Glen Hansard eta Markéta Irgová dira pelikularen protagonistak eta soinu bandaren egileak. Gizonak bere aitarekin xurgatzaileak konpontzen lan egiten du eta aisialdian gitarra hartu eta kalean musika jotzen du diru-estra apur bat lortzeko helburuarekin. Emakumeak, Dublineko kaleetatik arrosak saltzen ditu. Biek bultzada bat behar dute, barruan gordeta duten hori askatzeko ihesbide bat. Aurrera egin behar dute. Apurtutako instrumentuak dira. Konpainiaren beharra dute.
Biek maitasun indartsu bat partekatzen dute, musikarekiko maitasuna. Musika da pelikularen oinarrizko zutabea, protagonisten ihesbidea. Abestien letretan horien sentimenduak, istorioak, iragana edota falta botatzen duten hori islatuta egongo dira.
'Once' pelikularen abestiek eta protagonistek musikarekiko erakusten duten pasioak hasieratik harrapatzen naute beti. Fikzioa izan arren, pelikula dokumental formatutik hurbil dago. Pelikula honen soinu banda nere bizitzaren parte bilakatu da. Proiektu txiki bat izateko asmoarekin jaio zen pelikula honek 2007an Oscar sari bat jaso zuen, 'Falling Slowly' abesti hunkigarriagatik. 'Once' indarrez betetako abestiez inguratuta dagoen bizitza zati bat dugu.
'The Swell Season' (2011) - Erlazio baten amaieraren kronika
Abesti onenaren Oscar saria irabazi eta bost urte geroago, bikotekideak bizitako esperientziaren inguruan dokumental bat grabatu zuen: 'The Swell Season'. Egun batetik bestera, bai Glen bai Marketa ezezagunak izatetik arrakasta nabarmena izatera igaro ziren. Bat-bateko arrakasta horrek euren erlazioan eragina izan zuen. Ametsetako ipuina amaierara heldu zen.
Zuri beltzean grabatuta eta, nola ez, biek konposatutako abestiez lagunduta, 'The Swell Season' dokumental interesgarria da, amesten zuten guztia lortu zuen bikotekide baten bidaia. Glen eta Marketaren ametsa bete egin zen, baina "garesti" ordaindu zuten. Musikarekiko pasioa mantentzen da, abesti bakoitzak barruan gordetzen dituzten sentimendu guztien isla dira, eta abestien letrek banaketa baten kronika agerian uzten dute. Glenek abesterako orduan jartzen duen pasioak eta Marketak abesterakoan igortzen duen gozotasun eta xumetasunak dokumentala hunkigarritasunez betetzen dute. Gomendagarria.