30/6/13

'An affair to remember' (1957) - Maitasun istorio ahaztezina


 Erlazionatutako edukia: Leo McCarey - 'Duck Soup' (1933)

Leo McCareyk Cary Grant eta Deborah Kerr aktore karismadunak zuzendu zituen ‘An affair to remember’ drama erromantikoan. Pelikula, Leo McCareyk berak 1939an zuzendutako ‘Love affair’ pelikularen moldaketa da (Irenne Dunne eta Charles Boyer izan ziren orduan pelikularen protagonistak).

Alde batetik Nickie Ferrante (Cary Grant) dugu, bere musaren bila dabilen ospe gabeko margolari bat. Ferrante playboy harroputz bat da, ego handia duena. Ferrantek neska-laguna du. Bestetik Terry McKay (Deborah Kerr) dugu, klub batean lan egiten duen abeslari arrunt bat. Nickieren antzera, Terryk bikotekidea du. Nickie eta Terryren arteko erakarpena euren begiradek bat egiten duten une berean sortzen da.

24/6/13

'Man of Steel' (2013) - Identitate baten bila


Superheroien pelikulak jada ez dira bigarren mailako genero bat, gaur egun publikoaren arreta deitu eta dirutza ikaragarria biltzen duten pelikulak dira. Batman, Spiderman, Ironman, The Avengers, X-Men… komikien azken moldaketa zinematografikoekin hori gertatu da, publikoaren interesa pizten jarraitzen dute, eta eskaria baldin badago, superheroien pelikulek zinema-aretoak betetzen jarraituko dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, normala da superheroi ikoniko honen itzulera. ‘Man of steel’ pelikulak osagai guztiak ditu epikoa izateko: Zack Snyder, Christopher Nolan, aktore talde ezin hobea, Zimmer soinu bandaren kargu… Ongi nahastuz gero, arrakasta ziurtatuta. Baina, nire ustez, zerbaitek huts egin du. Beste estreinaldi handi batzuekin gertatu den bezala (‘Prometheus’ekin adibidez), publizitate kanpaina erraldoi eta bikainak amaierako produktuaren kontra egin du.

‘Man of steel’ pelikula ikusita zenbait gauza gustatu zaizkidala esan behar dut, pelikularen aspektu “pertsonalarekin” erlazioa dutenak. Baina badira gustatu ez zaizkidan beste zenbait, adibidez akzio eszenen garapena pelikularen amaierako zatian (errepikakorrak, luzeak eta berrikuntza gutxikoak).

19/6/13

'Changeling' (2008) - Xehetasun pare bat


 'Changeling’ pelikula benetako gertakarietan oinarritzen da eta desagertutako ume baten amaren borroka dugu pelikularen abiapuntu. Clint Eastwood da 20ko hamarkadaren amaieran girotutako istorio honen zuzendaria. ‘Changeling’ pelikulak drama eta intriga generoak nahasten ditu, eta horretaz gain, gezurra, korrupzioa, zoramena eta borroka indibiduala bezalako gaiak lantzen ditu. Drama honetan Clint Eastwood zuzendariaren estiloaren bereizgarri diren zenbait elementu antzeman ditzakegun arren, ez dira nahikoak izan. Hau da, pelikulak ez nau espero nuen bezain beste hunkitu, istorioarekin guztiz konektatu ez dudalako. 
Christine Collinsen (Angelina Jolie) pertsonaiaren garapenak hotz utzi nau. Hala eta guztiz ere, badira izugarri gustatu zaizkidan zenbait elementu formal eta eszena.


5/6/13

'Ace in the hole' (1951) - Sentsazionalismoa eta iritzi publikoa


Erlazionatutako edukia:

“Tell the truth” Albuquerqueko egunkari txiki baten leloa da. Egunkari horren erredakziora Charles Tatum (Kirk Douglas) lan bila joango da. Tatumek kazetaritza sentsazionalista odolean darama; istorio on bat idazteko edozer egiteko prest dagoen kazetaria da. Erredakzioaren leloaren kontra egitea ez dio batere kezkatzen. Printzipio argiak ditu: interes publikoaren arreta deitu behar duen albiste bat sortzerako orduan, etika eta moralarentzat ez dago tokirik.

Bere lan metodoak kolokan jartzen dituztenean, bere albisteak “sentsazionalistak” baino sentimentalak direla defendatzen du Tatumek. Baina egia esanda, bere hitzak sinestea ez da batere erraza. Herrialdeko egunkari garrantzitsuenetatik kaleratu dute, salaketa ugari jaso ditu… Anbizio handiko pertsona harroputz, berekoi eta manipulatzailea da. Eskrupulu gutxiko kazetaria. Esan bezala, Tatumek badaki istorio on bat sortzen, eta are garrantzitsuago, gertaera mota zehatz batzuen aurrean iritzi publikoaren jokaera eta erantzuna nolakoa izango den badaki.