Mostrando entradas con la etiqueta Musikala. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Musikala. Mostrar todas las entradas

10/7/13

'Top Hat' (1935) - Fred Astaire eta Ginger Rogersen dotorezia


Filma musikalei buruz hitz egiten dugunean, konkretuki Hollywoodeko urrezko aroan ekoiztutako horien inguruan (1930-1950 bitartean egindakoak, gutxi gora behera), bada berehala burura etortzen zaigun bikote bat: Fred Astaire eta Ginger Rogers.

Fred Astaire ez zen aktore ala dantzari atletikoena, Ginger Rogers ez zen abeslari onena… baina batera tandem perfektua osatzen zuten. Pantaila handian konplize izateaz aparte, karismaz betetako dantzariak ziren. Dotoreak, klasedunak, estilosoak, pikardia apur bat zuten ere… baina guzti horren gainetik, Fred Astaire eta Ginger Rogersek kimika ikaragarria zuten. Bikotea dantzatzen ikustean primeran pasatzen dugu, nolabait, liluratuta gelditzen gara pantaila aurrean. Xarma berezia zuten.

3/1/13

'Les Miserables' (2012) - Indibiduoaren ezinegona eta herriaren iraultza


les-miserables-hugh-jackman

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Les Miserables'ek: Pelikula, Gizonezko aktore onena (Hugh Jackman), Emakumezko bigarren aktore onena (Anne Hathaway), Abesti onena, Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Makilaje onena eta Soinu onena.

Gogo itzelak nituen ‘Les Miserables’ musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko, hainbat arrazoiengatik: musikalak gustuko ditut eta ‘Les Miserables’ mitikoenetako bat da, bildu duten aktore taldea bikaina delako, eta horiek pelikulan zuzenean abestearen aldeko apustua egin dutelako (ohiko ‘playback’-a alde batera utziz). Victor Hugok idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako musikalaren moldaketa zinematografikoa pelikula ona iruditu zait.  XIX. mendean girotuta egon arren, iraultzaileek zabaltzen duten mezua gaur egun gizarteak, herriak, zabaltzen ari denaren antzekoa da (zoritxarrez).

Tom Hooper (The King’s Speech) dugu drama honen zuzendaria. ‘Les Miserables’ musikala eta operaren arteko mugan kokatzen da, berez abestu gabeko uneak ia existitzen ez direlako. Nahiz eta erredundantea irudi, guztiz abestutako pelikula da (generoaren baitan pelikula guztiek ez dute erabaki horren alde egiten).

Aktoreak guztiz inplikatu dira, eta bere lana, salbuespenak salbuespen, benetan ona da. Emozio eta dramatikotasun handiarekin interpretatzen dituzte abestiak. Horregatik erraza da euren mina, askatasun grina edota barkamen beharra identifikatzea edo sinestea. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.

16/10/12

'Grease' (1978) - You're the only one that I want


'Grease' musikala berriro ikusi dut, musikal ona dela pentsatzen dut, erraz ikusten den pelikula da: dibertigarria, alaia, denboraren igarotzea nahiko ondo jasan du eta soinu banda ezinhobea da (ba al da pelikularen abestiak ezagutzen ez dituen norbait?).  'Grease' pelikularen oinarria sinplea da: mutil (itxuraz) inozentea neska zintzoa ezagutzen du udan  eta maitasun istorio ederrena bizitzen dute. Danny Zuko eta Sandra Olson, kasualitatez, institutuan berriro elkartuko dira. Hala ere, gauzak asko aldatu dira, ez dira udan bezain "idilikoak": Danny Zuko mutil ezagun, bihurri eta harroputza da, institutuan ez dago Sandyk udan ezagutu zuen mutil zintzoaren arrastrorik. Maitasuna ala popularitatea? Hori da pelikularen protagonisten, Danny eta Sandyren, dilema.

'Grease' musikal zinematografikoen eta nerabe edo "teen movie" deritzonaren erreferente bihurtu zen. Pelikula erraz identifikatzen den  "marka" bat da: soinu banda, pertsonaiak, estilismoa, pertsona orok ezagutzen ditugun koreografiak...  'Grease' estreinatu zutenean, ordura arte zinemaren historian diru gehiago irabazi zuen hirugarren pelikula bihurtu zen (soilik 'Jaws' eta 'Star Wars'en atzetik). Pelikulak ez nau aspertzen, klasiko bat da. Hona hemen pelikularen inguruko zenbait bitxikeria:

1/8/12

'Across the universe' (2007) - Marrubiak eta The Beatles

 ‘Hair’ eta ‘Moulin Rouge’ musikalak nahastuko bagenitu, ‘Across the universe’ pelikulatik hurbil egongo litzatekeen zerbait lortuko genuke, oso gustoko dudan musikala. Arrazoi nagusia: The Beatlesen abestietan oinarrituta dagoela (guztira 32 abesti agertzen dira pelikulan), eta gainera, Liverpooleko taldeari eta garaiko musikari egindako erreferentziaz beteta dago.

Jude (Hey Jude) AEBetara aita ezagutzeko intentzioarekin eta bisa gabe bidaiatzen duen Liverpooleko gaztea da. Bidaian Judek Max (Maxwell’s silver hammer) ezagutuko du. Bizitza eroso bat daraman gizarte maila ertain-altuko gaztea. Maxek ez du gizarteak inposatutako arauen menpe bizi nahi eta unibertsitatea utziko du. Behin ikasketak alde batera utzita, Vietnameko gerrara derrigortuta eramango dute. Maxek Jude-i arreba aurkeztuko dio, Lucy (Lucy in the sky with diamonds). Judek Lucy ikustean berehala maiteminduko da. Musikalaren istorioa ez da bestelako gauza, amaiera erraz aurreikus daiteke, hala ere, ez dut uste pelikulak maisu lan bat izateko nahia duenik. Istorio polit bat da, eta kitto.

jim-sturgess-jude-across-the-universe

Iraultza, maitasuna, laguntasuna, artea, askatasuna edota Vietnameko Gerraren aurkako mugimenduak dira pelikulak nabarmentzen dituen kontzeptuetako batzuk, eta The Beatles taldearen abestien bidez islatzen ditu kontzeptu horiek.

‘The Beatles’ taldearen diskografiaren antzera, pelikula bi ataletan banatuta dago: lehenengoan ‘Beatlemania’ garairi dagozkion abestiak daude (I want to hold your hand, All my loving edo I’ve just seen a face); eta bigarrenean taldearen heldutasun artistikoari dagozkionak, konplexu, kritiko eta politikoagoak diren abestiak (Strawberry fields forever edo Revolution).

Horretaz aparte, pelikula Liverpooleko taldeari eta, oro har, rock musikari egindako erreferentziaz beteta dago. Taldearen abesti batzuk agertu ez arren, presente daude, adibidez Get Back abestia eta zabaltza. Baita, zenbait aktoreen izenek eta jarrerek 60ko hamarkadari egiten diote erreferentzia. Adibidez, Sadieren pertsonaia (Sexy Sadie) Janis Joplinen izaera du, eta Jojo gitarra jolea (Get Back), Jimi Hendrixen inspiratuta dago.

Erreferentzia artistikoak aurkitzen ditugu ere, adibidez, Juden pertsonaiak diskoetxe baterako logo bat marraztu behar du. Inspirazioaren bila, hasieran sagar baten irudia marrazten saiatzen da (Apple Recordsen logoa, The Beatles taldearen zigilu diskografikoa), baina amaieran marrubi batengatik aldatzen du, narrazioari dagokionez, marrubiak joko gehiago ematen duelako.


joe-anderson-max-across-the-universe-the-beatles

Julie Taymor da zuzendaria. Zenbait pelikula zuzentzeaz aparte, The Lion King musikalaren zuzendaria da. Pelikulan zehar antzerkiaren influentzia nabari dezakegu, batez ere, zenbait eszenen planteamendu, koreografia eta atrezzo elementuetan. Adibidez, I want you (She’s so heavy) edo Happiness is a warm gun abestietan. Horietan eszenatokien antolamendua antzerki-eszenografia baten parekoak dira, zoruak eta hormak mugitzen eta moldatzen doaz eszena edo ekintza gertatu bitartean.

Pelikulak badu ere une “psikodeliko” bat, nire ustez, pelikulak duen akats bakarra. Une psikodeliko hori gustatzen zait, bai, baina narrazioa eteten du. Istorioan galdutako une bat da, “LSD unea” izena jarriko diogu. Estetikoki itzela, baina narratiboki luze zamarra. Parentesi narratibo honen barruan hiru abesti daude: I am the Walrus, Being forthe Benefit of Mr. Kite eta Because.

Esan bezala, ‘Across the universe’ gustuko dudan pelikula da; duen estetikagatik, pertsonaiengatik eta, noski, abestiengatik. Pelikulan agertzen diren abesti guztien artean, Strawberry Fields forever da nire faboritoa zenbait arrazoiengatik: marrubien erabilpenagatik, Lennonek idatzitako abestia bikaina iruditzen zaidalako (nahiz eta eszenan esanahi berri bat eman jatorrizkoarekin konparatuz), eta une horretan pertsonaiek sentitzen duten beldur eta nahasmenaz aparte, pelikularen estiloa definitzen duen eszenaren parte delako.

15/2/12

"Singin' in the rain" (1952) - Une musikala

Musikala genero bezala gustatu ala gorrotatu dezakezu, ez dago bitarteko erantzunik. "Singin' in the rain" filma maisu lan bat dela ukaezina da. Stanley Donen eta Gene Kelly-k zuzendu zuten zinearen klasiko hau. Donen grabaketaren parte teknikoez arduratu zen, eta Kelly koreografia zuzendaria izan zen.

"The Artist" gehitu behar dugu zine mututik soinura igarotzeak sortu zituzten ondorioak erakusten duten film zerrenda honetara. Billy Wilderrek "Sunset Boulevard" (1950) pelikulan Norma Desmonden zoramenaren ikusle bihurtu gintuen, melodramaz eta "kameos" beteriko maisu lana. 'Singin' in the rain' filman aldaketa hori ikusten dugu ere baina zoramenaren ordez, komikotasunarekin topo eginez. Azken honek trantsitzio hori hobeto erakusten duen lana da.


Stanley Donen eta Gene Kelly-k, esan bezala,  soinuak zinemaren industrian eragin zituen aldaketak erakusten dizkigute film honetan. Alde batetik, zinemaren industriarentzat teknikoki aldaketa ikaragarria izan zen hura, produkzio sistema hankaz gora jarri zuen soinuak. Bestetik, aktore batzuentzat euren jardunaren amaiera izan zen, baztertu zituzten. Soinuarekin berdin zuen pantomimaren errege izatea, bat-batean hitza bihurtu zen garrantzitsu, eta hau ondo ulertu behar zen.

Alaitasunez betetako filma da, nire faboritoen artean  kokatzen da, "Top 5"-ean. Gene Kelly, Donald O'Connor eta Debbie Reynolds xarma eta karismaz betetako hirukotea osatzen zuten. Koreografiak perfektuak dira, oso landuak eta zailak (adibidez, "Moses Suposses" eszenan O'Connor eta Kelly-ren arteko sinkronia perfektua da). Abestiak baita. Hauetako batzuk MGM-ren beste film batzuetatik birziklatu eta moldatu egin zituzten klasiko honetan ager zitezen. Zinea zine barruan. Hollywood-eko industriaren funtzionamendua une musikal batean laburtuta agertzen da, "Broadway Melody" (soilik zati bat ikusgai) abestiari dagokiona. Pelikulan agertzen den koreografia luzeena dugu hau (nire ustez, film laburtzat kontsidera daiteke). Eszena luze honetan Gene Kelly gazte bat ikusten dugu, apur bat "galduta" dabil Broadway-ko kaleetatik. Honen ametsa Hollywoodeko izar bihurtzea da.


Film honek momentu bikain asko ditu, adibidez, jendearen fedegabezia soinua lehen aldiz entzuterakoan, ahozkotasun klaseak, mikroak erabili zituzten lehen aldiaren grabaketa! ... Ez diot akatsik aurkitzen filmari. Perfektua izatetik hurbil dago.

Ba al dakizue, pelikula estreinatu zutenean arrakastarik izan ez zuela? Publikoarentzat beste musikal arrunt bat baino ez zen izan. Denborak klasiko batean bihurtu du. Nire ustez, musikalik hoberena da, eta ez hori bakarrik, filmaren historian egindako film hoberenetarikoa. Ez dakit zenbat aldiz ikusi dudan pelikula hau, berdin dit! Telebistan honekin topo egiten dudan bakoitzean, berriro harrapatzen nau, berriz ere liluratzen nau...