29/10/12

'Network' (1976) - Howard Bealen amorrua


Noraino heldu daiteke telebistak duen boterea? Etika eta moralak ba al dute tokirik industrian? Edo, audientzia lortzeagatik edozer egitea zilegia da? Telebista ikusiz gero, egunero plantea ditzakegun galdera dira horiek. 70ko hamarkadaren amaieran, 'Network' pelikulak ere planteatu zituen. Sidney Lumetek zuzendutako peikula muturreraino eramandako satira dugu.

Audientziak agintzen du, telebistak du kontrola. Ekoizle eta zuzendariek edozein gauza emititzeko kapaz dira, helburua: eduki ikusiena izatea. Gaur egun (ala agian betidanik?), sexuak, morboak, goreak, eta biolentziak ikusle kopuru esanguratsu baten arreta erraz deitzen dute. Morboak audientzia erakartzen du, eta ekoizleek hori badakite, ez nabil gauza berririk esaten.

Urte asko daramatza Howard Bealek (Peter Finch) gaueko albistegiak aurkezten, baina audientziaren jaitsiera dela eta, bere jardunaren jarraikortasuna zalantzan jartzen dute ekoizleek. Gau batean, albistegietan zuzenean bere buruaz beste egingo duela esatean, Howardek, ustekabean harrapatuko ditu audientzia eta lankideak. Noski, bere zuzeneko heriotza iragarri ostean, audientziak ikarragarri gora egiten du eta Howard nazio mailako albiste bihurtzen da.

28/10/12

'Argo' (2012) - Ben Affleckek zuzendutako erreskatea


(!) Oscar Sariak 2013: 'Argo'-k 7 izendapen lortu ditu: Pelikula onena, Gizonezko bigarren aktore onena (Alan Arkin), Moldatutako gidoi onena, Muntaketa onena, Soinu banda onena, Soinu onena eta Soinu efektu onenak.

Thrillerra, intriga, akzioa, drama, komedia... asko dira 'Argo'n ageri diren genero zinematografikoak. Ben Affleckek zuzendutako hirugarren film luzea dugu 'Argo'. Aktore-zuzendariak  pelikulan era koherente eta eraginkorrean nahasten ditu aipatutako genero horiek, eta kontuan hartzeko zuzendaria dela argi eta garbi uzten digu berriz ere. Zuzendaritzan aurkitu du Ben Affleckek bere tokia, eta ez du batere gaizki egiten.

1979an, CIAk Kanadako gobernuaren laguntzarekin, Iranen erreskate-operazio bat aurrera eraman zuten. AEBek Teheranen zuten enbaxadan iraniar talde batek okupatu zuen. Bertan zeuden langile gehienak atxilotu zituzten iraniarrek, sei izan ezik. Sei pertsonek enbaxadatik ihes egitea lortu zuten, eta kanadarren enbaxadara hurbildu ziren babes eske. Hala ere, ihes egitearen ideia ez zen hasiera batean pentsatu zuten bezain ona izan. Sei pertsona horien ihesaldiaren berri dutenean, espioiak izatea leporatu zieten iraniarrek, hau da, sei estatubatuar  horiek aurkitzekotan, seguruenik, hilko zituzten. Iheslariak, "gonbidatuak" izatera igaro ziren. 

26/10/12

'Thank you for smoking' (2005) - Maltzurren defendatzailea


‘Thank you for smoking’ Jason Reitmanek zuzendutako lehen film luzea da. Komedia edo satira honek sektore guztiak kritikatzen ditu. ‘Thank you for smoking’ Christopher Buckleyk idatzitako eleberrian oinarritzen da pelikula. Oro har, tabakoaren industriaren lobbyak, alkohola, armak, gobernua, kapitalismoa eta amerikar gizartearen itxurazko puritanismoa kritikatzen ditu pelikulak. Enpresa erraldoientzat, hiritarrak, pertsonak, zenbaki eta datu hutsalak baino ez dira, maneia ditzaketen datuak. Gainera, sektoreen arteko lehiaketa antzeko bat sortu dela dirudi: nor izango da ondorio latz gehien eragingo dituen enpresak?

Negozioak egiterako orduan, denak balio du. Moral bikoitza izatea arrakasta lortzeko giltzarria da, gezurra eta eroskeria, elkarrizketarako bidea. Egoera horren aurrean soilik bi aukera ditugu: bata, sistemaren kontra egitea; bestea, sistema horretatik onurak ateratzea. Azken hori da Nick Naylorrek, komedia beltz honen protagonistak, egiten duena.

23/10/12

'Looper' (2012) - Oraina, etorkizuna, "buklea" eta fundatzailea


Kritika honek spoilerrak ditu. Ikusle askoren ustetan, ‘Looper’ pelikula zientzia-fikzio generoaren klasiko bihurtzeko sortu da, ‘Blade Runner’ Ridley Scottek zuzendutako maisu-lanarekin konparatu dute batzuek (gehiegizkoa iruditzen zait konparaketa hori). ‘Looper’ entretenigarria da, konplexua, maneiatzeko erraza ez den gidoi bat du pelikulak. Pelikulak planteatzen duen dinamikan, labirinto zirkularrean, behin sartuta (pelikularen protagonistak behin baino gehiagotan azaltzen du Looper baten lana eta denbora-bidaien nondik norakoak), ez dago arazorik. Pelikula akzioa eta thrillerra nahasten ditu, zine beltzaren zenbait elementu antzeman ditzakegu ere, adibidez: galduta dagoen heroia, zaurituta dagoena. ‘Looper’ ez da entretenimendu hutsa, Looper askoz gehiago da.

Looper pelikulan orainak eta etorkizunak talka egiten dute. Oraina 2044.urtean kokatzen da; etorkizuna, aldiz, 2074an. Istorioaren protagonista Joe da, ‘Looper’ bat, hiltzaile bat. Horren ardura, etorkizunetik orainera bidaltzen dizkioten biktimak hiltzea da. 2074an denbora-bidaiak asmatu zituzten, baina sortu eta berehala ilegalizatu zituzten. Orain soilik mafiek erabiltzen dituzte euren biktimak iraganera bidaltzeko eta horien arrasto oro ezabatzeko. Bertan, 2044ean , erlojua eta arma kargatuta eskuartean dituela, zain dago Joe. Biktimak ailegatu eta berehala, ondo-ondotik tirokatzen ditu Joek. Hori da Looper baten egitekoa, “etorkizuneko zaborra garbitzea”. Dena okertu egingo da Joek jasotzen duen bidalketa bera dela ikusten duenean (“etorkizuneko Joe”). Bere buklea ixteko unea heldu da. Nolabait bere burua hiltzeko ardura izateaz aparte, desberdintasun txiki bat dago: biktimak beti eskuak lotuta eta burua estalita dute, baina oraingoan ez. 2074ko Joek, eskuak aske ditu eta aurpegia agerian du. Horretarako arrazoi bat dago.

19/10/12

'Big Fish' (2003) - Edward Bloomen bizitza



Baliteke, ‘Big Fish’ Tim Burtonek zuzendutako azken pelikulen artean gehien gustatu zaidana izatea, benetan hunkitu nauen bakarra (eta 2003koa da!!).  Esan beharra dago: azken urteotan nahiko irregularra izan da zuzendariaren filmografia. ‘Big Fish’en istorio eder batekin topo egiten dugu, narrazio magikoa, pertsonai atseginak, maitasuna, drama… Pelikularen gakoa errealitatea eta fikzioaren arteko muga etengabe zeharkatzean dago. Gainera, istoriotxoak eta narratzaileak nahastuta, narrazioaren artea aldarrikatzen du Burtonek pelikula eder honekin.

‘Big Fish’ pelikula Burtonen estetikaren ikusizko elementu identifikagarri batetik urruntzen da apurtxo bat: iluntasuna. Baina, ez guztiz. ‘Big Fish’ argiz, bizitzaz, maitasunaz, oro har, magiaz betetako pelikula da. Kontran, pelikularen gaia ilunagoa da: Edward Bloomen helburuetako bat heriotzarekin lotuta dagoelako (hilezkortasuna).

16/10/12

'Grease' (1978) - You're the only one that I want


'Grease' musikala berriro ikusi dut, musikal ona dela pentsatzen dut, erraz ikusten den pelikula da: dibertigarria, alaia, denboraren igarotzea nahiko ondo jasan du eta soinu banda ezinhobea da (ba al da pelikularen abestiak ezagutzen ez dituen norbait?).  'Grease' pelikularen oinarria sinplea da: mutil (itxuraz) inozentea neska zintzoa ezagutzen du udan  eta maitasun istorio ederrena bizitzen dute. Danny Zuko eta Sandra Olson, kasualitatez, institutuan berriro elkartuko dira. Hala ere, gauzak asko aldatu dira, ez dira udan bezain "idilikoak": Danny Zuko mutil ezagun, bihurri eta harroputza da, institutuan ez dago Sandyk udan ezagutu zuen mutil zintzoaren arrastrorik. Maitasuna ala popularitatea? Hori da pelikularen protagonisten, Danny eta Sandyren, dilema.

'Grease' musikal zinematografikoen eta nerabe edo "teen movie" deritzonaren erreferente bihurtu zen. Pelikula erraz identifikatzen den  "marka" bat da: soinu banda, pertsonaiak, estilismoa, pertsona orok ezagutzen ditugun koreografiak...  'Grease' estreinatu zutenean, ordura arte zinemaren historian diru gehiago irabazi zuen hirugarren pelikula bihurtu zen (soilik 'Jaws' eta 'Star Wars'en atzetik). Pelikulak ez nau aspertzen, klasiko bat da. Hona hemen pelikularen inguruko zenbait bitxikeria:

7/10/12

Kiss of the Spider Woman (1985) - Molina, Arregui eta askatasuna



Urteak igaro dira pelikula hau lehen aldiz gomendatu zidatenetik. William Hurt eta Raul Julia dira ‘Kiss of the spider woman’ dramaren protagonistak. Gomendatu zidatenean, pelikula bilatzen hasi nintzen baina ez nuen emaitzarik lortu, oraindik ez zegoen salmentan. Pelikula ikusteko aukerarik ez nuenez, Manuel Puig idatzitako eta pelikularen oinarri den liburua irakurtzea erabaki nuen. Liburua irakurri eta pare bat urte geroago, kasualitatez, pelikula telebistan eman zuten, kalitatea onena ez zen arren, azkenean, ikusi nuen. 

Orain bilaketa “zinefilo” honekin amaitu dut, pelikula Blu-Rayn aurkitu dudalako. Istoriotxo pertsonal honen ondoren, FilmAffinity orrialdean idatzitako kritika nire gune “zinefilora” mugitzeko unea dela pentsatu dut.

‘Kiss of the spider woman’ moldaketa zinematografikoan kartzela gela partekatzen duten bi presoen erlazioan oinarritzen da: batetik Luis Molina (Oscar saria irabazi zuen William Hurtek), homosexual da eta adingabeko galbideratzea leporatuta atxilotu dute; bestetik Valetin Arregui (Raul Julia) dugu, preso politikoa. Molina eta Arregui dira istorioaren zutabeak. Talka egiten duten pertsonaiak dira, balore desberdinak defendatzen dituzte, hala ere, bestearen baloreak errespetatzen ikasiko dute.

Arreguik norbanakoaren askatasuna aukeratzen du existentziaren motor gisa, Molinak aldiz, maitasuna. Errealitatetik ihes egiteko, Molinak 30.hamarkadko zine naziaren istorioak kontatu eta antzezten dizkio Arreguiri.

3/10/12

'Crouching Tiger, Hidden Dragon' (2000) - Borroka komunikazio forma gisa


Wo hu cang long da filmaren jatorrizko izenburua. 2000.urtean mendebaldeko audientziaren arreta deitu zuen Ang Leeren pelikulak. Gainera, Oscar sarietan 10 izendapen lortu eta 4 sari irabazi zituen. Borroka-arteen pelikulei dagokionez, Wo hu cang long berritzailea izan zen (gutxienez mendebaldeko publikoarentzat). Borroka eszenak era bikainean landuta daude, indar handia dute eta ez dira kolpeak ematera mugatzen. Bi pertsonen arteko borroka komunikazio bide gisa azaltzen da Ang Leeren pelikulan, bi lehiakideen arteko elkarrizketa bat balitz bezala, non begiradek eta kolpeek bestearen izaera hobeto ezagutzeko balio duten.

Urteak igaro ditu meditatzen borroka-arteetan aditua den Li Mu Baik. Bere lagun minenari "Ezpata Zerutarra" emangio dio herentzian. Bestetik, Yu Sha laguna eta emakume borrokalari boteretsuari ezpata entregatu arte hori babesteko eskatuko dio. Li Mu Bai eta Yu Sha sekretuki maiteminduta daude; baina euren sentimenduak aitortzeko ez dira gai, beti bakea eta meditazioari eman diote lehentasuna. Bidean, gobernadorearen alaba gaztearekin topo egingo dute, Jen Yurekin. Jen Yu emakume borrokalaria da eta ez dago inposatu dioten patua onartzeko prest, nolabait, Jen Yu, Yu Sha gazte baten isla da.