hiru emakume indartsu, hiru aktoresa bikain.
                                                                                                                                                                  

Meryl Streepek Margaret Thatcher da 'The Iron Lady' pelikulan, itxura aldatzeak puntu asko ematen ditu Oscar saria lortzeari begira, eta Meryl Streepek politikari britainiarrean transformatzeko makilaje ordu nahikotxo jasan ditu. Viola Davis-ek neskamearen papera betetzen du 'The help' pelikulan; nolabait pertsona errealaren ordezkari bihurtzen da, errepresioaz nazkatuta bere eskubideen alde borrokatzen duen hori. Azkenik, Michelle Williams izar batean bilakatu da "My week with Marilyn"-en, Hollywoodeko mito handienean, Marilyn Monroen. Karakterizazio lana ona da, ez soilik fisikoki, ikusi ditudan klipak oinarrian hartuz hizkeran eta keinuetan ere Marilyn-en antza izatea lortu duelako. Ezin daiteke eztabaidatu hiru emakume hauen kalitate interpretatiboa. Igandeari begira, Meryl Streepen alde egingo nuke.




Sekundarioei dagokienez, 'The help' pelikulak izan duen harrera ona islatzen da; pelikulan agertutako aktoreetako bik kategoria honetan izendapenak lortu dituztelako, Jessica Chastain eta Octavia Spencer (goiko bideoan biak). Lagun eta lehiakide. Biek jaso dituzte sariak jada, nahiko berdinduta daude, hala ere, nire ustez Jessica Chastainek irabazi beharko luke. Arrazoi batengatik, 'The tree of life' ikusi nuenean ez nintzen ohartu emakume protagonista eta 'The help'-eko emakume bitxi hau aktoresa berdina zirela, eta horrek Jessica Chastainen lanari mesede egiten dio, akademikoek azken honek Malick-en filman egindako lana kontuan hartu dezakete bera eta Octavia Spencer-en artean aukeratzerako orduan.


Aktoresa nagusiaren kategorian hautagai: Glenn Close ('Albert Nobbs'), Viola Davis ('The help'), Rooney Mara ('Millennium'), Meryl Streep ('The Iron Lady'), Michelle Williams ('My week with Marilyn')


Aktoresa sekundario kategorian hautagai: Berenice Bejo ('The Artist'), Jessica Chastain ('The help'), Melissa McCarthy ('Bridesmaids'), Janet Meter ('Albert Nobbs'), Octavia Spencer ('The help')