29/9/13

'Rush' (2013)


James Hunt eta Niki Laudaren arteko lehia


Ron Howard da ‘Rush’ pelikularen zuzendaria. James Hunt (Chris Hemsworth) eta Niki Lauda (Daniel Brühl) 1 Formulako gidarien lehia da pelikularen oinarri, 1976ko denboraldiko nondik norakoak konkretuki. Lehiakortasunak interesa gaineratzen dio kirolari, ikusle edo jarraitzaile gisa inplikatzen gaitu. Kasu honetan, bi gidarien arteko lehia eta tirabirek istorioa zirraragarria egiten dute.

Bi bizitza, 3 Formulako lasterketetan lehen aldiz topo egin zuten bi karrera. Muturreko izaera duten bi pertsona. Lasterketa bakoitzean heriotza saihestearen ideia erakargarria da bientzat (garai hartan denboraldiko heriotza tasa altua zen). Talka egiten zuten bi pertsona horien arteko lehia epikoa izan zen.

25/9/13

'Unforgiven' (1992)


William Munny, antiheroia?


Westerna, generoaren urrezko garaia nahiko urrun zegoela zirudien Clint Eastwoodek ‘Unforgiven’ pelikula egitea erabaki zuen arte. Eastwoodek generoa nolabait berpiztu zuen, eta ez hori bakarrik, baita generoaren barruan aurki daitezkeen zenbait kontzeptuen inguruan interpretazio berriak aurkeztu zituen. Ikaslea maisu bihurtu da. ‘Unforgiven’ zuzendariaren lan onenetako bat izateaz gain, generoaren lan aipagarrienetako bat da. Esan bezala, ikaragarria, ausarta, ezkorra eta ukitu errealista duen western bat izateaz aparte, zuzendariak zenbait elementuen interpretazioarekin asmatu zuen. Orain heroismoa ez da erakargarria edota miresgarria; hotza da, erruduntasunez beteta, krudela. Beraz, pertsonaiak heroiak baino, kriminalak izango dira.

11/9/13

'Strangers on a train' (1951) - Kristal baten isla



Erlazionatutako edukia: 'Rebecca' (1940)

Tren geltoki bat, hondoan Kapitolioa, bi gizon tren batera igotzear dira. Ez dugu euren aurpegia ikusten, soilik bere zapatak. Gizonetako bat planoan ezkerretik sartzen da, bestea eskuinetik. Indizio guztiek elkar topatuko direla iradokitzen digute. Bien arteko nahigabeko ukitu batek euren bizitza aldatuko duen elkarrizketaren hasiera izango da. Modu horretan hasten da Alfred Hitchcocken ‘Strangers on a train’ pelikula. Hasiera ezin hobea.


9/9/13

'A place beyond the pines' (2012) - Familiaren ondarea


Derek Cianfrance da ‘A place beyon the pines’ pelikularen zuzendaria; pelikula on eta interesgarria, intrigaz eta tentsioz betetakoa. ‘Blue Valentine’ pelikula mardularen zuzendariak berriro Ryan Gosling aktorearekin lan egiten du; hori bai, oraingoan pelikulak distribuzio hobeago bat lortu du (‘Blue Valentine’ pelikularen kasuan pelikularen banaketa lotsagarria izan zen. Izan ere, 2010ean ekoiztutako pelikula, aurten estreinatu dute pantaila handian).

Zuzendariaren hitzetan, ‘A place beyond the pines’ pelikulan norbanakoak munduan uzten duten ondarea da pelikularen abiapuntua, eta orainaldian hartutako erabakiek etorkizunean izango duten eragina zenbatekoa izan daiteke. Pelikulak ia bi ordu eta erdiko iraupena du, eta hiru ataletan banatu dezakegu. Atal bakoitza pertsonaia zehatz batzuetan oinarrituta egongo da.

3/9/13

'Mud' (2012) - Ellis, Neckbone eta Mud misteriotsua


Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

‘Mud’ Jeff Nichols zuzendariaren hirugarren film luzea da, baita protagonistaren izena ere. ‘Mud’ pelikulak abentura, drama eta maitasuna nahasten ditu. Tom Sawyerren abenturekin parekatu dute askok, niri ‘Stand by me’ (1986) pelikula etorri zait burura pelikula ikustean. Umeen kuriositatea, inozentziaren galera, apurtutako edo apurtzear dauden familien istorioa, maitasun istorio triste bat… Guzti hori Nicholsen pelikulan ikus dezakegu.

Pelikula honen aitzakia edo “macguffina” zuhaitz batean “harrapatuta” gelditu den txalupa bat da. Nola demontre heldu den txalupa horraino? Ez du axola. Txalupak bi gazteren arreta deituko du: Ellis (Tye Sheridan) eta Neckbone (Jacob Lofland) izeneko gazteena zehazki. “Objektua aurkitu duenarentzat” teoria jarraituz, txalupa euren propietate izendatuko dute. Baina euren sorpresarako, txalupak “jabea” du jada.

2/9/13

'Kick Ass 2' (2013) - Hit Girl eta Kick Ass, borrokarako prest


Kritika honek Kick Ass (2010) pelikularen spoilerrak ditu

2010ean ‘Kick Ass’ pelikula estreinatu zen, Mark Millarren komikiaren moldaketa zinematografikoa. Dave Lizewskiren (Aaron Johnson) nondik norakoak kontatzen dizkigu istorioak, nola egun batetik bestera superheroi bat bihurtzea erabaki zuen (zergatik ez?). Daven ustez, gizartearentzat ez litzateke txarra izango superheroi bat izatea, bere ideia gauzatzeko bizitza arriskuan jarriko du. Sekulako jipoia jasan ondoren eta zenbait ebakuntza gainditu eta gero, Davek sentsibilitatea galduko du (etorkizuneko kolpeak jasotzeko “abantaila” bat). Beraz, mozorro berde eta hori bat jantzita heroi bat balitz bezala jokatuko du. Egun batetik bestera, munduaren arreta deituko du, izar mediatiko bat da orain. Baina berarentzat joko bat baino ez dena, beste batzuentzat seriotasun handiko kontua da.