19/2/13
'Amour' (2012) - Maitasuna eta zahartzaroa
(!) Oscar sariak 2013: 5 izendapen lortu ditu 'Amour' pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari onena, Emakumezkoen aktore onena, Atzerriko hizkuntzan egindako pelikula onena eta Gidoi onena.
Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
Michael Haneke zuzendariaren filmografian murgiltzerako orduan, ikusleak sufrimendurako prest egon behar du; zuzendariak gizakien alde ilunena edo perbertsoena erakutsi ohi duelako. 'Amour' pelikulan, aldiz, zuzendariak bere aurpegi gizatiarrena ageri du. Harritu nau.
'Amour' filmean Michael Hanekek maitasuna, zahartzaroa eta heriotzaren inguruko kronika egiten du, emaitza bitxia lortuz. Pelikula hotza eta hurbila da aldi berean. Kolpatzen dizu bai, baina irribarreren bat ateratzen dizu zenbaitetan. Guzti hori tokiz kanpoko sentimentalismorik gabe. 'Amour' pelikula hurbila, egiazkoa eta bizitza bera bezain gordina den istorio bat ikusten dugu.
12/2/13
'The perks of being a wallflower' (2012) - Heroiak izan gaitezke
‘The perks of being a wallflower’ sorpresa atsegina izan da. Izugarri gustatu zait eta espero nuen baino gehiago hunkitu nau pelikulak. Erraza da istorioarekin konektatzea, eta pertsonaiekin une batean ala bestean identifikatzea. Pelikularen soinu banda itzelak aipamen berezi bat merezi du. Batzuentzat beste “teen movie” bat izan daiteke, baina drama hau berezia iruditu zait. Askorentzat pelikulak “kultu pelikula” bihurtzeko potentziala du.
Charlie (Logan Lerman) pelikularen protagonista da. Gazte lotsati, barnerakoia, bakartia… “marjinatu” bat. Ingurukoen zoriontasuna bere zoriontasun propioaren aurrean jartzen du Charliek. Bere lagun minaren suizidioaren ondoren, Charlie deprimitu eta gaixotu zen. Baina bere gaixotasunaren jatorrian, beste zerbait dago.
Charliek gutunak idazten ditu, ez dakigu zehazki nori zuzenduta dauden, baina bere sentimenduak “askatzeko” modu bat da. Orain bakarrik dago, zerotik hasi behar da. Ikasturte berria bere identitatea definitzeko eta iraganeko mina gainditzeko une aproposa da. Charliek Sam (Emma Watson) eta Patrick (Erza Miller) ezagutuko ditu institutuan, azken urteko bi ikasle. Samek eta Patrickek “moldatu gabeko pertsonen” taldearen kide izatera gustura gonbidatuko dute.
8/2/13
'Beasts of the Southern wild' (2012) - Hushpuppyren istorioa
Erlazionatutako edukia: Oscar sariak 2013, Azpitituluak euskaraz
'Beasts of the southern wild' biziraupen istorio polit bat da eta Benh Zeitlin zuzendariaren lehen film luzea. Oscar sarietarako 4 izendapen lortu ditu pelikulak, guztiak kategoria garrantzitsuenetan. Hushpuppy (Quvenzhané Wallis) pelikula bitxi honen protagonista da. Ama galdu du eta aitarekin bizi da orain. Euren arteko harremana ez da ona, etengabe eztabaidan dabiltza, bananduta bizi dira... maitasun-gorrotoan oinarritzen da euren erlazioa. Aita gainera alkoholikoa da eta izaera bortitza du. Badirudi alabari zerbaiten errua leporatzen diola, baina ez dugu "zerbait" horren berri. Ahal duten bezala bizirauten dute, eta bizi baldintzak nahiko txarrak izan arren, euren bizitokia uzteko ez daude prest. Hushpuppyk bere istorio "magikoa" narratzen digu, animaliak, landareak, iceberg zein pertsonak unibertsoaren ezinbesteko piezak izatearen arrazoia azalduko digun istorioa.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)