27/11/13

'Brief encounter' (1945)


Keinu sinple bat


Erlazionatutako edukia: 'Lawrence of Arabia' (1962)

Bizitza arrunt bat bizi dezakezu, egunero errutina berbera jarraituz: lanera joan, inguruan dituzun horiek zaindu… Gorabeherarik gabeko bizitza bat, non zoriontsu ez izateko aitzakia posiblerik ez dagoen. Baina, zer egingo zenuke, ezkonduta egon arren, beste pertsona batez erakarrita sentitzen bazara?

‘Brief encounter’ zine britaniarraren ale ederra da. David Leanek zuzendutako pelikula da. Pelikularen protagonistak Laura Jesson (Celia Johnson) eta Alec Halvey (Trevor Howard) dira. Laura ezkonduta egon arren, Alec Halveyz doktoreaz maiteminduko da (medikua ezkonduta dago ere). Biek bizitza egonkor bat dute, baina kasualitatez tren geltokiko tabernan topo egingo dute. Bien artean adiskidetasun polit bat sortuko da, baina pixkanaka adiskidetasun hori maitasun istorio debekatu batean bilakatuko da.

21/11/13

'Persona' (1966)


Kontzientzia eta identitatea


Ingmar Bergman zuzendari pertsonala dela esan genezake. Bere pelikuletan zeharka bada ere bere bizitza erakusten digu, berarentzat esanguratsuak izan ziren gertaera biografikoak, modu horretan bere izaera erakutsiz (“autobiografikoa naiz, noski” baieztatu zuen noizbait zuzendari suediarrak).

‘Persona’ pelikula zuzendariak ospitale batetan izandako esperientziarekin lotuta dago. Bergmanek ia sei ordu eman zituen konorterik gabe anestesiaren efektua zela eta. Denbora horretan, Bergman ez zen erreala zena eta ez zena desberdintzeko gai. Existentzia eta existentzia ezaren arteko sentsazio hori, kontzientzia eta kontzientzia ezaren artekoa zoragarria izan zen zuzendariarentzat. Zuzendariak, sentimendu horretan inspiratuta pelikula bikain eta konplexu hau egin zuen.

18/11/13

'Blue Jasmine' (2013)


Jasminen krisia


Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'

* Kritikak spoilerrak izan ditzake

Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak  pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen ditu, komedia eta drama nahastuz.

Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi zituen Halekin (Alec Baldwin) ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean, harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu. Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du hondoa jo?

14/11/13

'Take Shelter' (2011)


Beldurra


Erlazionatutako edukia: 'Mud

‘Mud’ pelikula zineman ikusi nuenean istorioarekin, formarekin eta Jeff Nicholsen zuzendaritza lanarekin harrituta geratu nintzen. Nire interesa piztu zuen zuzendariak, eta bere (gaur arte) filmografia eskasa ikustea erabaki nuen. ‘Take Shelter’ zuzendari estatubatuarrak egindako bigarren pelikula da. Kritikaren laudorioak jaso zituen pelikulak.

Michael Shannon, zuzendariaren aktore fetitxea, Curtis LaForche da: estatubatuar langile arrunt bat. Curtis Ohioko herrixka batean bizi da emaztea (Jessica Chastain) eta alabarekin batera. Curtisek amets gaiztoak izan ditu ia gauero, amets horietan ekaitz beldurgarri baten mehatxua sentitzen du. Hasieran amets bat baino ez dena, amaieran ezinegon sentsazio konstante bat izango da, ezin izango du lorik egin. Curtisentzat ametsak errealak izango balira bezala bizi ditu, mina sentitzen du. Pixkanaka ametsa eta errealitatea nahasten hasiko da. Protagonistak naturan jokabide arraroak ikusiko ditu, beldurra sentituko du. Bere familia babestea lehentasuna duen helburua izango da.


11/11/13

'Kiss me, stupid' (1964)


Rol aldaketa


Erlazionatutako edukia: Billy Wilder - monografikoa

Billy Wilderren filmografiarekin jarraituz, zuzendariaren beste komedietako bat aztertuko dugu: ‘Kiss me, stupid’, baliteke komedia oso ezaguna ez izatea, baina ikustaldi bat merezi du. Erritmo bikaina duen pelikula da, entretenigarria da. Gag komikoak bata bestearen atzetik azaltzen dira, atsedenik eman gabe. Pelikularen protagonistak muturrekoak dira, karikaturatik gertu daudela esan dezakegu arazorik gabe. ‘Kiss me, stupid’ Billy Wilder eta I.A.L Diamond gidoilariaren arteko kolaborazio bat da, eta hori komedia egiteko eran antzeman dezakegu: landutako gidoia eta erritmoa izango dira elementu garrantzitsuenak.

Orville (Ray Walston) piano irakasle bat da, arrakastarik gabeko gizona. Emaztea, Zelda (Felicia Farr), Climax herriko emakumeen artean ederrena da. Orville eguna ematen du piano klaseak eta bere adiskide Barneyrekin (Cliff Osmond) batera abestiak konposatzen. Barney herriko gasolindegiaren arduraduna da. Amets berbera dute biek: eurek konposatutako abesti bat saltzea, eta horri esker arrakasta itzela lortzea. Hamarnaka gutun bidali dizkiete abeslari ospetsuei, baina ez dute inoiz erantzunik jaso. Egun batean, kasualitatez, Dean Martin bera gasolindegian geldituko da autoaren depositua betetzera.

6/11/13

'Incendies' (2010)


Bat gehi bat... bi?



‘Incendies’ kolpatzen zaituen pelikula horietako bat da, bertan ikusitako irudiak eta kontatzen diguten istorio tragikoa ahaztea zaila da. Denis Villeneuve dugu ‘Incendies’ pelikularen zuzendaria. Drama eta intriga nahasten ditu pelikula bikain honetan. Protagonisten bizitzak guztiz aldatuko dituen bidai bat egiten dugu ‘Incendies’en, memorian txertatuta geratuko zaigun bidai bat. Pelikula gogorra, pertsonaia interesgarriekin, eta zuzendaritza lana eta gidoi ona dituena.

Jeanne eta Simon bikiak dira, notario baten eskutik bi gutun jasoko dituzte. Amak azken arnasa gutun horietako testua diktatzen gastatu zuen. Gazteen sorpresarako, hilda zegoela pentsatzen zuten aita eta bere existentziaren berri ez zuten anaia dira gutunen hartzaileak. Beraz, azken desira gisa, gutun horien hartzaileak aurkitzea eskatuko die Jeanne eta Simoni.

4/11/13

'Thor: the dark world' (2013)


Iluntasunaren kontrako borroka


Marvelen unibertsoa, edo ‘The Avengers’-en frankiziak, zinema aretoko pantailak akzioz, abenturaz, entretenimenduz eta komediaz betetzen jarraitzen du. Denontzat ezagunak diren superheroi talde bat: Hulk, Captain America, Iron Man… Batzuk besteak baino erakargarri eta interesgarriagoak, baina batera blockbuster familia handi bat osatzen dutenak. Baliteke kontatzen dituzten abenturetarako superheroi gehiegi izatea; euren abenturek, ia beti, patroi eskema bera jarraitzen dutelako. Hori bai, pelikula hauek lortzen dituzten irabaziak ikusita, hurrengo urteetara begira superheroi pelikula mordo bat izango ditugu ikusgai. Gainera, kasu honetan, ‘The avengers’ pelikularen bigarren atalaren estreinuari begira (2015eko maiatzean), pertsonaiekiko interesa mantentzeko modu on bat da.

Superheroi bakoitzak bere berezitasunak ditu, izaeran zein estetikan; eta hori, pelikulen artean egindako keinu zein erreferentziekin batera, arrakasta izatearen gakoetako bat izan daiteke. Orain, Thoren (Chris Hemsworth) txanda da berriz ere; tximistaren jainkoa ipar mitologian. Ez da gustukoen dudan superheroia, baina ez dago gaizki.