26/11/12

'Casablanca' (1942) - 70. urteurrena


‘Casablanca’ pelikula zinemaren historiko klasiko handienetako bat da. Aurten pelikularen estreinaldiaren 70. urteurrena ospatzen da, hori dela eta pelikulari omenaldi txiki bat egiteko une aproposa da. Klasiko handi guztiekin gertatzen den bezala, Michael Curtizek zuzendutako pelikularen elementu txikiena ere aztertua izan da. Eszena eta esaldi ospetsu ugari dituen pelikula den arren, hitzak beharrezkoak ez diren eszena bati buruz hitz egitea erabaki dut, bereziki gustatzen zaidan eszena bati buruz: Ilsa eta Ricken begiradaktopo egiten duten unea.

Aipatutako eszenan gauza asko esaten dira, baina hitzak erabili gabe, begiradekin nahikoa da dena ulertzeko. Sami, pianojoleari, “As time goes by” abestia jotzeko eskatzen dio Ilsak. Abesti eder horren lehenengo notak entzuten direnean Ilsaren begirada oroitzapen batean murgiltzen eta galtzen da. Ez dakigu zer demontre pentsatzen ari den  baina Ilsa baina hunkituta dago. Jaso dugun informazio bakarra abesti hori ‘Rick’s cafe’-n debekatuta dagoela da. Abestia entzuterakoan, Rick Blaine piano-jolearengana hurbiltzen da, haserre.
Une horretan Rick eta Ilsaren begiradak topo egiten dute. Denbora gelditzen da. Ez dago zer esaterik. Are gehiago, ez da beharrezkoa ezer esatea dena dakigulako: Ilsaren oroitzapena zein zen eta Rickek gogoratu nahi ez zuen hori zer zen. 
Geroago, taberna itxita dagoenean, ‘As time goes by’ berriro jotzeko eskatzen dio Rickek Sami. Oraingoan dena ilun dago, Rick bakarrik dago, norbaiten zain. Paris gogoratzen du. Ahaztu ezin dezakeen hori gogoratzen du. Itxita zegoen zauria berriro ireki da. Klasikoa.

Estekak: Azpitituluak euskaraz 

18/11/12

'Skyfall' (2012) - Zauritutako heroia


(!) Oscar sariak 2013: 5 izendapen lortu ditu 'Skyfall' pelikulak: Argazkigintza onena, Soinu banda onena, Abesti onena, Soinu onena eta Soinu efektu  onenak.

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

James Bonden pelikulek 50 urte betetzen dituzte aurten, eta urteurrena ospatzeko, Ian Flemingek idatzitako istorioetan oinarritutako espioiaren inguruko pelikula berria estreinatu dute: Skyfall. Bond agentearen hogeita hirugarren pelikula zuzentzeko ardura Sam Mendesek hartu du. Protagonista Daniel Craig aktore ingelesa dugu berriro ere (James Bond agentea gorpuzten duen hirugarren pelikula da hau).

Skyfall pelikulan zauritutako heroiaren definizio berriarekin topo egiten dugu, Christopher Nolanek zuzendutako Batmanen trilogiaren influentzia agerian utziz. ‘Skyfall’en James Bond, eraldatu eta berpiztu batekin topo egiten dugu. 'Skyfall' espioiari buruzko pelikulen artean zirraragarrienetako bat da, baita hunkigarrienetako bat ere. ‘Bond, James Bond’ jaunaren arerio nagusiena bera izango da. Ondo zuzendutako pelikula da, aktoreen lana ona da eta generoaren zaleentzat gomendagarria da oso.

9/11/12

'The Impossible' (2012) - Biziraupena


(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'The Impossible' pelikulak: Emakumezko aktore onena (Naomi Watts)

Pelikula estreinatu zutenean sare sozial nagusietan tendentzia bihurtu zen; egunero pelikularen kritika onak irakurtzeko aukera genuen Twitterren, publikoaren iritziak, publikoaren zorabioak, pelikula hasi eta ordu erdira zine-aretoa utzi zuen jendearen iruzkinak…

Kritikaren eta publikoaren harrera ona ikusi ondoren, pelikula itzela izateko aukera handiak zirela pentsatu nuen, eta hori, beti arazo bat izan ohi da. ‘The Impossible’k izan duen marketin kanpaina itzela izan da, eta ekoizle askok desiratzen duten gauza bat lortu du pelikulak: ahoz ahozko publizitatea.