Mostrando entradas con la etiqueta Tom Hooper. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Tom Hooper. Mostrar todas las entradas

3/1/13

'Les Miserables' (2012) - Indibiduoaren ezinegona eta herriaren iraultza


les-miserables-hugh-jackman

(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Les Miserables'ek: Pelikula, Gizonezko aktore onena (Hugh Jackman), Emakumezko bigarren aktore onena (Anne Hathaway), Abesti onena, Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Makilaje onena eta Soinu onena.

Gogo itzelak nituen ‘Les Miserables’ musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko, hainbat arrazoiengatik: musikalak gustuko ditut eta ‘Les Miserables’ mitikoenetako bat da, bildu duten aktore taldea bikaina delako, eta horiek pelikulan zuzenean abestearen aldeko apustua egin dutelako (ohiko ‘playback’-a alde batera utziz). Victor Hugok idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako musikalaren moldaketa zinematografikoa pelikula ona iruditu zait.  XIX. mendean girotuta egon arren, iraultzaileek zabaltzen duten mezua gaur egun gizarteak, herriak, zabaltzen ari denaren antzekoa da (zoritxarrez).

Tom Hooper (The King’s Speech) dugu drama honen zuzendaria. ‘Les Miserables’ musikala eta operaren arteko mugan kokatzen da, berez abestu gabeko uneak ia existitzen ez direlako. Nahiz eta erredundantea irudi, guztiz abestutako pelikula da (generoaren baitan pelikula guztiek ez dute erabaki horren alde egiten).

Aktoreak guztiz inplikatu dira, eta bere lana, salbuespenak salbuespen, benetan ona da. Emozio eta dramatikotasun handiarekin interpretatzen dituzte abestiak. Horregatik erraza da euren mina, askatasun grina edota barkamen beharra identifikatzea edo sinestea. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.

25/9/12

'Les Miserables' (2012) - Trailerra eta poster berria

Tom Hooperrek zuzendu duen 'Les Miserables' musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko gogo handiak ditut. Pixkanaka sarean eduki berriak igotzen doaz, eta horiek sarreratxo batean biltzeko une aproposa dela uste dut.

'Les Miserables'ek kontatzen digun istorioan Javert (Russell Crowe) polizia gorrotagarria Jean Valjean (Hugh Jackman) preso ohia jarraitzen dabil. Presoa izandakakoak Fantinen (Anne Hathaway) alaba bere kargu hartzea erabitzen duenean, Valjean eta bere ingurukoen bizitza erabat aldatuko da. IMDBren arabera, pelikula abenduaren 28an estreinatuko da.

Pelikularen lehenengo trailerrean, Fantine da protagonista eta musikalaren abesti ezagunenetako bat abesten ikusten dugu: 'I dreamed a dream'. Trailerrarekin Anne Hathaway Oscar Sarien kinieletan egongo dela aurreikusteko nahiko da.



Duela gutxi, trailerraren luzapen bat igo dute sarera, horretan, pelikularen protagonisten iruzkinak entzuteaz aparte, musikak pelikulan zein tratamendu izango duen azaltzen dute. Eszenetan zuzenean abesten dute aktoreek, abestien hunkigarritasunaren mesedetan. Eszenak grabatu bitartean, piano baten soinuaz lagunduta abestu zuten aktoreek, gero post-produkzioan orkestra gehitu dute. Bideoan argi eta garbi azaltzen dute.

9/7/12

'The King's Speech' (2010) - Irrigarri geratzearen beldurra

Ingalaterra, 1936. Edward VIIIak erregetza boluntarioki utzi ostean, Yorkeko dukea errege izendatzen dute. Benetako gertaera bat da pelikularen oinarria. Tom Hooper zuzendariak Britainia Handiko historiaren une konkretu  bat erakusten digu. 'The King's Speech' Hollywoodeko filmen kutsua duen film britainiarra dugu  Akademikoek gustuko duten horietakoak.

George VIak dikzio arazoak zituen, totela zen. Dikzio arazo horren ondorioz, ingurukoek gutxiesten zuten. Erregeak jende aurrean irrigarri geratzearen beldur zen. Monarka gisa, bere zeregin garrantzitsuena, edota, bere betebehar bakarra, diskurtsoak ematea zen. Hura izan zen George VIak antzeztu zuen paper adierazgarriena, "aktore" bihurtu zen eta Bigarren Mundu Gerraren sinbolo. Dikzio arazoa konpontzeko helburuarekin, emaztearekin batera zenbait logopedengana jo zuten, Lionel Loguerekin topo egin zuten arte. Horren metodo bitxiek errege izan nahi ez zuen dukearen dikzioa hobetzen lagunduko zuten.



'Bertie' inurri bat bezala sentitzen zen. Alboan zituen horiek zirikatzen zuten, alde batera uzten zuten errege ona izateko gaitasunik ez zuela pentsatzen zutelako. Adibidez, bada eszena bat non plano "pikatu" adierazgarri bat ikusten dugun: 'Bertie' parlamentuaren aurrean aurkezten den eszena. Ikuspuntu horrek 'Bertie' parlamentuko kideen aurrean txikiagotzen dute, horren aurrean zer esaterik ez duela adieraziz. Pelikularen lokalizazio zabalek efektu hori indartzen dute ere.

Filmak 'Bertie'k bere beldurrak nola gainditzen dituen erakusteaz aparte, monarkia antzerki gisa erakusten du. Hau da, XX. mende hasierako monarkiek boterea nabarmen galdu zuten. Aginte indarrik gabe, herritarren aurrean "antzeztera" mugatzen ziren, eta George VIak bazekien 'aktore' hutsa zela. Erregeak beraz, antzezten ikasi behar zuen bere eginbeharrak betetzeko, beldur zion horri aurre egiteko.

Tom Hooperrek apustu segurua egiten du pelikularekin, ez du gehiegi arriskatzen. Egitura klasikoa duen istorioa kontatzen du. Horregatik, nahiz eta errealizazio perfektua duen pelikula izan, balio handiegia eman diotela pentsatzen dut. Aktoreen lana bikaina da, batez ere Colin Firthena (Oscar saria irabazi zuen). Hooperrek ez ditu klitxe melodramatikorik erakusten, historiako une bat erakustera mugatzen da, non errege batek gehien beldurtzen zion horri aurre egin behar izan zion: herriaren ahots bihurtzeari. Pelikula ona.

Azpitituluak euskaraz: The King's Speech