Jesse eta Céline elkar ezagutu ziren egun hartatik jada
hamazortzi urte igaro dira. Ze azkar igarotzen den denbora… Jesse eta Céline
dira maitasuna, erlazioak, oro har, bizitzaren nondik norakoak oinarritzat
hartzen duen trilogia bikain honen protagonista bakarrak. Richard Linklater
dugu hiru pelikulen zuzendaria, eta Ethan Hawke eta Julie Delpy pantaila handia
konplizitate eta kimikaz betetzen duten bi aktore protagonistak (euren lana oso
ona da). Hawke eta Delpy proiektuan guztiz inplikatu ziren eta bigarren eta
hirugarren pelikula honen gidoian parte hartu dute.
‘Before midnight’
pelikularen xarma hobeto ulertzeko eta baloratzeko ezinbestekoa da aurreko
bi pelikulak ikusita izatea. Hori dela eta, trilogiaren azken atala baloratzen
hasi aurretik, ‘Before sunrise’ eta ‘Before sunset’ pelikulen laburpen txiki
bat egitea merezi duela uste dut. Hiru pelikulen egitura, oinarrian, parekoa
da: protagonisten arteko etengabeko elkarrizketak eta iraupen luzeko plano
finkoak; baina maitasun eta erlazioen inguruan ematen diguten ikuspegia ez da
berdina. Beraz, sentitzen dut, baina kritika honek trilogiari buruzko
spoilerrak ditu.